EHNEk salatu du landare jatorriko produktuak saltzen direla «haragia balira bezala»

Produktu horiek saltzen dituzten enpresek Europako eta Espainiako legediak urratzen dituztela eta etiketatzea irregularra dela deritzo sindikatuak. Horregatik, legea gogortzeko eskatuko dute.

Nafarroako EHNE sindikatuaren agerraldia, Iruñeko Carrefourren parean. IÑIGO URIZ / Foku
Nafarroako EHNE sindikatuaren agerraldia, Iruñeko Carrefourren parean. IÑIGO URIZ / Foku
joxerra senar
2024ko apirilaren 17a
17:30
Entzun

Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta EHNEk aukera baliatu du Carrefour supermerkatuaren aurrean egoera bat salatzeko. Fermin Gorraiz eta Patxiku Irisarri sindikatuko kideek jakinarazi dute saltokiek guztiz landare jatorrikoak diren produktuak saltzen dituztela «haragia balira bezala». Produktuok ekoizten dituzten enpresek Europako legedia urratzen dutela eta etiketatze irregularra egiten dutela salatu dute.

Hori frogatzeko, Carrefourren Iruñeko supermerkatu nagusian erositako hainbat ekoizkin aurkeztu dizkiete komunikabideei: hanburgesa bat —ingelesez jartzen du «landareekin egina» dela—, etiketan «txorizo originala» jartzen duen elikagai bat, frantsesez urdaiazpiko begetal gisa saltzen den beste produktu bat...

Irisarriren eta Gorraizen arabera, hori «debekatuta» dago, «Europako eta Espainiako legediak urratzen baititu». Orduan, zergatik jarraitzen dute produktu horiek saltzen? EHNEko kideen arabera, enpresa ekoizleek zerbitzu juridiko onak dituzte, eta legearen zirrikituak «ederki» baliatzen dituzte debekuei izkin egiteko.

Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu diote Italiaren eta Frantziaren bidetik jotzeko eta legea gogortzeko. Italian, kasurako, pentsu sintetikoak saltzea galarazita dago. Frantziako Gobernuak, berriz, Europako Batasunari jakinarazi dio dekretu bat lantzen ari dela landare jatorriko ekoizkinetan haragiari erreferentziarik ez egiteko. Zehazki, haragiarekin zerikusia duten hitzak erabiltzea debekatu nahi dute: hala nola xerra, barbakoa, saiheskia, azpizuna, txuleta...

EHNEren arabera, «funtsezkoa da» herritarrek informazio argia izatea, bakoitzak nahi duen hori aske aukeratzeko modua izan dezan. Kontsumitzaileei azaldu diete gaur egun bi eredu dituztela aurrez aurre Euskal Herrian bertan. Batetik, tokiko eta gertuko produktuak ekoizten dituzten laborariena. «Bestea egun hauetan Bilbon ospatzen ari den Food 4 Future azokan islatutakoa da. Berrikuntzaz jantzitako ekitaldi bat izango da, eta, foodtech, robotika eta automatizazioa bezalako kontzeptuak erabiliz, elikadura segurtasuna eta elikagaien industriako segmentuak prozesatzeko eta ontziratzeko teknikak aurkeztuko dira, nonbait».

Eredu horren barruan «mehatxurik larriena» haragia ekoizten dituzten laborategiak direla deritzote. «Mehatxua oso gertu dago, Donostian. Han, atmosfera kontrolatutako laborategian haragia ekoizteko pabiloi bat eraikitzen ari dira». EHNEk ohartarazi du alor horretan aritzen diren enpresek helburu gisa jarri dutela 2035erako «abeltzainek ekoitzitako haragiaren zati handi bat» ordezkatzea. Behien kutsaduraren aurkako kanpainen atzean egotea aurpegiratu diete.

Nazioarteko egunari begira, EHNEk gogorarazi du lehen sektorea borrokan ari dela oraindik ere.

Subiranotasunaren aldeko deialdia

Iruñeko Geltokin, nekazaritzako hainbat elkartek prentsaurreko bat egin dute — Baztango Zaporeak, Belardi, Habelarte, Plazara, Etxalde, EHKOlektiboa, Bizilur Nafarroa, Hazialdeko eta Ekoalde—. Elikagai subiranotasunaren alde apirilaren 27an egingo den mobilizazioarekin bat egitera deitu diete herritarrei. Deialdiak kontsumo arduratsuko eragileen, talde feministen, sindikatuen eta gizarte arloko beste hainbat erakunderen babesa jaso dut. Guztira, ehun inguru.

Nazioarteko egunaren testuinguruan, adierazi dute azken hogei urteetan lehen sektorea erdira murriztu dela. «2.300 nekazari baino gutxiago ditugu gaur egun. Desagertze horrek, funtsean, gure ekoizpen ereduari eragin dio, hau da, ekoizpenik txikienei, dibertsifikatuagoei eta lurraldeari lotuago daudenei». Kezkagarritzat jo dute abeltzaintza estentsiboa desagertzen ari dela eta haren ordez makroetxaldeen eredua indartzen ari dela. «Eredu intentsibo horrek ondorio larriak eragiten ditu landa eremuan, ingurunean, baliabide naturaletan», gogorarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.