EBZren plana badabil; haren segurtasuna, ez

Draghik ziurtatu du zor erosketa masiboa maileguak errazten eta ekonomia suspertzen ari dela.Protestari bat mahai gainera igo zaio

Draghi, ikaratuta, atzo, Frankfurten. BORIS ROESSLER / EFE.
Iker Aranburu.
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gauza batzuek funtzionatzen dute Europako Banku Zentralean, eta beste batzuek, ez. Bere diru politika badabil, edo hori uste du behintzat Mario Draghi banku zentraleko presidenteak. Ziurtatu du zorra modu masiboan erosteko programari esker —eta petrolio merkeagoak lagunduta— euroguneko ekonomia biziberritzen ari dela, inflazioa itzultzen ari dela eta familiek eta enpresek mailegu gehiago eta merkeagoak dituztela.

Ongi ez dabilena, berriz, EBZko Frankfurteko egoitza berriko segurtasuna da; atzo protestari bat sukalderaino sartu zitzaien. Emakume gazte bat mahai gainera igo zitzaion Draghiri, eta haren paperak eta konfetia airean bota zituen, «EBZren diktadura amaitu» oihukatzen zuela. Elastikoan idatzita zeukan leloak —ECB dick tatorship—diktadura eta zakilahitzen arteko jokoa egiten zuen. Segurtasun indarrek airean eraman zuten emakumea. Kazetari baimenarekin sartu zen.

Draghik ikara handiko keinuak egin zituen protestaria mahai gainean jarri zitzaionean, baina bizkor berreskuratu zuen ohikoa duen patxada, eta bere diru politikaren arrakasta goraipatzen jarraitu zuen. «Indarrean jarri genituen diru politikako neurriak eraginkorrak diren zantzuak oso garbiak dira», adierazi zuen. Zor publikoaren erosketa masiboari buruz ari zen —QE edo quantitative easing programa—, martxoaren hasieran indarrean jarritakoa. Horren bidez, EBZk hilero 60.000 milioi inprimatzen ditu bankuei eta beste inbertitzaileei bonuak erosteko. Haiek, jaso duten diruarekin, mailegu gehiago ematea edo beste aktiboetan inbertitzea lortu nahi dute programaren bidez, horrek ekonomia suspertuko duelakoan.

Baietz dio Draghik, finantza baldintzak hobetu direla eurogunean, eta errazagoa dela orain maileguak lortzea, eta interes tasa txikiagoekin gainera. Horren arrazoietako bat da likideziaz gainezka daudela euroguneko bankuak, eta orain arte diru hori beren kontuak saneatzeko erabili badute ere, gero eta gehiago ari direla maileguetara bideratzen. Edonola ere, horrek ez du ekarri maileguak gehitzea, haien jaitsiera erritmoa moteltzea baizik: 2014ko otsailean %3,2 ari ziren jaisten urte arteko tasan, %0,9 urtarrilean, eta %0,4 otsailean.

Inflazioa handitzeko helburua ere badute EBZren planaren bidez. Draghik horretan ere aurrerapausoak ikusi ditu, baina aitortu du hurrengo hilabeteotan inflazioa oso txikia edo negatiboa izango dela. 2016an %2ko helburura gerturatzen hasiko dela espero du.

Draghiren agerraldiak beste protesta bat eragin du: ELArena. «Gezurti eta lotsagabe» deitu dio, Espainiako kazetari bati erantzunez lan merkatuaren beste erreforma bat eskatu baitzuen, «enpleguaren dualtasuna amaitzeko». ELAren arabera, erreformen helburua ez da enplegua sortzea, «kaleratzeak merkatzea eta erraztea baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.