Ekainaren 1ean jarriko da indarrean Eusko Jaurlaritzak auto zaharra bota eta berria erosteko Renove plana. Egun horretatik aurrera jasotako eskaerentzat izango da laguntza, 2.000 eta 3.000 euro artekoa. Espedientea osorik jaso ahala banatuko du laguntza EEE Energiaren Euskal Erakundeak, dirua bukatu arte.
Javier Zarraonandia Industria sailburuordeak eta Iñigo Ansola EEEko buruak azaldu dutenez, Jaurlaritzak bost milioi euro jarriko ditu. Autoen erosketa suspertzeko azken laguntza plana izan daitekeela iradoki du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak.
Aurreko planaren laguntza kopuru bera banatuko du aurten Jaurlaritzak. Hau da, 3.000 euro auto edo furgoneta elektrikoa erosten dutenentzat, eta 2.000 eurokoa gasolina eta gasolioa darabiltena aukeratzen dutenentzat. Erregai gisa hidrogenoa, gas naturala edo GLPa dutenek ere 3.000 euroko saria izango dute.
Jaurlaritzaren laguntzak Espainiako Gobernuak ematen dituenekin bateragarriak direnez, auto elektrikoak erosten dituztenek 10.000 euro jasoko dituzte —7.000 Madrilek, eta 3.000 Gasteizek—. Laguntza 10.700 eurora irits daiteke 5.000 biztanletik beherako herrietan bizi direnentzat, mugikortasun arazoak dituztenentzat, taxilarientzat eta ibilgailu gidaridun baimena dutenentzat, haiei %10eko gainsaria emango baitie Espainiako Gobernuak.
Laguntza jaso ahal izateko, hamar urtetik gorako autoa txatartegira bidali beharko du erosleak: muga zazpi urtekoa izango da autonomoen eta enpresen autoentzat. Gehienezko prezio bat ere izango da auto berrientzat: 25.000 euro erreketakoa bada, eta 40.000 elektrikoa bada.