Deforestazioaren legea beste urtebetez atzeratzearen alde bozkatu du Europako Parlamentuak

Urrian iragarri zuten azkenean aurtengo abenduaren 30ean sartuko zela indarrean, baina eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek ez dute babestu; 2026aren amaieran indarrean sartzea hobetsi dute.

deforestazioa
Baso soildu baten artxiboko irudia.
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 26a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inork ez daki oraindik noiz sartuko den indarrean Europako Batasuneko deforestazioaren legea. Ezta komunitateko agintariek ere. Aurreko legealdian onartu zuten legea, eta, izatez, jada indarrean egon behar luke, baina behin eta berriro atzeratzen ari dira lege hori indarrean sartzeko eguna. Ia urtebete egingo du Europako Batzorde berriak, eta aurreko legealdiko batzordean baino ordezkari eskuindar gehiago egotea eragina izaten ari da klima politiketan. 2024aren amaieran behar zuen indarrean deforestazio legeak, baina bi aldiz onartu zuten atzeratzea, 2026ko abenduaren 30era. Urriaren amaieran, hala ere, bazirudien aurtengo abenduaren 30ean sartu behar zuela indarrean, baina gaur Europako Parlamentuak ez du halakorik babestu, eta indarrean sartzeko data 2026aren amaieran mantentzearen alde bozkatu dute.

Izan ere, Europako Batasunean zabaltzen ari da klima politikek enpresen lehiakortasuna mugatzen duten ustea, batez ere estamentu guztietan —Europako Batzordean, Europako Parlamentuan eta Europako Kontseiluan— alderdi eskuindarretako eta ultraeskuindarretako ordezkari gero eta gehiago dituztelako. Lege honekin hori pasatzen da, eta agintari askok uste dute enpresek denbora gehiago behar dutela araudi berri hori ondo bete ahal izateko.

Eta badirudi azkenean hala geratuko dela legearen indarraldia hasteko eguna, Europako Batzordeak ere data horren alde egin baitzuen.

Eraginpeko lehengaiak

Lege hori indarrean jarritakoan, Europara hainbat jaki inportatzen dituzten enpresek ziurtatu egin beharko dute jaki horiek ekoizteko erabilitako lurrak ez zirela basoak 2020. urtea baino lehen; horren bidez, EBk eragotzi egin nahi du Europan kontsumitzen diren jakiek basoen soiltzea bultzatzea. Izan ere, Europako Batzordeak emandako datuen arabera, 1990. urtetik 2020. urtera Europako Batasuneko herrialdeek hartzen duten azalera adina baso galdu zen munduan, eta horren %10 Europaren kontsumoagatik gertatu zen.

Abeltzaintza produktuei, kakaoari, kafeari, palma olioari, sojari, egurrari eta kautxuari eragiten die legeak, baita lehengai horien deribatu batzuei ere: larrua, txokolatea, altzariak... Enpresek geolokalizazio sistemen bidez bermatu behar dute produktu horiek ez direla berriki soildutako basoetatik atera. Antza, hain justu txosten horiek jartzeko sistema informatikoetan izan dituzte arazoak; horregatik nahi zuten legea indarrean sartzeko data atzeratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.