Nanogune zabaldu zenetik da Jose Maria Pitarke (Bilbo, 1960) haren zuzendaria. Duela hamazazpi urte iragarri zuen zentroa handituz joango zela, eta hala gertatu da: zentroa handitu egin da ikerketa taldeei, proiektuei eta enpresei dagokienez. Orain, fisikoki ere zabaldu egin da Nanogune, dorre kuantikoaren bidez.
Zer egingo duzue laborategi horretan?
Hardwarea, txip kuantikoak egitea da helburua. Elektronika klasikoak bit-ak erabiltzen dituen moduan, teknologia kuantikoak eta konputazio kuantikoak bit kuantikoak erabiltzen dituzte: qubitak. Horiek fisikoki gauzatu behar dira, eta gailu fisikoak garatu behar ditugu horretarako. Gaur egun, lauzpabost teknologia daude hori egiteko; adibidez, IBMren ordenagailuan eraztun supereroaleak ditugu. Gurean, Nanogunean, elektroiak izango ditugu.
Elektroien propietate bat da spina, eta haren neurketaren emaitzan gezi bat egongo da, goranzkoa edo beheranzkoa. Hori izango da gure qubita. Elektroi horiek putzu kuantiko batzuetan doaz, puntu kuantiko izeneko dimentsio oso txikiko nano egitura batzuetan. Eta puntu kuantikoak siliziozko plataforma batean joango dira integratuak.
Eta horrek abantailak dituela diozu.
Oso garrantzitsua da bi arrazoirengatik: batetik, gaur egun, mundu osoan elektronikarako plataformak horiek berak direlako, siliziozko plataformak, eta hori abantaila handia da. Eta, bestetik, egitura horiek nanoeskalakoak direlako. Horren abantaila eskalagarritasuna da, berebizikoa gainera, etorkizunean txip batean qubit asko beharko ditugulako.
Quantum Motion konpainia britaniarrarekin ariko zarete. Nolatan?
Hemen beti egin dugu nanozientzia kuantikoa, eta, orain dela urte pare bat, ohartu ginen daukagun ezagutza eta azpiegiturak aintzat hartuta Nanogunea toki aproposa zela teknologia honetan liderrak bilakatzeko. Baina, horretarako, puntan daudenekin egin behar da lan; beraz, Londresen Quantum Motionen ari zen Fernando Gonzalez-Zalba ekarri genuen gurera Ikerbasqueko irakasle moduan.
Quantum Motion ere EBn ezartzeko toki baten bila ari zen, eta, hala, lankidetzarako aukera landu genuen. Konpainia hori liderra da, teknologia honetako munduko lehen ordenagailu kuantikoaren egilea. Hemen, dagoeneko finantzatzen ari da gure ikerketa, eta, gero, eskubideak izango dituzte emaitza komertzializatzeko. Hori da tratua.
Dirua pribatua da.
Bai, dorre honetan konputagailu kuantikoa egingo dugu, baina, hori bai, ez du Nanogunek salduko, Quantum Motionek salduko du. Azkenean, dorre honen inguruan lau gauza bildu dira: Nanogunearen ikerketa talde berria; Quantum Motionekin hitzarmena; enpresak hemen filiala izatea, eta hori guztia egiteko dorre berria. Etorkizunean jardueran mailaz igotzeko aukera emango digu dorre berriak, orain zati bat hartuko dugulako, eta handitzeko lekua izango dugulako.