EB-Mercosur itunaren babes klausulek aurrera egin dute Europako Parlamentuan

Ostegunean itunaren inguruan hartu beharreko erabakia atzeratzeko eskatu dute Frantziak eta Italiak. Europako Batasunak larunbatean sinatuko du EB-Mercosur ituna, Brasilen.

Gaurko bozketa Europako Parlamentuan. RONALD WITTEK / EFE
Gaurko bozketa Europako Parlamentuan. RONALD WITTEK / EFE
Irune Lasa.
2025eko abenduaren 16a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB-Mercosur ituna onartzeko prozesuak beste mugarri bat gainditu du gaur, Europako Parlamentuak onartu egin baititu itunari lotutako babes klausulak. Orain biharko Europar Kontseiluaren esku egongo da merkataritza libreko akordioa; printzipioz, larunbat honetan sinatuko dute ituna, Brasilen.

Gaur Estrasburgon onetsitako babes klausulen helburua da nolabaiteko bermeak ematea nekazariei, batez ere behikien eta hegazti haragiaren inportazioak gehiegi haziko balira, nahiz eta itunak berak inportazio kuotak jasotzen dituen horrelako kasuetarako. Horrez gain, babes klausulek modua ematen dute itunaren kontra dauden herrialdeak edo behintzat ez horren konforme daudenak konbentzitzeko, nolabaiteko bermeak ematen baitituzte nekazariak lasaitzeko eta gobernuei presioa kentzeko. Finean, ezezkoa zailago egiteko modu bat dira. 

Berez, herrialdeek onartuak zituzten jada Europako Batzordeak proposatutako klausulak, baina Parlamentuan klausula zorrotzagoak onartu dituzte, inportazioen %5eko hazkundea ezartzen dutenak neurriak abiatzeko irizpide gisa, %10ekoa beharrean. Halaber, zehazten dute Mercosurreko salgaiek Europakoen pareko estandarrak bete behar dituztela ekoizpenean. Ondorioz, klausula horiek berriz negoziatuko ditu Parlamentuak herrialdeekin.

Italia izango da erabakigarria. Georgia Melonik itunaren kontra dauzka nekazari italiarrak, baina akordioaren alde ditu ardogileak, gazta egileak eta elikagaien industria

Kolokan oraindik

Herrialdeen artean, hala ere, oraindik ez dago batere argi Ursula von der Leyen eta Antonio Costa EBko buruak Brasilera joango diren, Batasuneko herrialdeen oniritzia falta dutelako. Asteazkenean edo ostegunean erabaki beharko litzateke onespen hori egon badagoen, Bruselan egitekoa duten Europar Kontseiluan. Baina, hasteko, ez da segurua hala erabakiko den, Frantziak eta Italiak hura atzeratzeko eskatu baitute ofizialki.

Oztopo hori gainditu eta herrialdeek hobesten badute gaiari bihar bertan heltzea, ikusteko dago babes klausulek eta itunak berak nahikoa babes lortuko duten. Hura blokeatzeko gutxienez EBko biztanleriaren %35eko ordezkaritza duten lau herrialdek egon beharko lukete kontra. Frantzia, Polonia, Austria eta Hungaria itunaren kontra daude. Irlandak, Herbehereek eta Belgikak ez dute argitu haien jarrera. Eta Italia izango da erabakigarria. Georgia Melonik itunaren kontra dauzka nekazari italiarrak, baina akordioaren alde ditu ardogileak, gazta egileak eta elikagaien industria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.