Urtebete barru itxiko du Europako Batasunak Errusiako gasaren iturria. Ukrainako gerra hasi zenetik, asko txikitu ditu inportazioak, baina 2027 hasieratik erabat debekatuko ditu. Europako Parlamentuak alde handiz onartu zuen debekua —aldeko 500 boto eta aurkako 120—, eta gaur erabaki hori berretsi du Europar Kontseiluak.
Azken datuen arabera, gaur egun Europako Batasunak kontsumitzen duen gasaren %13 dator Errusiatik. Ukrainaren inbasioaren aurretik, %45 zen, eta horrek EB Errusiaren oso mendeko bihurtzen zuen. Ahultasun hori baliatu, eta gasa arma gisa erabili zuen Vladimir Putinek gerraren hasieran EBri presio egiteko Ukrainari lagundu ez ziezaion. Banan-banan itxi zituen Errusia eta EB lotzen zituen gasbide gehienak, Nord Stream 1 bera barne, baina ez zuen bere helburua lortu, batasunak hornitzaile berriak aurkitu zituen eta. Neurri handi batean, AEBetatik egindako inportazioekin bete du EBk Errusiako gasak utzitako hutsunea, eta orain herrialde horren mende dago, noiz-eta Donald Trumpekin argi geratu zaionean AEBak ez direla garai bateko bazkide fidagarria.
Garai batean gasbidez iristen zena itsasontziz iritsi da azken urteetan, GNL gas natural likidotuaren bitartez. Bilboko portua da Errusiako GNL itsasontziak jasotzen dituen portu nagusietako bat, GNLa berriro gasa bihurtzeko lantegi bat baitago.
Gasaren iturria itxi aurretik, EBk Errusiatik ekartzen zituen beste energia iturri batzuena itxi zuen. Gerraren aurretik, EBk kontsumitzen zuen petrolioaren %26 zen Errusiakoa, baina gaur egun %2 baizik ez da. Errusiako ikatzaren merkatu kuota, berriz, %52tik zerora igaro da, baina EBko energia konpainiek Errusiako uranioa erosten dute oraindik ere.
Aurkako botoak
Hungariak eta Eslovakiak debekuaren aurkako botoa eman dute, eta Bulgaria abstenitu egin da. Haiek dira, hain zuzen ere, oraindik Errusiako petrolioa erosten dutenak, haiengana doan petrolioa oraindik irekita dagoelako eta, itsasorik ez duten herrialdeak izanik, zailago dutelako itsasontziz hornitzea. Edonola ere, Europako Batzordeak 2027 amaieran debekatu egin nahi ditu petrolio inportazioak ere.
Debekua betetzen dela bermatu ahal izateko, Europar Kontseiluak gaur onartu duen araudian zigorrak zigorrak ezartzea aurreikusi dute 2027tik aurrera Errusiako gasa inportatu nahi dutenei: gutxienez 2,5 milioi ordaindu beharko dituzte pertsona fisikoek, eta gutxienez 40 milioi enpresek.Â
Hori bai, larrialdi egoera bat gertatuz gero eta gas eskasia izanez gero, Europako Batzordeak debekua kendu ahal izango du, gehienez lau astez.Â
Â
Â
Â