Bere diru politikan aldaketak egiteko arrazoirik gabe jarraitzen du Europako Banku Zentralak, «leku onean», Christine Lagarde erakunde horretako presidentearen hitzetan. Ekaineko bileran jaitsi zituen interes tasak %2raino, eta maila horretan jarraituko dute gutxienez otsailaren 5eko bilerara arte; izan ere, gaurko bileran, EBZko kontseiluko kideek «aho batez» erabaki dute mugimendurik ez egitea.
Mugimendurik ez egiteko arrazoi nagusia da inflazioa azkenean %2ra gerturatu dela —%2,1en zegoen azaroan—, eta banku zentralak uste duela maila horretan egonkortuko dela.
Hain zuzen ere, EBZk gaur berritu ditu bere aurreikuspenak, eta, horien arabera, batez besteko inflazioa %1,9 izango da datorren urtean, %1,8 2027an, eta %2 2028an. Hau da, %2ko gogoko mailaren bueltan izango direla, eta hori bermatzea da banku zentralaren zeregin nagusia.
Hazkundeari dagokionez, irailean baino pixka bat baikorrago dabil banku zentrala. Orain dio %1,4 handituko dela aurten euroguneko barne produktu gordina, %1,2 2026an eta %1,4 2027an. EBZk nabarmendu duenez, kontsumo pribatua da ekonomiaren motorra, eta hori hala da lan merkatua «sendo» dabilelako —langabezia %6,4an dago, inoizko kopururik txikienetik oso hurbil— eta soldatak, oro har, prezioak baino gehiago handitzen ari direlako.
AAren ekarpena
Hazkundearen zati bat AA adimen artifizialaren ekarpenaren ondorio dela onartu du Lagardek, zehazki neurtzerik ez duen arren. Baina bada banku zentrala harritu duen beste elementu bat: esportazioen ekarpena positiboa izan da, muga zerga handiagoekin kanpo merkataritza uzkurtuko zela pentsatzen zen arren.
Esportazioen hazkundearen zati bat produktu kimikoei dagokiela azaldu du Lagardek, edo zehatzago esateko, Irlandako argaltzeko pilulen esportazio masiboari. Aldi baterako kontu bat den edo joera orokor baten ondorio ote den otsaileko bileran garbiago izango dutela gaineratu du Lagardek.