EBk Txinaren aurrean irmoago agertzeko tresnak prestatzea erabaki du

Europar Kontseiluak oniritzia eman dio Bruselak merkataritza gatazketarako armategia zabaltzeari. Von der Leyenen batzordeak urte bukaerarako izan beharko luke prest Alemaniak eta Frantziak proposatutako etengailua.

Emmanuel Macron eta Friedrich Merz, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Emmanuel Macron eta Friedrich Merz, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2026ko urriaren 16a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arre edo iso egiteko garaia izan dute bart Bruselan, eta Europako Batasuneko herrialdeek arre egitea erabaki dute, hau da irmoago agertzea Txinarekin, harekin duten merkataritza defizita murrizteko.

Batasuneko gobernuburuek Europako Batzordeari agindu diote urtea bukatu aurretik proposamen bat osatu dezala arerioen erasoei aurre egiteko tresnak biltzeko. Hala, EBk behar bezala erantzuteko tresnak izango lituzke, adibidez, Txinak txipen edo lur arraroen EBrako esportazioak etengo balitu.

Bruselak izango lituzkeen botereen artean legoke Txinako produktuei EBko merkatua erabat ixtea, etengailu moduko bat izatea, alegia. Europako Batzordeak bizkor erabili ahalko luke, eta hura ezar dadin eragozteko bide bakarra gehiengo kualifikatu baten ekimen bat izango litzateke.

Asmoa zera da, funtsean, etengailu hori disuasio tresna bat izatea batez ere, EBk babes neurriren bat hartuz gero beste herrialderen baten errepresaliak geratzeko edo murrizteko. Alemaniak eta Frantziak modu bateratuan proposatu zuten neurria, joan den astean, eta badirudi sostengu hori baliagarria izan dela Europar Kontseiluan.

Halere, aurreikusten da beste tresna batzuk ere izango direla EBren armategian. Dibertsifikazio tresna da horietako bat, laguntzen bidez EBko enpresek eta sektoreek beste herrialdeekin duten mendekotasuna apaldu dezaten. Eta elkartasun tresna ere prestatzen ari dira, beste herrialde baten errepresaliak gehien nozitzeko arriskua duten sektore eta herrialdeak laguntzeko.

Sektore gehiago

Halako tresnak beharrezkoak izango dira, Europar Kontseiluak berretsi baitu beste neurri batzuk hartzeko intentzioa duela Txinaren esportazioen hazkunde ikusgarria eteteko eta, automobilgintza ez ezik, beste sektore industrial batzuk ere babesteko.

Joan den astean, Pekinen, Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak modua egin zuen Txinak ontzat jo zezan bere auto hibridoen gaineko esportazio kupo bat ezartzea; EBren babes neurri bat, alegia. Horretarako, ziurrenez, lagungarri izan zuen Alemaniak eta Frantziako ordurako etengailuaren aukera aipatu izana.

«Txinak espero du EBk bete egingo duela merkataritza libre eta irekia sustatzeko eta Munduko Merkataritza Erakundearen arauak betetzeko bere konpromisoa; espero du neurri protekzionistarik eta diskriminatzailerik ez ezartzea»

MAO LING Txinako Atzerri Ministerioaren eleduna

Atzo, Europar Kontseiluko herrialde gehienek —Alemania, Belgika, Danimarka, Frantzia— baiezkoa eman zioten babes neurri gehiago ezartzeari. Zenbait filtrazioren arabera, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aurkeztutako mozioan kupo gehiago aipatzen ziren, Txinako produktu kimikoen eta makina-erremintako salgaien gainekoak. Sektore horiei buruzko ikerketak jada zabalik daude Bruselan, behar diren analisiak egin eta erabakiak hartzeko. Atzo mahai gainean jarri zen haize erroten industria babesteko beharra ere.

Von der Leyenek ez du tresna eta neurri horiei buruzko adierazpenik egin bart, berandu zela-eta bertan behera geratu baitzen Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentearekin batera egitekoa zuen agerraldia. Edonola ere, argi geratu da Alemaniak jarrera aldatu izanak EBko beste herrialdeak suhartu dituela Txinarekin irmo jokatzeko.

Pekin, adi

Nola erantzungo dio Txinak horri guztiari? Oraindik hor jarraitzen dute «desoreka globalei» buruzko EBren eta Txinaren negoziazioek.

Gaur goizean EB prestatzen ari den neurri berriez galdetuta, Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko eledunak esan du Txinak espero duela EBk «betetzea merkataritza libre eta irekia sustatzeko eta Munduko Merkataritza Erakundearen arauak betetzeko bere konpromisoa; espero du neurri protekzionistarik eta diskriminatzailerik ez ezartzea». Pekinek espero du, era berean, EBk Txinarekin lan egitea «aldebiko merkataritza orekatuagoa eta jasangarriagoa sustatzeko hazkundearen bidez, eta elkarrekin egonkor eta oztoporik gabe mantentzea munduko industria eta hornidura kateak».

Epaileari begira jokatzen 

Txinak Munduko Merkataritza Erakundearen arauak aipatzea ez da debalde, Bruselak Txinari EBren merkatua ixtea erabakiko balu arau horien kontra joango litzateke eta. Baina EBk hartzen dituen babes neurriei —kupoei— aurre eginez Txinak hartu nahiko lituzkeen errepresalia batzuk ere MMEren arauen kontrakoak lirateke. Eta Pekinek, oraintxe, ez dio inondik ere legitimitaterik kendu nahi merkataritza globaleko epaile multilateralari. 

Agian horregatik onartu ditu Txinak Sefcovicen auto hibridoen kupoak. Eta, bestalde, agian Txina konturatu da —edo konturarazi dute— ez dagoela partidarik, ez dagoela salerosketarik bezeroa deuseztatuz gero.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA