Egurra baliatzeko eskatu die Baskegurrek administrazioei

Nabarmendu du EAEko egurraren industria Europako hegoaldeko sendoenetako bat dela, baina enpresa ugarik atzerrira jo behar izaten dutela beren produktuak saltzera.

Langile batzuk egurra mozten, Maderas Gamiz zerrategian. RAUL BOGAJO / FOKU
Langile batzuk egurra mozten, Maderas Gamiz zerrategian. RAUL BOGAJO / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko urriaren 26a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lehiakortasuna indartzea nazioarteko lehia handiko egoera batean»: horixe da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egurraren industriaren erronkarik handiena datozen urteetan, Oskar Azkarate Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteko zuzendari nagusiak adierazi duenez. Horretarako, arloko enpresak «modernizazioan» urratsak egiten ari direla azpimarratu du, «tokiko baliabideak balio erantsi handiagoko produktu bihurtzeko».

Azkarateren ustez, EAEko egurraren industria «Europa hegoaldeko sendoenetako bat» da, eta badu ezaugarri bat «adibidez Espainiakoak ez duena»: egur gehiena bertako basoetatik eskuratzen du; zehazki, erabilitako egurraren %70. Garrantzia eman dio horri, haren esanetan jasangarritasunari dagokionez atzerritik egur gehiago eskuratzeak karbono aztarna handiagoa eragiten baitu.

Industria sendo egonagatik ere, enpresa ugarik egurra atzerrian saldu behar izaten dutela ohartarazi du Azkaratek —Katalunia, Erresuma Batua eta Frantzia aipatu ditu—, Euskal Herrian ez baitute horretarako aukera handirik. Halere, sektorea «baikor» dago etorkizunera begira: «Egurraren merkatuak geroz eta gehiago eta handiagoak dira».

Apustu sendoa

Aurrera begirako erronkei buruz, egurraren sektoreko patronaleko buruak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Egurraren Plan Estrategikoa aurkeztu berri duela: horren arabera, datozen lau urteetan 225 milioi euro mobilizatzea aurreikusten du —45 milioi euro inbertsio publikotik eta beste 180 milioi ekarpen pribatuetatik eratorriak—. Besteak beste, planak xede du basoen kudeaketa hobetzea eta sektoreko enpresen lehiakortasuna, prestakuntza eta digitalizazioa sendotzea.

(ID_17930223483965) (/BASKEGUR) Oskar Azkarate Baskegur patronaleko zuzendari nagusia
Oskar Azkarate Baskegur patronaleko zuzendari nagusia. BASKEGUR

Urrats horiek egiteko, Baskegurreko zuzendari nagusiak nabarmendu du «funtsezkoa» dela sektorearen eta erakundeen arteko lankidetza: «Basoen kudeaketan eta ikerketan aurrerapausoak egiteko tresnak ditugu; orain, profesionalei aukera eman behar diegu ezagutza eta segurtasun handiagoarekin lan egiteko».

Zuraren erakusleiho

Egurtek zuraren inguruko nazioarteko foroa ere antolatu du Baskegurrek. Bi urtean behin antolatzen dute, eta Barakaldoko BEC erakustazokan egingo dute (Bizkaia), asteazkenean eta ostegunean. Sektoreko enpresak biltzen dira han, eta baita arkitekturaren eta ingeniaritzaren arloko profesionalak ere, besteak beste.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA