EBk behin-behinean indarrean jarriko du Mercosurrekin sinatutako akordioa

Ursula Von der Leyenek jakinarazi du erabakia. Argentinako eta Uruguaiko parlamentuek atzo bertan berretsi zuten akordioa. «Arduragabekeria larria» dela uste du COAGek.

Ursula Von der Leyen, artxiboko irudi batean. OLIVIER MATTHYS / EFE
Ursula Von der Leyen, artxiboko irudi batean. OLIVIER MATTHYS / EFE
Irune Lasa.
2026ko otsailaren 27a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aurretik esan nuen: haiek prest daudenean, gu ere prest izango gara. Azken asteetan gaiaz sakon eztabaidatu dut Batasuneko herrialdeekin eta Europako Parlamentuko kideekin, eta, oinarri horrekin, Europako Batzordeak akordioa ezarriko du behin-behinean». Hala iragarri du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur EBren eta Mercosurren arteko merkataritza libreko akordioa ezarriko duela.

«Behin-behineko aplikazioa, berez, behin-behinekoa da. Izendapen horrekin eta EBren Tratatuekin bat eginez, akordioa erabat soilik itxiko da behin Europako Parlamentuak oniritzia ematen duenean», gaineratu du Von der Leyenek.

EBren eta Mercosurreko herrialdeen —Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai— arteko merkataritza libreko akordioa, berez, urtarrilean sinatu zen, Asuncionen (Paraguai), baina ondoren haren berrespena etenda gelditu da EBn, Europako Parlamentuak akordioa auzitara eramatea erabaki zuelako.

Nekazariak, kontra

Merkataritza libreko akordioak, hainbat salgairen gehiegizko inportazioak oztopatzeko babes neurriak jaso arren, kontrako erantzun oso zabala izan du Europa osoan, eta nekazariak suminduta dauzka oraindik.

Gaia EBko Justizia Auzitegian dago orain, eta gerta daiteke urte eta erdi igarotzea itunaren legezkotasunaz ebazpen bat izan aurretik. Aldiz, Mercosurreko herrialdeetan akordioak ez du oztoporik topatu, eta atzo iritsi ziren lehen berrespenak Argentinako eta Uruguaiko parlamentuetatik.

Hain zuzen, atzoko berrespen horiek zabaldu diete bidea gaurko Europako Batzordearen erabakiari. Paraguaiko eta Brasilgo parlamentuen oniritzia bakarrik faltako da orain behin-behineko ezarpenaren prozedura abian jartzeko, eta bi berrespen horiek martxoan iristea espero da. Hori hala balitz, EBren eta Mercosurren arteko merkataritza libreko ituna maiatzaren 1ean jarriko litzateke indarrean behin-behinean.

15730485
EHNEk eta ENBAk EB-Mercosur akordioaren aurka urtarril amaieran Bilbon egindako traktore protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ehunka protesta egin dituzten nekazariez gain, EBko kide batzuk ere kontra izan ditu akordioak; haietan nagusi, Frantzia. Nekazari mugimendu handiei men eginez, Frantziako Gobernua une oro agertu da akordioaren kontra, Polonia, Irlanda eta Hungariakoekin batera. Italiakoak ere erreparo ugari jarri zizkien Europako Batzordearen asmoei, baina, azkenean, aldeko botoa eman zuen Europar Kontseiluan, Bruselak nekazaritzarako laguntzak handitzearen truke.

Emmanuel Macronek berehala gaitzetsi du akordioa behin-behinean ezartzeko erabakia. «Ustekabe desatsegina» omen da Frantziarentzat, eta «jokamolde txarra» Europako Parlamentuarekiko. Frantziako presidentearen aburuz, «ardura handia da kezka adierazi duten nekazariekiko», eta baita «europarrekiko eta haien ordezkariekiko ere, ez baitira behar bezala errespetatuak izan».

Beste aldean, Alemania izan da Mercosurrekin akordioa egitearen bultzatzaile nagusia, haren autoak ahalik eta toki gehienenetan ahalik eta muga zerga txikienarekin saldu nahi baititu. Espainia eta iparraldeko herriak ere izan ditu lagun.

«Gure negozioek, gure langileek, eta gure herritarrek etekinak bilduko dituzte, eta ahalik eta lasterren jaso beharko lituzkete»

URSULA VON DER LEYEN Europako Batzordeko presidentea

Alemaniako Atzerri ministro Johann Wadephulek, hain zuzen, historikotzat jo du akordioa, eta esan du «oparotasuna eta hazkundea» ekarriko dituela. Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroaren aburuz, berriz, «mundua gero eta egoera ziurgabeago batean dagoen honetan, Europa ezin da atzean geratu, eta akordioa urrats garrantzitsua da autonomoagoa eta erresilienteagoa izateko EBren bidean».

Ahots guztien artean Von der Leyena gailendu da, eta gaur ere jarraitu du akordioa goraipatzen, besteak beste protekzionismora jotzen dutenen aldean irekitasuna dakarrelako. «Mercosur mende honen lehen erdialdeko merkataritza akordiorik garrantzitsuenetako bat da. Plataforma bat da, konpromiso politiko sakon bat egiteko mundua guk bezala ikusten duten eta irekitasunean, elkartasunean eta fede onean sinesten duten kideekin. Izan ere, kide horiek ulertzen dute arauetan oinarritutako merkataritza irekiak emaitza onak dakarzkiela denei. Europak agertoki globalean duen espiritua gorpuzten du Mercosurrek».

Europako Batzordeko buruaren ustez, «Europa gero eta indartsuagoa eta independenteagoa da. Gure negozioek, gure langileek, eta gure herritarrek etekinak bilduko dituzte, eta ahalik eta lasterren jaso beharko lituzkete. Erresilientzia kontua da. Hau hazkundea da, eta Europa bere etorkizuna eratzen ari da».

«arduragabekeria larria», nekazarien ustez

Europako Parlamentuak Mercosurren akordioa auzitara eraman izana garaipentzat hartu zuten nekazariek, eta, ondorioz, gogor gaitzetsi dute ituna behin-behinean ezarri izana. COAG Espainiako Nekazari eta Abeltzainen Konfederazioak —haren kide da EHNE konfederazioa— uste du «arduragabekeria larria» dela, eta aplikazioa ez onartzeko exijitu die Europako Parlamentuari eta Europar Kontseiluari. 

COAGek salatu duenez, Europako Batzordearen beraren auditoreek txosten bat argitaratu berri dute erakutsiz Brasilgo sistemak ezin duela bermatu EBra ez dela haragi hormonaturik iritsiko. Konfederazioaren arabera, txostenak erakusten du, besteak beste, nola Brasilgo Nekazaritza Ministerioak idatziz onartu duen estradiolarekin tratatutako behiei bermeak emateko arriskua badela. Dirudienez, Brasilgo ustiategiak ez daude derrigortuta egiaztatzaileei jakinarazten estradiola duten sendagaiak erosi dituztela. Akatsa egin eta detektatu izan denean, esportazioetarako egiaztagiria eman zaie hormonekin tratatutako animaliei, eta ez zegoen hutsegitearen berri emateko inolako prozedurarik. 

Halakoak gertatzeak nahikoa arrazoi izan beharko luke, COAGen ustez, akordioaren berrespena bertan behera uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!