Bibliaren arabera, Jaungoikoak atseden hartu zuen zazpigarren egunean, mundua eta munduan bizi diren guztiak sortu ondoren. Europako Banku Zentralak, ordea, azken zazpi bilera egunak baliatu ditu interes tasak apaltzeko, eta %2an da dagoeneko bere erreferentziazko tasa (gordailuena), mailarik apalena 2022ko abenduaz geroztik. Zortzigarren egunerako utzi du atsedena; uztailaren 24an bilduko da berriz, eta, ustekabe handirik ez bada, bere hartan utziko ditu tasak.
Uste hori indartu du Christine Lagarde bankuko presidenteak EBZko kontseiluaren osteko agerraldian. Ohi duen bezala, esan du EBZk «bileraz bilera» jokatzen duela, eta azpimarratu du ez dutela inolako konpromisorik uztailean atseden hartzeko. Baina Lagardek behin eta berriro nabarmendu du interes tasak «maila egokian» daudela gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko. Gaurko bileran kide batek soilik egin du tasak puntu laurden jaistearen aurka.
Horrek esan nahi al du ez direla gehiago mugituko? Ez. Lagardek esan du «jaitsiera zikloaren amaieran» daudela, «pandemiaren, Ukrainako gerraren eta energia krisiaren kolpeek» eragindako garai gorabeheratsu baten bukaeran, eta orain beste garai bat hasiko dela, mugimendu txikiagokoa, «jende eta gai desberdinekin».
Datu pare batek laburtzen dute zergatik dagoen gustura EBZ. Lehenik eta behin, maiatzean %1,9ra jaitsi zen urte arteko inflazioa, eta dagoeneko badago banku zentralak gogoko duen mailan.
Bestetik, EBZk gaur bertan eguneratu ditu iragarpenak, eta iragarpen horiek diotenez, «beste kolperik ez badago» inflazioak ez du gorabehera handirik izango hurrengo urteetan, eta ekonomia poliki baina egonkor haziko da.

Zehazki, EBZko ekonomistek %2ko batez besteko inflazioa espero dute aurten, %1,6koa 2026rako, eta %2koa 2027rako. Martxoan esandakoaren azpitik (-0,3) daude lehen bi ehunekoak, energia uste baino merkeagoa izango delako eta euroa indartsu dabilelako dolarraren aldean.
Hazkunde ekonomikoari dagokionez, aurten ez du aldaketarik espero: %0,9 da haztekoa euroguneko barne produktu gordina. Urte hasiera uste baino indartsuagoa izan da —AEBetara egindako esportazioak aurreratu egin dira, muga zergei aurre egiteko—, baina ahulagoa izango da bigarren erdia. Banku zentralak onartu du merkataritza gerrari buruzko berriek inbertsio erabaki asko atzeratzen ari direla, «batez ere epe laburrean», baina luzera begira bultzada bat espero du gastu militarrean eta azpiegituretan, gobernuek iragarritako inbertsioen eskutik.
Merkataritza gerraren eragina
Edonola ere, iragarpen horiek tentu handiz hartu beharrekoak izango dira, merkataritza gerra areagotzeak hankaz gora jar ditzakeelako orain egindako iragarpenak.
Hain zuzen ere, uztailaren 9an amaituko da Donald Trumpek Europako Batasunarekin merkataritza akordio bat egiteko jarritako epea, eta horrek eragin handia izan dezake hurrengo hilabeteotako jarduera ekonomikoan. AEBek muga zerga handiak jartzen badizkie EBren produktuei, oso litekeena da haien esportazioa apaltzea, eta horrek ezinbestean egingo dio kalte Europaren ekonomiari, asko esportatzen baitu eta Atlantikoaren beste aldean baitu bezero nagusietako bat.
EBZk berak onartu du muga zergak handitzeak ekonomiaren hazkundea eta inflazioa apalduko lituzkeela. «Kontrara, merkataritza arloko tentsioak modu onean konponduko balira, hazkundea —eta, maila txikiago batean, inflazioa— handiagoa izango da», azaldu du banku zentralak.
Ekonomia «asko okertzea» da interes tasak askoz gehiago jaistea eragin dezakeen faktore bakarra, Aitor Aranburu ekonomistaren arabera. Aurten diruaren prezioa berriz apaltzea espero du Aranburuk, %1,75eraino, «udazkenean edo urte bukaeran», baina hortik aurrera ez du mugimendu handirik ikusten, «betiere inflazioa ez bada %1era edo %1,5era jaisten eta hazkundea ez bada negatiboan sartzen».
%2,044Zenbatekoa den Euriborra gaur. Interes tasa ofizialen jaitsierak zerikusi zuzena du herritarrek eta enpresek ordaintzen dituzten maileguekin, horietako asko tasa aldakorrekoak baitira, Euriborrari lotutakoak. Indize hori %2,044ra jaitsi da gaur, eta %2,055 da ekaineko batezbestekoa. Horrela bukatuz gero, asko apalduko dira ekaineko indizearekin eguneratu beharreko kuotak, iazko ekainean %3,650ekoa baitzen Euriborra.
Aranburuk uste du Euriborrak egonkor jarraituko duela hurrengo hilabeteetan. «%2tik pixka bat jaitsi daiteke, baina ez gehiago».
Agintaldia bukatuko duela ziurtatu DU Lagardek
Christine Lagarde EBZko lehendakariak errotik eten egin nahi izan du banku zentrala utzi eta World Economic Forum (WEF) taldearen buruzagitza hartuko duela dioen eztabaida. «Oraindik ez duzue nire azkena ikusi. Nire agintaldia bukatzeko asmo irmoa daukat. Kito», esan du. WEF da Davosko Foroa antolatzen duen taldea, eta oraintsu arte bere arduradun izandakoak, Klaus Schwabek, Financial Times egunkariari ziurtatu zion Lagarderekin hitz egin zuela hark ordezka zezan, «beranduenez 2027ko hasieran», eta dagoeneko badutela etxe bat harentzat prest Genevako luxuzko urbanizazio batean. Schwabek milioi bat franko suitzarreko soldata izango luke WEFeko arduradun gisa, EBZko presidenteak irabazten duenaren halako bi. Lagarderen zortzi urteko agintaldia 2027ko urrian da bukatzekoa.