EBZk interes tasak bere horretan utzi ditu, baina ohartarazi du Irango gerrak «eragin handia» izango duela inflazioan

Eurogunean %2,6 igoko dira prezioak aurten, abenduan egindako aurreikuspenean baino zazpi hamarren gehiago. Lagardek dio Ukrainako gerraren hasieran baina posizio hobean dagoela eurogunea.

Christine Lagarde EBZko presidentea, Frankfurten gaur egindako agerraldian. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Christine Lagarde EBZko presidentea, Frankfurten gaur egindako agerraldian. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 19a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerokoak gero Europako Banku Zentralarentzat. Ziurgabetasuna «oso handia» den arren, EBZk uste du ez dela norabidea aldatzeko bezain larria. Oraingoz, behintzat. Interes tasak %2an mantentzea erabaki du, seigarren aldiz jarraian, azken asteetan petrolioaren eta gasaren prezioek gorakada handia izan duten arren.

Irango gerrak energiaren merkatua aztoratu du, Ormuzko itsasartearen blokeoaren eta azken egunetan alde batek zein besteak eskualdeko gas eta petrolio azpiegiturei egindako erasoen ondorioz. Hala ere, Christine Lagarde buru duen erakundeak ez du bere moneta politika gogortuko. Haatik, analistek eta merkatuek uste dute ez duela luze itxarongo.

EBZk bat egin du horrela AEBetako Erreserba Federalak atzo hartutako erabakiarekin. Hark ere tasak bere horretan uztea erabaki du —%3,5 eta %3,75 arteko tartean—, baina ohartarazi du ez dagoela argi Irango gatazkak zer ondorio izango dituen eta balitekeela hurrengo bileretan erabakiren bat hartu behar izatea, Donald Trump presidentea horren aurka azaldu den arren.

«Orain azkarrago erreakzionatzeko eta behar dena egiteko gaitasun handiagoa dugu»

CHRISTINE LAGARDEEBZko presidentea

Oraintxe, energiaren garestitzea da banku zentralen kezka nagusia. Petrolioaren eta gasaren prezioen igoera handiak bi arrisku dakartza: batetik, luze gabe inflazioa berriro gorantz bultzatzea; eta, bestetik, hazkunde ekonomikoa moteltzea. Lagardek azaldu duenez, ondorio horien neurria krisi energetikoaren «iraupenaren eta intentsitatearen araberakoa» izango da, baita estatuen erantzunaren araberakoa ere.

Besteak beste, Europako Batasunean herrialde batzuk hasiak dira neurriak hartzen: Italiak, adibidez, erregaien zerga batzuk murriztu ditu. Espainiako Gobernuak bihar aurkeztuko du bere «ezkutu soziala». Bien bitartean, Europako Batzordearen goi bilera bat abiatu da gaur, irizpideak bateratzeko asmoz.

«Goiz» oraindik

Azken hilabeteetan EBZk lortu du inflazioa kontrolpean izatea, %2ko helburuan kokatuta. Horregatik mantendu ditu interes tasak maila berean iazko ekainetik. Aldi berean, baikor agertu izan da euroguneko hazkunde ekonomikoarekin, urte hasiera motela izan arren banku zentralak aurreikusitakoa baino hobea izan baita.

Egoera, ordea, goitik behera aldatu da azken asteotan. Otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoek eta ondorengo erantzun kateak tentsioa zabaldu dute Persiar golkoan eta energiaren merkatuan. Hala, Brent petrolio upela 100 dolarretik gora ari da saltzen, eta une batzuetan 120 dolarrera ere hurbildu da. Hala ere, oraindik ez da iritsi 2022ko otsailean Ukrainako gerra hasi zeneko 140 dolarreko mailara.

109

Brent upelak zenbat balio duen, dolarretan. Brent petrolio upela 109 dolarretan kotizatzen ari da arratsalde honetan, goizean 118 dolarrera iritsi eta gero, gerra hasi zenetik preziorik garestienera. Iranek atzo Saudi Arabiako Yanbuko findegiari egindako erasoak igoarazi ditu prezioak. Gerra hasi aurretik 73 eurotan zegoen. Euskal Herriko gasolindegietara ere iritsi da igoera. Atzo, batez beste 1,780 eurotan zegoen gasolina litroa: aurreko astean baino 7,6 zentimo gehiago. Hilabetean, 29,3 zentimo garestitu da litroa. Diesela, berriz, 1,917 eurotan dago batez beste; aurreko astean baino 6,6 zentimo garestiago eta duela 30 egun baino 46,6 zentimo gehiago. 

Gas likidotuak ere igoera handia izan du gaur, Qatarreko Ras Laffango azpiegiturak jasandako erasoaren ondoren: goizean 70 euroan ordaindu da, aurreko egunean baino 20 euro gehiago. Arratsaldean 62 euroren bueltan kokatu da. Gatazka hasi aurretik 29 eurotan zegoen.

Gauzak horrela, EBZk azpimarratu du ziurgabetasun geopolitikoa handitu arren «zuhur» jokatu beharra dagoela. «Goiz da moneta politika aldatzeko; argitu behar da oraindik gatazkak zer neurri izango duen eta zenbat iraungo duen», azaldu du Lagardek.

Interes tasak bere horretan uzteko erabakia aho batez hartu dute gobernu kontseiluko kideek. EBZko presidenteak nabarmendu du euroguneko inflazioa ez dela %2ko tasatik askorik urrundu, eta maila horretan egonkortzeko «posizio onean» dagoela.

Gainera, Lagarderen irudiko, egungo egoera ez da 2022koa bezalakoa. Orduan, Ukrainako gerraren ondorioz, inflazioa nabarmen igo zen. Orduan ere EBZk denbora bat hartu zuen interes tasak igotzen hasteko. Baina oraingoan abiapuntua «sendoagoa» dela uste du: «Orain azkarrago erreakzionatzeko eta behar dena egiteko gaitasun handiagoa dugu». Horren harira, azaldu du banku zentralak hobeto ulertzen duela nola hedatzen diren energiaren prezioen igoerak ekonomia osora.

Inflazio gehiago, hazkunde motelagoa

Interes tasak aldatu ez baditu ere, EBZk eguneratu egin ditu euroguneko inflazio eta hazkunde aurreikuspenak, eta oraingoan kontuan hartu du energiaren garestitzeak izan dezakeen eragina. Salbuespen gisa, martxoaren 11ra arte bildutako datuak erabili ditu, ohi duen bezala aurreko hilabeteko erreferentzia erabili ordez.

Aurreikuspen berrien arabera, inflazioa %2,6ra igoko da urte amaieran; %2ra jaitsiko da 2027an, eta %2,1ean kokatuko da 2028an. Abenduan egindako aurreikuspenekin alderatuta, nabarmen igo du 2026rako kalkulua, zazpi hamarren, orduan %1,9 inflazioa iragarri baitzuen.

Hazkunde ekonomikoari dagokionez, halaber, ikuspegia okertu egin du. EBZko adituek uste dute euroguneko barne produktu gordina %0,9 handituko dela 2026an, %1,3 2027an eta %1,4 2028an. Abenduko aurreikuspenetan, %1,2ko hazkundea espero zuten aurten.

Aurretik egindako kalkuluetan, petrolioaren prezioa askoz apalagoa izango zela espero zuen EBZk —62 dolar ingurukoa datozen urteetarako—, eta gasaren prezioak ere beherantz egingo zutela. Egoera berriak, ordea, hankaz gora jarri ditu hipotesi horiek guztiak.

Lagardek azaldu duenez, beheranzko zuzenketa hori, batez ere, lehengaien merkatuetan gerrak eragindako gorabeherek, familien erosahalmenaren galerak eta mundu mailako konfiantzan izandako narriadurak eragin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!