Diesela, inflazioaren motorra

Gerrek murriztu egin dituzte Errusiaren eta Persiar golkoko herrialdeen gasolio esportazioak. Beste findegiak betetzen ari dira haien lekua, eta upel bakoitzeko etekina handitu dute.

Dieselaren prezioa, Kaliforniako gasolindegi batean. CHRIS TORRES / EFE
Dieselaren prezioa, Kaliforniako gasolindegi batean. CHRIS TORRES / EFE
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 15a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erregaia da gaur egun inflazioaren eragile nagusia, inflazioaren motorra, nolabait esateko. Ormuzko gerra hasi zenetik astelehenera arte, 40 zentimo garestitu da gasolina litroa Euskal Herrian, eta 41 zentimo, berriz, gasolioarena. Proportzionalki, %27 eta %28. Huskeria da bien arteko aldea, baina datu desitxuratua da hori, erregai batek eta besteak Hego Euskal Herrian duten deskontuaren ondorio baita.

Irailean, Espainiako Gobernuak bost zentimoko deskontua egiten du gasolinaren gaineko zergan, baina hogeikoa da beherapen hori gasolioan. Hau da, gutxi gorabehera 45 zentimo garestitu da benetan gasolina, eta 60 diesela. 

Zergatik dago alde hori? Esaldi bakarrean laburtuta, gasolio eskasia handiagoa delako gasolinarena baino. Arrazoi historikoak daude eskasia horren atzean —findegi gutxiago daude egokituta diesela eta haren moduko eratorriak ekoizteko—, baina, neurri handi batean, bi gerren ondorio da. Izan ere, munduak kontsumitzen duen gasolioaren parte bat Errusiatik eta Persiar golkotik zetorren, baina iturri hori erdi itxita dago.

Frontean Errusiaren soldadu kopuruari aurre egitea oso zaila dela jakitun, Ukrainak erabaki du hobe duela Errusiaren ekonomia ahal bezainbeste hondatzea, haren borrokarako grina baretzeko. Droneen bitartez bonbardatu ditu Errusiaren findegiak eta biltegiak, eta horri esker lortu dute findegien jarduna oztopatzea. Eraso horiek autoaren depositua betetzeko ilara luzeak eragiten ari da Errusian, baina handik kanpo ere antzematen da, gerraren aurretik Errusia diesel esportatzaile handia baitzen.

Saudi Arabiaren eta haren auzoen kasuan, Iranen erasoak izan dira esportazioak amildu izanaren eragileak. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren txosten baten arabera, abuztuan 390.000 gasolio upel esportatu zituzten golkoko herrialdeek, gerraren aurretik esportatzen zutenaren laurden bat baizik ez. 

Irabazi tarteak

Bi iturri horiek gabe, munduko beste findegien esku izan da diesel egarria asetzea, eta, haiei egindako eskaerak handitu direnez, halaber handitu dituzte beren irabazi tarteak. Irailean, batez beste, upel bakoitzetik 65 dolarreko etekina atera dute findegiek dieselaren moduko destilatuekin; 1985 eta 2021 artean, hamar dolarren inguruan izan zen. Hau da, negozio izugarria da gaur egun findegiena. 

Ondorioz, Ormuzko gerra hasi denetik petrolioaren prezioa %50 igo den aldi batean, dieselarena ia bikoiztu egin da AEBetako handizkako merkatuetan, eta kopuru horretara gerturatu da Asian eta Europan ere. AEBetan, diesel galoia 3,5 dolarretik sei dolarrera iritsi da; ez da hainbeste europarren begietan —1,5 euro baino gutxiago litroko—, baina AEBetan ez daude prezio horietara ohituta, erregaiek zerga txikiagoak dituztelako.  

Gasolioa ekoiztera bideratzen da munduko petrolio eskariaren %30, baina kontuan hartu behar da erregai horrek berebiziko pisua duela sektore produktiboetan, kamioiak eta hainbat industria hornitzen baititu, eta, hortaz, haren garestitzeak goiz ala berandu eragiten baitu ekoitzitako produktuak ere garestitzea.

-2,5

 

Petrolio kontsumoa aurten. Prezio handiak eta hornidura arazoak petrolio kontsumoa murrizten ari dira. IEAk kalkulatu duenez, 2,5 milioi upel apalduko da aurten eskaera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA