Urteko lehen hiruhilekoak islatutako erritmo berean ari da hazten oraindik ere Eusko Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeen ekonomia: %2,3 hazi da EAEko BPG barne produktu gordina urteko bigarren hiruhilekoan ere. Eustaten arabera, urte arteko tasa %2,3 horretan kokatu da, beraz, eta ikusi da Jaurlaritzak pixka bat gora egindako aurreikuspenak baduela oinarria. 2019. urterako %2,3ko hazkundea markatu du Lakuak.
Lehenetik bigarren hiruhilekora %0,6 hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, aurreko neurketan baino hamarren bat gutxiago. Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostuetan neurtua, %1,7 igo da urte arteko tasa bigarren hiruhilekoan; hor ere hamarren bat gutxiago ikus daiteke hazkundean lehen hiruhilekoaren aldean.
16.000 lanpostu 2019an
Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Aspiazuk %2,3ra eraman zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hazkundea 2019rako, aurreko hilabetean egindako agerraldi batean. Urteari begira, "egoera ekonomiko egonkorra" zegoela esan zuen, eta 2020. urteko hazkunde aurreikuspena %2 zela zehaztu zuen. Horrek 2019ko urte osoari begira 16.000 enplegu sortzea ekarriko zuela jakinarazi zuen.
Aspiazuk ez du nahi ekonomiaren hazkundea oztopa dezaketen aldagaiei hauspoa ematea, eta politika fiskala bere hartan uzteko dei argia egin berri du. "Presio fiskala murrizteko edozein dei, berriz, ekonomia eta aurrekontu politika txarraren adierazpena litzateke".
Eustat institutuak zehaztu du sektore guztietan dutela oinarria hala urteko arteko hazkundeak nola azken hiruhilekoarenak, lehen sektorea salbu. Martxotik ekainera bitarte, industria zertxobait suspertu da, eta eraikuntzaren hazkunde sendoa maila batean apaldu da. Eustatek irailean zabalduko du gaur plazaratutako BPG barne produktu gordinari dagokion aurrerapena.