Hitz handinahiekin eta espektatiba oso handiekin iritsiko da Next Generation planaren dirua Espainiara. «EBn sartu ginenetik, Espainiak izan duen aukerarik handiena da. Halakoak mendean pare bat aldiz baizik ez dira igarotzen, eta ez dugu pasatzen utziko», ziurtatu du gaur Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, EBren funtsen banaketaren lehen datu batzuk aurkezteko egindako agerraldian.
140.000 milioi euro jasoko ditu Madrilek, eta horietatik 72.000 milioi ez ditu itzuli beharko. «Europako Marshall plan handi» horrekin «garai berri bat» abiarazi nahi du Espainiako Gobernuak: «Modernizaziorako eta eraldaketarako lehen urrats bat da».
Sanchezek agindu du diru horren erdia 2021-2023 epean inbertituko duela: %39 trantsizio ekologikora joango da; %29, eraldaketa digitalera; %10,5, hezkuntzara, eta %7, ikerketara. Diru sail zehatzen artean, 13.200 milioi ibilgailu elektrikorako azpiegiturak sortzera bideratuko dira; 6.820 milioi etxeak zaharberritzeko, eguzki plakak jartzeko eta isolamendua handitzeko erabiliko dira, eta 4,315 milioi, administrazioa digitalizatzeko eta haren behin-behinekotasuna txikitzeko.
Next Generationen dirua jaso ahal izateko, Madrilek erreforma plan bat aurkeztu behar dio Europako Batzordeari, apirilaren 30a baino lehen. Bruselak ontzat jo beharko du plan hori Espainiak dirua jaso nahi badu, baina ondoren ere batzordeak aukera izango du funtsen emaria lehortzeko, ikusten badu agindutako erreformak ez direla betetzen edo dirua ez dela agindutako programetara joaten.
Sanchezen gobernuak eta Europako Batzordeak hilabeteak daramatzate erreformak negoziatzen, eta zenbait gai lotu dituzte. Baina bi erreforma nagusiak —pentsioena eta lan erreformaren moldaketarena—oraindik itxi gabe ditu Madrilek, eta oso litekeena da horiek zehaztu gabe iristea plana Bruselara. Izan ere, Espainiak batzordeari jakinarazi dio kontu horiek CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin negoziatu nahi dituela. Akordioa «gertu» dagoela esan du sarritan Espainiako Gobernuak, baina gizarte eragileek ziurtatu dute gai batean zein bestean desadostasunak handiak direla.
Pentsioen erreforma
Lan erreformari dagokionez, Sanchezek aspaldi alboratu zuen PPren 2012ko eta 2013ko erreformak bertan behera uzteko promesa, eta arau horiek moldatzearekin konformatzen da orain. Enpresetako lan itunei lehentasuna kentzea eta sektoreko hitzarmenei ematea da asmo nagusia, baina CEOEren ezezkoarekin egin du topo, enpresaburuei egiten baitie mesede neurriak. Bruselak ez du aldaketarik nahi kontu horietan, baina bere mezuetan gehien nabarmentzen duen arazoa da behin-behineko kontratu gehiegi egiten direla.
Pentsioetan, berriz, sindikatuek ez die harrera ona egin Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak astelehenean proposatutakoei. Eguneratzeari buruz, pentsioak aurreko urteko KPIaren arabera igotzea proposatu zuen, baina inflazio negatiboak dakarren erosteko ahalmen gehigarria konpentsatzea. Erretiro adin erreala adin ofizialera parekatze aldera, beren borondatez erretiro aurreratua hartzen dutenei saria gehiago txikitzea eskaini du.
Neurri horien aurka mintzatu da Unai Sordo Espainiako CCOOeko idazkari nagusia, eta Euskal Herrian kritika gogorrak egin dizkiote ELAk eta LABek ere, uste baitute pentsio txikiagoak ekarriko dituela. EBren funtsei uko egiteko eskatu du ELAk, eta LABek «bataila politikorako» deia egin zuen joan den astean, dirua «botere publikoa indartzeko» balia dadin.