EAEk %6,3ko langabezia zuela amaitu zuen 2025. urtea

Landunen kopurua handitu egin da urtebetean, zerbitzuetan batez ere: 15.400 gehiago. Langabezia tasa zazpi hamarren jaitsi da, eta txikiena da 2009az geroztik.

Lorezainak Bilboko lorategi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Lorezainak Bilboko lorategi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urtarrilaren 23a
11:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan merkatuaren zenbaki nagusiek hobera egin dute 2025. urtean. Langabezia erregistratuaren eta Gizarte Segurantzaren datuek esandakoa berretsi du lan merkatuari buruzko Eustaten inkestak. Haren arabera, langabezia tasa zazpi hamarren apaldu da EAEn, %6,3raino. 2008ra egin behar da atzera tasa txikiago bat ikusteko; %3,8 izan zen orduan batez bestekoa, eta %6,4 aurtengoa.

Zenbaki osoetan, Eustateten biztanleria aktiboaren inkestak dio 68.000 langabe zeudela 2025eko lau hiruhilekoan EAEn, urtebete lehenago baino 7.600 gutxiago. Langabe horietatik erdiak baino gehiago Bizkaian daude (38.700), eta lurralde horretan dago langabezia tasarik handiena, %7. Edonola ere, azken urtean Bizkaian apaldu da gehien langabe kopurua (-5.500).

Gipuzkoan, 1.900 langabe gutxiago daude, eta hark du berriro ere langabezia tasarik txikiena, %5,1. Araban izan da murrizketarik txikiena (-300), eta %6,5eko tasa du. 

Lurraldeen arteko banaketa hiriburuetan ere ikusten da. Donostiak du langabezia tasarik txikiena (%5,3), eta haren ondotik datoz Gasteiz (%6,7) eta Bilbo (%8,3). Gainontzeko udalerrietan %5,9 daude lanik gabe.

Sexuari erreparatuta, kopuru osoetan ia ez da alderik langabe gizonen (33.600) eta emakumeen artean (34.400), baina azken horien artean jarduera tasa txikiagoa denez, handiagoa da haien langabezia tasa (%6,6) gizonen artean baino (%6). Bi tasa horien arteko tartea txikitu egin da 2025. urtean, gehiago murriztu delako langabezia emakumeen artean (-5.800) gizonen artean baino (-1.800).

Herritartasunari begiratuz gero, Espainiakoa dutenen langabezia tasa (%5,7) halakorik ez dutenen erdia da (%11,4). Baina 2025ean azken horien artean jaitsi da gehien tasa, 2024ko azken hiruhilekoan %14,9 baitzeuden lanik gabe.

Milioi bat landun

Langabe gutxiago ez ezik, langile gehiago ere badaude. Eustaten inkestaren arabera, 1.012.300 landun daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtebete lehenago baino 15.400 gehiago. Berez, 2025. urtea izango da batez beste milioi batetik gora okupatu izango diren lehen urtea.  

Landunen kopurua batez ere zerbitzuetan handitu da (+9.400), eta, horren ondorioz, dagoeneko langileen %73,3 daude sektore horretan. Industrian 3.500 lagun gehiago ari dira, eta, horri esker, 2024 amaierako langileen portzentajeari eusten dio: %19,8. Eraikuntzak beste 3.400 enplegu sortu ditu, eta jada %5,9 ari dira sektore horretan. Lehen sektoreak, berriz, bere okupatuen %10 inguru galdu ditu (-1.000), eta %0,9 baizik ez dira.

DATUA

24.900

Zenbat langabe ez dauden Lanbiden. Langabeen definizio desberdina dute Lanbidek eta Eustatek. Estatistika erakundeak OITren irizpidea baliatzen du, baina, horren arabera, 24.700 langabe ez daude modu horretara erregistratuta Lanbideren bulegoetan.

22.900

Langabez osatutako familiak. EAEko 614.100 etxegune edo familia daude, eta haietatik 557.000tan kide aktibo guztiak daude lanean. Kontrara, 22.900 etxegunetan kide guztiak lanik gabe daude. 

30,3

Asteko batez besteko lanaldia. Langileen kopurua handitzen ari da, baina haien lanaldia, berriz, jaisten. 2015ean, batez beste astean 31,4 ordu egiten zuten lan, eta 2025ean, berriz, 30,3 ordu. Emakumeen lanaldia txikiagoa da (28,1), haien artean zabalduagoa baita lanaldi partziala. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.