Espainiako Gobernuak jarritako defizitaren mugaren bi aldeetan baina muga horretatik oso gertu geratu ziren iaz Hego Euskal Herriko bi erkidegoak. Mugaren azpitik Nafarroa, Madrilek ezarritako %0,7ko mugari %0,67ko defizitarekin erantzun diolako. Oso gutxirengatik bada ere, mugaren gainetik geratu da Jaurlaritza, %0,71ko desoreka eman baitu.
Espainiako Ogasun Ministerioak atzo zabaldutako datuen arabera, Nafarroak erdira gutxitu du bere kontuen desoreka: 2015ean bere kutxetan sartutakoa baino 256 milioi gehiago gastatu zituen (BPGaren %1,38), eta 128 milioi gehiago gastatu ditu aurten. Ministerioaren datuak ez datoz guztiz bat Nafarroako Ogasunak emandakoekin. Izan ere, Mikel Aranburu kontseilariak otsailean aurreratutako datuek zioten 60,9 milioi euroko defizita izan zuela Nafarroak, BPGaren %0,32.
Ohikoa bilakatu da Madrilek eta Iruñeak zenbaki oso desberdinak ematea. 2015erako %0,85eko datua eman zuen Aranburuk, eta %1,29 zela erantzun zion Cristobal Montoro Ogasun ministroak. UPNren garaietan ere kontabilitatean alde handiak izan ziren.
Zenbakiak zenbaki, defizita murriztea lortu du Nafarroak; Jaurlaritzak, aldiz, kontrako bilakaera izan du. Iaz langatik behera geratu zen erkidego bakarrenetarikoa izan zen, baina aurten defizita igo duen bakarra izan da.2015ean pilatutako 444 milioi euroren defizitari beste 45 milioi gaineratu zizkion iaz, 489 milioira iristeko. 2015ean gutxigatik geratu zen %0,7ko mugatik behera (%0,67), eta iaz gutxigatik geratu zen gora (%0,71).
Zerga bilketa uste baino pattalagoak zeresana izan du Jaurlaritzaren datuetan. Bilketa %7 igoko zela kalkulatuta egin zituzten aurrekontuak, baina urteak aurrera egin ahala ikusi zen kopuru horretatik oso urrun geratuko zela. Urriko Finantzen Euskal Kontseiluan %3,4ra jaitsi zuten hazkundea, baina hori ere ez zuten bete ahal izan, azkenean %2,4 baizik ez zelako hazi.
Nafarroak eta EAEk %0,3ko defizit mugarekin hasi zuten 2016. urtea, baina Madrilek beste lau hamarren utzi zizkien. Eskuzabaltasun horrek badu azalpen bat: Espainiaren lepoa estutzen duen eskuak, Europako Batzordearenak, presio gutxiago egitea erabaki zuen udan, ikusi zuenean Espainiak ezingo zuela %3,8ko muga bete. EBk emandako tarte gehigarriaren zati bat erkidegoei eman zien orduan Madrilek.
Espainia, azkenean
Tarte gehigarri horri esker, Espainia gai izan da aspaldiko partez Bruselarekin hitzartutakoa betetzeko. Defizit publikoa %5,08tik %4,33ra jaistea lortu du; finantza sistemari emandako 2.389 milioi euroko laguntzak batuz gero, %4,54ra iritsi da. Desoreka oso handia da —48.187 milioi euro, Euskal Herri osoko BPGaren erdia edo—, baina, hala ere, 2015ekoa baino 4.600 milioi txikiagoa da.
Bruselak %3,8tik %4,6ra igo zion muga udan, eta laugarrenez luzatu zion defizitaren muga %3tik behera uzteko epea. Isun bat jasotzeko zorian izan zen Espainia, baina, Madrilen gobernurik ez zegoela eta, Batzordea errukitu egin zen.
Lanak eman dizkio Espainiari %4,6tik behera geratzea. Enpresei zergak handitu zizkien, eta ordainketak aurreratzera behartu zituen. Gainera, urteko azken hilabeteetan ministerioen kutxetan geratzen zen dirua ez gastatzeko agindua eman zuen Montorok.
Espainiako Erresumaren defizitaren zatirik handiena administrazio zentralari dagokio, %2,52 hain zuzen ere. Are gehiago, hark egin du ahalegin txikiena, 2015ean %2,59ko defizita pilatu baitzuen. Autonomia erkidegoek, berriz, erdira jaitsi dute defizita: %1,74tik %0,82ra. Kontuak txukuntzeko presio politiko handiena erkidegoek jaso dute, nahiz eta haien esku dagoen gastu sozialaren zati nagusia, hezkuntzaren eta osasunaren bitartez.
Zenbaki kezkagarrienak Gizarte Segurantzak eman ditu, defizita BPGaren %1,22tik %1,62ra hazi baitu. Kotizatzaile kopurua hazi arren, enplegu kaskarren ondorioz askok gutxi kotizatzen dute, eta ez da nahikoa pentsioen gastu gero eta handiagoa konpentsatzeko. Udalek eta beste tokiko erakundeek (foru diputazioak, haien artean) superabitari eutsi zioten (BPGaren %0,64).
Defizitaren muga-mugan
Eusko Jaurlaritzak %0,71ko defizit publikoa izan zuen iaz, eta %0,67koa Nafarroak. Espainiak %0,7ko muga jarri zien. Aspaldiko partez, Espainia gai izan da Bruselarekin hitzartutakoa betetzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu