Europako Batzordeak apirilean proposamena egin zuenetik, jakina zen Europako Batasuneko karbono emisiorako kredituen merkatua aldatuko zutela. Baina EBn aldaketak ez dira horren azkarrak izaten gehienetan. Bada, EBko Funtzionamenduaren Itunak agintzen duen bezala, Europako Batasuneko Kontseilua eta Europako Parlamentua ados jarri dira merkatua aldatzeko, eta falta den azken urratsa da bi instituzio horiek beren aldetik onartzea aldaketa.
Merkatu konplexua da karbono emisiorako eskubideena. Finean, hauxe du helburua: gutxinaka murriztea industria enpresa handien eta argindarra sortzen duten enpresen isuriak. Horretarako, urtean kutsatzeko kreditu kopuru bat dute enpresek, baina hortik pasatzen badira, karbonoa isurtzen jarraitzeko eskubidea erosi behar dute merkatuan. Urtez urte, gutxitu egiten dira merkatuan dauden eskubide tituluak. Baina dena perfektua ez denez, mekanismo bat dago merkatuaren egonkortasuna bermatzeko, non soberakinak pilatu daitezkeen, ostera behar direnean merkaturatzeko. Orain arte, gehienez 400 milioi kreditu gorde zitezkeen erreserba poltsa horretan. Bada, onartu dute muga hori 700 milioi kreditura igotzea.
Eta zergatik handitu dute muga hori? Uste dute etorkizunean karbonoaren merkatuan gorabehera gehiago egongo direla, eta esperantza dute gorabehera horiei hobeto erantzungo dietela erreserba poltsa handituz gero.
Hasieran, Europako Batzordeak muga hori kentzea proposatu nahi zuen, baina azkenean muga handitzea erabaki dute. Horrez gain, adierazi dute merkatuaren erreforma integralagoa egingo dutela aurrerago, baina hori geroago etorriko da.