EB eta Australia, merkataritza ituna ixteko prest

Ursula von der Leyen eta Anthony Albanese bihar dira biltzekoak, eta orduan espero da akordioa sinatzea. Australiak haragi inportazioak handituko ditu, eta EBk eskura izango ditu haren lehengai mineralak.

Ursula von der Leyen didgeridoo bat aztertzen, Sam Mostyn Australiako gobernadore nagusiarekin, gaur, Sydneyn. DEAN LEWINS / EFE
Ursula von der Leyen didgeridoo bat aztertzen, Sam Mostyn Australiako gobernadore nagusiarekin, gaur, Sydneyn. DEAN LEWINS / EFE
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 23a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mercosurrekin egindako merkataritza itunak sortutako kalapita artean itzali ez dela, orain Australiarekin beste hitzarmen bat ixtekotan dago Europako Batasuna. Oraingoan ere aurkako ahotsak entzun daitezke, batez ere haragi sektorean, Australiak bere behiki esportazioak handitu nahi dituelako merkataritza librerako itunaren bidez. 

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Australian da dagoeneko, eta bihar egingo du bilera Anthony Albanese herrialde hartako lehen ministroarekin. Von der Leyenekin batera han dago Maros Sefcovic Merkataritza komisarioa, eta baliteke gaur Don Farrell Australiako Merkataritza ministroarekin egingo duen bileran iristea adostasuna.

Donald Trumpen eta haren aldebakarreko politikak markatutako egoera batean, esanahi politikoa du itunak. Haren bitartez, Bruselak eta Canberrak erakutsi nahi dute elkarlanean aritu nahi dutela, eta arauek oraindik badutela beren pisua.

Haragia, berriro ere

Duela zortzi urte hasi zituzten negoziazioak EBk eta Australiak, baina 2023an eten egin ziren: besteak beste, Bruselak uko egin ziolako onartzeari Australiak 40.000 tona behiki ia muga zergarik gabe inportatu ahal izatea. Behi eta ardi haragiaren gaiak lotzea da, hain zuzen ere, ituna ixteko eragozpen handienetako bat. Azken informazioen arabera, 30.000 tonaren inportazio gehigarriak onartzeko prest dago EB. 

EBrentzat beste gai batek du lehentasuna: Australiaren lehengaiak erraz eskuratu ahal izatea. Litioa, kobaltoa, lur arraroak eta hidrogenoa aipatu ditu Von der Leyenek berak, eta esan du funtsezko osagaiak direla horiek trantsizio energetikorako. Bide horretan, Bruselak bere eskaera nagusietako bat lortu du, hau da, bere konpainiek lehengai horiek guztiak Australiakoen prezio berean erosi ahal izatea.

Ez du lortu, ordea, Australiak %33ko muga zerga kentzea luxuzko autoei.

Mercosurrekin egindako akordioarekin gertatu zen moduan, EBko kideen artean ere erabateko adostasunik ez dago Australiarekin ituna egiteari buruz. Pentsatzekoa da Frantziako Gobernua aurka azalduko dela, haragi sektoreari eragin diezaiokeen arazoa dela eta.

Edonola ere, Paris ez zen gai izan Mercosurrekiko ituna blokeatzeko —behin-behinean indarrean jarri du Europako Batzordeak, auzitegiek erabaki bitartean—, eta nekez lortuko du oraingoan.

eb-mercosur ituna maiatzaren 1ean jarriko da indarrean

Maiatzaren 1etik aurrera gutxitu egingo dira Europako Batasunak eta Mercosurreko lau herrialdeek elkarri jartzen dizkioten muga zerga gehienak. Europako Batzordeak gaur iragarri du maiatzeko lehen eguna hautatu duela merkataritza ituna indarrean jartzeko.

Behin-behineko erabakia da, merkataritza itun horren legezkotasunari buruzko erabakia hartu behar duelako oraindik Europako Justizia Auzitegiak. Europako Legebiltzarrak erabaki zuen haren esku uztea gaia, ituna oso eztabaidatsua baita. 
Hego amerikarren aldetik, Argentinak, Brasilek eta Uruguaik dagoeneko ontzat hartu dute ituna eta Paraguaik berrestea soilik falta da prozedura amaitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!