Kutxak partaidetza zorroa handitzen jarraitzen du, Inzu Group osoa eskuratuta

Oinarri teknologikoko 14 enpresa daude Inzu korporazioan, eta 800 bat langile ditu. Kutxa fundazioak 2.095 milioietatik 2.600 milioi euroraino handitu nahi du partaidetza zorroa 2030erako.

Eluska Sukia eta Ander Aizpuru, gaur Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eluska Sukia eta Ander Aizpuru, gaur Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irune Lasa.
2025eko maiatzaren 23a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Jauzi estrategikoa eman du Kutxa fundazioak, eta jakinarazi du Inzu Group osorik erosi duela. «Inzu Group oinarri teknologikoa duten enpresek osatutako taldea da, korporazio teknologiko bat. 2009an, enpresa bakarra zen; gaur, hamalau enpresa dira, eta zentro teknologiko bat daukate». Halaxe aurkeztu du Kutxa fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruak erakundearen azken operazioa, gaur Donostian.

Aizpuruak Inzu Groupen ezaugarrien artean honako hauek azpimarratu ditu: taldearen dinamismoa eta epe luzerako estrategia, eta nola lehenesten duten «ezagutza eta teknologia berriak sortzea eta etorkizun bat irudikatzea lurraldean». Kutxako zuzendari nagusiaren hitzetan, «lortu nahi dugun horren adibide argia dira».

Aurretik, Inzu Groupen %37 zuen Kutxak, baina, orain, korporazioaren %100aren jabe izango da. 800 langiletik gora ditu korporazioak, eta, kapital jabetzari dagokionez, haren partea ez da bera enpresa guztietan, haietako askotan langile talde handi batek partaidetza duelako kapitalean. 

Hamalau enpresa

Hamalau enpresatik zortzi oinarri teknologiko industrialekoak dira: Etxetar, Talens, Gaindu, Gurutzpe, Macarbox, Izadi, Ezarri eta Sisfle. Oinarri digitalekoak dira Titanium, Aingura eta Soc-e, eta jasangarritasunaren arlokoak Gsf, Entzimatiko eta Ekonek. Horiei guztiei batzen zaie Ikergune zentro teknologikoa.

Operazioaren zenbatekorik ez du eman Kutxak. Baina azaldu du Inzu Group erosita Kutxak pauso kualitatiboa eman duela gaitasun teknologiko industriala gehitzeko bere finantza gaitasunari, «etorkizunean Gipuzkoan dauden beste enpresei ere gaitasun horiek eskaintzeko».

Fundazioko zuzendariaren arabera, Kutxaren finantza gaitasun hori sostengua izango da Inzu Groupeko enpresentzat, «epe luzerako proiektuei ekin eta tamaina handiko proiektuei aurre egin ahal izateko».

Eluska Sukia Kutxako inbertsio zuzendariak ere azpimarratu du Kutxak bere partaidetza zorroa aberastu duela: «Eremu teknologiko industrialean gaitasunak dituen tresna batekin osatzen gaitu». Haren ustez, balioko du «lurraldeko enpresei balio handiagoa emateko etorkizunean».

2.600 milioiren helburua

Pausoz pauso, Kutxa fundazioa bere partaidetza zorroa betetzen eta dibertsifikatzen ari da. Aizpuruak berak gogoratu du 2016. urtera arte urte askotan partaidetza bakarra izan zutela: Kutxabanken %32. Orain, Sukiak azaldu duenez, Kutxaren inbertsioak 2.095 milioi eurorenak dira.

Horietatik handiena Kutxabanken partea da: 1.572 milioi euro. Finantza inbertsioetan beste 150 milioi euro ditu Kutxak, eta enpresetako partaidetza, azken operazioa kontuan hartuta, 373 milioi eurorena da. «14.500 lanpostu inguru dira Gipuzkoan», azaldu du Sukiak.

Kutxak inbertsioa handitzeko helburua jarri du: 2.095 milioi horietatik 2.600 milioi euroraino, 2030. urterako. Hala ere, ez dute aditzera eman zer beste partaidetza operazio egiteko asmoa duten. Uvescon inbertitzeari buruz galdetuta, Aizpuruak erantzun du ez dutela enpresa eta proiektu jakin batzuei buruz hitz egiten.

INZU GROUP KORPORAZIOA

Oinarri teknologiko industrialeko arloan, Etxetar, Talens, Gurutzpe eta Macarbox enpresek fabrikazio sistemak, makineria aurreratuak eta teknologia espezializatuak garatzen dituzte nitxo jakin batzuetan, automobilgintza, energia, enbalaje eta industria astuneko sektoreetarako. 

Ezarrik mosaikoak garatzen ditu beira birziklatutik abiatuta; Gaindu espezializatuta dago industria prozesuen automatizazioan; Izadik pieza berezien metalizazio zerbitzuak ematen ditu; eta Sisflek doitasunezko osagai eta multzo mekanikoak garatzen ditu. 

Eremu digitalean, Titanium zibersegurtasun industrialean ari da; Aingurak sistema kritikoen monitorizazioa garatzen du, adimen artifiziala, analitika eta konektibitate industriala erabilita. Soc-e enpresak, berriz, denbora errealeko komunikazio kritikoetarako soluzioak eta produktuak lantzen ditu. 

Eta Inzu Groupeko jasangarritasunaren eremuan, GSFk eta Entzimatikok plastikoaren birziklapenean soluzio berritzaileak garatzen egiten dute lan; Ekonek ingeniaritzak ekonomia zirkularrean dabil, produktu likido eta oretsuak hauts bihurtzeko teknologia garatuz. Ikergune zentro teknologikoa 2008an sortu zen, eta kateko enpresa guztiei eta korporazioari berari ere eskaintzen dizkio zerbitzuak. Laser prozesuen, materialen, robotikaren, adimen artifizialaren, zibersegurtasunaren eta birziklatzearen arloetan ikertzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.