Inork ez zuen espero eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak are eta gutxiago. Hori ikus daiteke argazkietan. Bere neurrien inguruko prentsaurrekoa hasi eta gutxira emakume bat sartu da EBZren prentsa aretoan, Draghiren aurrean mahai gainean eseri da, konfeti batzuk bota dizkio presidenteari eta "amaitu EBZren diktadura" oihu egin du. Banku zentraleko segurtasun zaindariek bultzaka atera dute aretotik eta eten labur baten ondoren, berriro ekin dio Draghik prentsaurrekoari.
Eguneko #irudia: Protesta Draghiren aurre-aurrean, EBZren "diktadura" amaitzeko http://t.co/K5zKM5y9WQ pic.twitter.com/wpWMWhpOe6
— Berria.eus (@berria) April 15, 2015
Bere neurrien emaitzen berri ematen ari zen Draghi gaur. "Oso garbiak dira indarrean jarri genituen diru politikako neurriak eraginkorrak diren zantzuak". Pozik azaldu da Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea. Duela hilabete eta erdi hasi zen euroguneko ekonomia suspertzeko geratzen zitzaion azken bala tiro egiten, zor publiko eta pribatuaren erosketa masiboa. Neurri horri esker panorama argitzen ari dela esan du.
Finantza baldintzak hobetu dira eurogunean, eta errazagoa da orain maileguak lortzea, haren esanetan. "Interes tasa errealak jaisten ari dira eta hori ona da ekonomiarentzat". Horren arrazoietako bat da euroguneko bankuak osatze bidean daudela, eta azkenean hasi direla EBZri esker handitu duten likidezia enpresen eta familien maileguetarako bideratzen.
"Inflazio oso txikia edo negatiboa"
Hurrengo hilabeteotan inflazioa "oso txikia edo negatiboa" izango dela aitortu du Draghik, baina gutxika gora egingo dutela, petrolioaren prezioaren beherakada amaituta dagoela dirudielako eta bere neurriek inflazio aurreikuspenak igo dituztelako. 2016an %2ko helburura gerturatzen hasiko dela espero du banku zentralak, baina ez lehenago..
Martxoaren hasieran abiatu zuen EBZk zor publikoa erosteko programa. Aurretik indarrean jarritako zor pribatuarekin batera, hilero 60.000 milioi euroren bonoak erosten ari da EBZ. EBZren asmoa da plana gutxienez 2016ko irailera arte zabaltzea. Draghi harrituta azaldu da plana aldez aurretik eteteko aukerei buruzko berriekin.
EBZren agiria hemen irakurri daiteke, ingelesez.
Alemaniako kazetarien galderei erantzunez, Draghik ukatu du bere politikaren ondorioz gobernu batzuk "egiturazko erreformak" atzeratzen ari direnik. Kontrakoa gertatzen ari dela dio, baldintza hobeak sortzen ari direla gobernuek ere beren zatia egin dezaten.
Alemaniaren beste kezka bati ere erantzun dio Draghik, interes tasa apalen ondorio kaltegarriei. Onartu du epe luze batean interes tasak oso txiki mantentzeak desoreka handiak sor ditzaketela eta burbuilak puztu. Halako arriskurik ez du ikusten orain.