Ehundik gora lanpostu sortuko ditu Bricomarten inbertsioak Galdakaon

Formica zegoen lekuan eraikuntzarako materialak saltzeko denda jarriko du Frantziako enpresak.Langile gehienak Galdakaon bertan eta inguruetan kontratatuko dituela agindu du Bricomartek

Bricomarten saltoki bat, Sevillan (Andaluzia, Espainia). BERRIA.
Iker Aranburu.
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Formicaren itxierak Galdakaon (Bizkaia) 2012an utzitako zuloaren zati bat estaliko du Bricomartek. Eraikuntzarako produktuen banatzaileak iragarri zuen atzo 110 lanpostu sortuko dituela Formicak betetzen zuen orubean. Beste 25 lanpostu zeharka ere eragingo ditu Bricomarten inbertsioak, azpikontraten bidez edo zerbitzu enpresen bidez. Hilabete honetan Bizkaian iragarritako bigarren inbertsio handia da; maiatzaren hasieran Precicastek iragarri zuen fabrika berria jarriko duela Sestaon, 200 lanposturekin.

Bricomarteko hiru arduradunek Galdakaon egin zuten atzo inbertsioaren iragarpena, herriko alkate Ibon Uribe (EAJ) eta haren alderdiko ahaldun nagusigai Unai Rementeria han zirela. Azaldu zutenez, 14 milioi euro inbertituko dituzte, 9.000 metro koadroko salmenta eremua izango duen saltokia prestatzeko. 14.000produktu izango dituzte salgai, haien artean eraikuntzarako edo iturgintzarako materialak, egurrak, margoak, tresna elektrikoak, sukaldeak, erremintak eta burdindegietako piezak.

Sektore horretako enpresetan munduko hirugarren handiena da Bricomart, eta Europako lehena. Kontinentean 63 saltoki ditu, Frantzian (35) eta Italian (11) batez ere. Adeo talde frantziarraren parte da, Leroy Merlinekin eta Akirekin batera.

«Kalitatezko enplegua»

Bricomarteko buruek ziurtatu dute «kalitatezko enplegua» izango dela, beren langileen %90ek kontratu mugagabeak dituztelako. Kontratazioetako asko Galdakaon bertan egingo dituztela iragarri dute, enpresa ongi joateko baldintzen artean baitute beharginak lantokitik gertu bizitzea.«Horrek lagunduko du lan giro bikaina izaten, eta enplegatuekin eta hartu gaituen hiriarekin geure konpromisoak bete ahal izango ditugu horrela».

Uribek eskerrak eman zizkien Bricomarteko buruei Galdakao aukeratzeagatik. «Formica geure herriaren ikur bat zen, eta hura itxi ondoren ahalegin handiak egin ditugu ingurua biziberritzeko. Bricomarten etorrera berri bikaina da, inguruarentzat motor ekonomikoa izan daitekeelako». Frantziako multinazionalaren atzetik beste inbertitzaile batzuk iritsiko diren itxaropena azaldu zuen Galdakaoko alkateak.

Frantziakoa ez, Bizkaiko bertakoa da lurralde horretan beste inbertsio handia iragarri berri duen Precicast. ITPren filial horrek fabrika bat du Barakaldon, eta handik gertu jarriko du lantegi berria, Sestao Bai industrialdean. Bizkaiko Aldundiak aurreratuko dio inbertsioaren zati bat.

a eta hurrengoak testua bigarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.