Laborariek A63 autobidea blokeatzen segitzen dute, EBren eta Mercosurren akordioa bozkatu berritan

80 bat pertsonako talde bat errepidera atera da 02:00etan, 60 bat traktorerekin. A63 autobidea bi noranzkoetan blokeatua da, Baiona iparraldeko seigarren irteeran eta Baiona hegoaldeko bosgarrenean. Prefetarekin biltzekoak dira laborariak.

A63 autobidearen blokeatzeak eragin dituen autometaketak, gaur goizean, Baiona iparraldeko irteeran. GUILLAUME FAUVEAU
A63 autobidearen blokeatzeak eragin dituen autometaketak, gaur goizean, Baiona iparraldeko irteeran. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
Baiona
2026ko urtarrilaren 9a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo hasiak ziren mobilizazioak Europan gaindi, eta Lapurdira iritsi da kexa. Dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokoloaren salatzeko protestetatik kasik pausatzeko astirik ez, Ipar Euskal Herriko laborariak berriz atera dira bidera 02:00etan, sorpresaz. Orduan Europako Batasuneko kideek EBren eta Mercosurren arteko akordio komertziala ez zuten oraino bozkatua, baina iritsi da azkeneko erabakia, azkenean: merkataritza libreko itunari oniritzia eman diote Europar Kontseiluan. Hain zuzen, akordio horren kontra direlako ari dira A63 autobidea blokeatzen.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga, beraz, hetsia da. Frantziako Pirinio Atlantikoetako prefeturak agiria bidali du goizean goiz: «A63 autobidea bi noranzkoetan moztua da, Baiona iparraldeko seigarren irteeraren eta Baiona hegoaldeko bosgarrenaren artean» Horrek esan nahi du Lapurdi hegoaldera edo Gipuzkoara doazenek errepidetik igaro behar dutela Baiona, eta gauza bera Landetara edo Bordelera doazenek. A64 autobidea ez da blokeatua, eta beraz, posible da Baionatik Nafarroa Beherantz edo Zuberoarentzat handik joaitea. Trafikoan arazoak gutxitze aldera, kamioien zirkulazioa debekatua da dagoeneko bi noranzkoetan.

A63ko ultrak izenpean atera dira bidera laborariak, sindikatu jakin bati loturik egon gabe. Geroztik zehaztu denaz, urtarril hatsarre hontan sortu da elkartea, gisa bereko izenpean atera izan diren laborari taldeen ildotik: A64ko ultrak, A51ko ultrak, Sommeko ultrak (Frantzia Garaiko departamendua)... Ici Pays Basque irratiak jaso duenaz, ohiko sindikatuek ez zekiten halako blokeatzerik antolatuko zenik gaur, eta horiek ere sorpresaz hartu dute. Halere, badirudi ongi antolaturik atera direla bideetara, saldo nahiko handian agertu baitira, eta bideetan egoteko asmoa agertu dutelako.

Halere, Pirinio Atlantikoetako prefetak elkarrizketarako tarte bat eskatu die, baina ez dirudi biziki presatuak direnik A63ko ultrak, gaur gauerako edo bihar goizerako eskatu baitute hitzordua. Bestela erranik, gaur eguna gutienez osorik iraganen dute blokeoan.

Jaurlaritzak kamioi astunen zirkulazioa debekatu du

Muga zeharkatu nahi duten kamioi astunek (7,5 tonatik gorakoek) ezin izango dute Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik zirkulatu Lapurdin protestak amaitu arte edo Frantziako agintariek trafiko arazoak konpondu direla jakinarazi arte. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Aurreko asteetan izandako protestengatik auto pilaketa handiak sortu ziren Gipuzkoan, bereziki AP-8 autobidean, Baionarako noranzkoan. Gaur, AP-8ko Biriatuko pasabidea goizeko sei eta erdietatik itxita dago 3,5 tonatik gorako kamioientzat.

Mobilizazioak asteazken arratsaldean hasi ziren, batez ere Frantzian. FNSEA herrialdeko laborantza sindikatu nagusiak eta CR Coordination Rurale elkarteak deituta, hainbat autobide blokeatu zituzten, eta atzo goizean ehun bat traktore sartu ziren Parisen. Tentsio handiko momentuak izan dira, bereziki Asanblea Nazionalaren aitzinean eginiko elkarretaratzean.

Frantziako Gobernua azken uneraino saiatu da EBren eta Mercosurren arteko merkataritza hitzarmena oztopatzen. Ontzat hartu ditu EBko Mercosurreko herrialdeen haragi eta soja inportazioak mugatzeko babes klausulak, baita Europako Batzordeak proposatu izana 2028-2034ko aldiko Nekazaritza Politika Bateratuan laborarientzako diru laguntzak handitzea eta aurreratzea. Baina aldaketa horiek ez direla nahikoak izan adierazi du Emmanuel Macron presidenteak, eta Frantziako ordezkariak ituna berrestearen aldeko botoa eman du gaur Europar Kontseiluan. Ez da nahikoa izan, ordea, ituna blokeatzeko. 

Urubia: Dermatosi nodular kutsakorraren afera

Dermatosi nodular kutsakorra

Autobideko blokeatzeak ondorio zuzenak ditu Baionako zirkulazioan, eta, auto metaketak zabaldu dira hirian. Autobusen ohiko funtzionamendua ere kaltetua da. Pirinio Atlantikoetako prefeturak krisi zelula bat sortu du egoeraren larritasuna aztertzeko. Goizean bidalitako oharrean salatu dute laborarien «kezkak ulertzen badituzte ere» blokeatzeak «neurriz kanpoko ondorioak» eragiten dituela. Azaldu dute «[Frantziako] Estatuaren zerbitzuak mobilizaturik» direla egoeraren kudeatu ahal izateko. Eta blokeatzearen antolatzaileak «arduraz jokatzera eta elkarrizketatzera» deitu dituzte, zehaztu dutenez, «ordena publikoa eta lurraldeko herritar ororen interesak errespetatzeko bidean».

Baina laborariak kexu dira. Abenduan jadanik, A64 autobidea blokeatu zuten, Ahurti eta Beskoitze artean, behien dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokoloak kexak zabaldu zituelako: batez ere, hilketa masiboak agintzen ditu Frantziako Laborantza ministerioak iragarritako protokoloak; hots, etxalde batean kasu bat agertuz gero behi saldo osoa hiltzea. Hamar egunez egon ziren A64a blokeatzen, abenduaren 12tik 26ra.

Bi aste besterik ez da behar izan laborariak berriz bidera atera zitezen. Eta, EB eta Mercosurren arteko akordioa izanik ere gaurko protesten jomugan, laborariek berriz gogora ekarri dituzte, hain zuzen azken asteetako zenbait aldarri: hala dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokoloak agintzen duen hilketa masiborako neurria kentzea, nola prozesu administratiboak errazteko galdea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.