EBren eta Mercosurren itunari oniritzia eman diote Europar Kontseiluan

Italiaren baiezkoa nahikoa izan da beharrezko gehiengoa lortzeko. Merkataritza libreko akordioa hilaren 17an sinatzekoa dute Antonio Costak eta Ursula von der Leyenek, Paraguain.

Gaur bertan nekazarien protesta ugari izan dira akordioaren kontra. Irudian, traktoreak gaur Belgikan. OLIVIER HOSLET / EFE
Gaur bertan nekazarien protesta ugari izan dira akordioaren kontra. Irudian, traktoreak gaur Belgikan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2026ko urtarrilaren 9a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badirudi oraingoan baietz, 26 urtez luzatu diren negoziazioen ostean errealitate bihurtuko dela Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen —Argentina, Brasil, Uruguai eta Paraguai– arteko merkataritza libreko akordioa. Ituna hilaren 17an izenpetuko dute, Paraguaiko hiriburuan, Asuncionen.  

Abenduan atzeratutako erabakia gaur bozkatu du berriz Europar Kontseiluak, Zipreren buruzagitzapean, eta EBko estatuek idatziz bidali dituzte botoak. Ezezkoetan nabarmenena, nola ez, Frantziarena izan da. Atzo bertan berretsi baitzuen jarrera Emmanuel Macron presidenteak, nahiz eta hura limurtzeko Europako Batzordeak 45.000 milioi euro gehiago eskaini nekazaritzarako laguntzetan —2028. urtetik aurrera—. Eta ezezkoa eman dute Austriak, Hungariak, Irlandak eta Poloniak ere.

Baina, akordioa blokeatzeko, ezinbestekoa zen gutxienez EBko biztanleriaren %35 ordezkatzen duten zortzi herrialdek kontrako botoa ematea.

Eta, beraz, ezezkoak ez dira nahikoa izan Italiak baiezkora makurtutako balantza iraultzeko, baiezko horretan baitzeuden Alemania, Espainia, Portugal, Eskandinaviako herrialdeak —Danimarka, Finlandia eta Suedia—, Herbehereak, Txekia, Eslovakia, Kroazia, Grezia, Errumania eta Bulgaria. Belgika abstenitu egin da.

700

EB eta Mercosurren itunak zenbat milioi kontsumitzaileri eragingo dien. Datorren astean sinatu ostean ezarriko den merkataritza libreko akordioa munduko handienetakoa izango da, 700 milioi kontsumitzaile ingururi eragingo baitie. 2024an, EBk Mercosurrekin egindako salerosketak 111.000 milioi eurotik gorakoak izan ziren: 55.200 milioi esportazioetan, eta 56.000 milioi inportazioetan. Merkataritza fluxuaren %80 baino gehiago EBren eta Brasilen artekoa izan zen.

Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak abegi egin dio erabakiari. Mugarri bat da haren ustez, eta zeinu inportante bat subiranotasun estrategikorako eta Europaren ekimen gaitasunerako. «Hala ere, 25 urteko negozioazioak gehiegi dira. Orain merkataritza librerako hurrengo akordioak bizkorrago itxi behar ditugu».

Parlamentuaren aukera

Itunaren kontra daudenek oraindik bi bide dituzte zabalik akordioa oztopatzeko. Bat Europako Parlamentua da. Hori hartu zuen hizpide atzo, adibidez, Pascal Canfin Errepublika Martxan-eko eurodiputatu frantziarrak, esan baitzuen Europako Parlamentuak ezin duela onartu Mercosurreko Ituna ezartzea parlamentuak oniritzia eman gabe, batez ere bozketa hori estua izango dela aurreikusten bada.

Oraingoa ez litzateke lehen aldia izango itunen bat ezartzen dena Europako Parlamentuaren azken bozketa artean egin gabea denean. Orain arte, ezarrita dauden itunak beti berretsi izan dituzte eurodiputatuek.

Baina, EBren eta Mercosurren itunari dagokionez, zalantzak handiagoak dira. Zaila bada ere, gerta daiteke Europako Parlamentuak ezezkoa ematea merkataritza libreko itunari. Bozketa horretan, Europar Kontseiluak gaur onartutakoa bozkatu beharko da, inolako zuzenketarik gabe. Frantziako eurodiputatuek ituna blokeatu nahiko dute, baina pentsatzekoa da Italiako eurodiiputatu gehiene bere gobernuaren erabakia berretsiko dutela.

FRANCE EU PARLIAMENT (2)
Europako Parlamentua, abenduko osoko bilkuran. RONALD WITTEK / EFE

Dena den, baliteke beste jokaldi bat izatea Europako Parlamentuan: Jordan Bardella Frantziako Batasun Nazionaleko (RN) eurodiputatu ultraeskuindarrak, PfE Europaren aldeko Patrioten talde parlamentarioaren buruak, atzo iragarri zuen konfiantza mozioa aurkeztu nahi duela Europako Batzordearen kontra. Hori egiten duen bigarren aldia litzateke, eta badirudi ez duela arrakasta izateko aukera handirik. Aurrekoan ere Bardellaren ekinaldiak ez zuen nahikoa babesik lortu.

Auzibidearen aukera

Europako Batasuneko Justizia Auzitegia da zabalik dagoen beste bide bat. Frantziak berak jarri dezake ituna auzibidean, baina badago hori egin ala ez erabakitzeko beste bozketa bat programatua Europako Parlamentuan bertan.

Eurodiputatu batzuek auzitara jo nahi dute ituna dela eta, tribunalak egiazta dezan EBren eta Mercosurren akordioak betetzen dituen EBko bertako itunak, babes klausulei eta Munduko Merkataritza Erakundearen arauei dagokienez.

Europako Parlamentuak gaia auzibidean jartzea lortuko balu eta auzitegiak bidalketa onartuko balu, akordioa bertan behera geratuko litzateke erabakiren bat izan arte, eta horrek hilabeteak edo urteak har ditzake, azken erabakian agian EBren eta Mercosurren itunari baliozkotasuna ukatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.