Ekian eguzki energia fotovoltaikoaren parkea energia ekoizten ari da dagoeneko. Ekimen publikoz eta pribatuz egindako parkea da, eta Araba hegoaldean dago, Erriberabeitiko udalerrian. 67.200 panel ditu denera, eta, sustatzaileen arabera, 40.000 MW produzituko ditu urtero; hots, 15.000 familiak tarte berean kontsumitzen duten adina. Arabako parke fotovoltaikorik handiena da; 55 hektarea ditu, eta 24 MWeko potentzia, baina ez da Euskal Herriko handiena; izan ere, Nafarroan aurreratuago dute energia mota horretako ekoizpena. Aurten, esaterako, Tuterako Enhol enpresak beste hiru parke eraikitzeko asmoa du, eta hiruren artean 126 MWeko potentzia izango dute.
Orain urtebete aurkeztu zuten proiektua, Gasteizen, eta, zortzi hilabeteko lanen ondoren, gaur egin dute inaugurazio ekitaldia. Bertan izan dira proiektuaren sustatzaile diren erakunde eta enpresetako ordezkariak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du Ekian parkeak bi erronka batzen dituela: energetiko eta ekologikoa, batetik, eta teknologiko eta digitala, bestetik. «Bi erronka horiek aukera bihurtzen ditu», adierazi du.
Izan ere, proiektuak Estrategia Energetikoa 2030 txostenean jasotako helburuei erantzun asmo die, baina aukera izan nahi du industria eta teknologia sektoreentzat ere. Ildo horretan, Urkulluk adierazi du Ekian «funtsezko inbertsio» dela. «Euskadin energia garbi gehiago izatea lehenetsiko dugu, eta, era berean, ingurumenaren erronka aukera industrial baten gisan bultzatuko dugu».
Ekimen publikoz eta pribatuz egindako parkea da, eta EEE Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN dira proiektuaren sustatzaile nagusiak. Baina hainbat sektoretako 26 enpresa ere batu dira proiektura: Irizar, Iberdrola, Petronor, Vital fundazioa, Danobat eta Inbisa, besteak beste. Denen artean, 24 milioi euroren inbertsioa egin dute.
«Bidea egiten»
«Ezina ekinez egina»: Esaldi horrekin laburbildu du Iñigo Ansolak Ekian proiektua. Izan ere, EEEko zuzendari nagusiak azpimarratu du trantsizio energetikoa «zeregin kolektibo erraldoia» dela, eta helburu horri erantzun asmo duela eguzki energiaren parkeak. Nabarmendu du, hala ere, Eusko Jaurlaritza «bidea egiten» ari dela dagoeneko. «Gure aurrekoek egin zuten moduan, bidea eginez goaz; energia proiektu handiak batetik, eta ekimen xumeagoak bestetik. Izan ere, gizarte osoaren beharra daukagu helburutzat hartu ditugun konpromisoak betetzeko».
Hain zuzen, Ansolak berak aurreko astean iragarri zuen Jaurlaritzak parke eoliko bat jarri nahi duela aurten. Iturrietako mendietan izango da ziurrenik, Erroetan (Araba). Ekimen publiko eta pribatuen bidez egingo dute parke hori ere, Iberdrolak eta EEEk elkarrekin osatutako Aixeindar sozietatearen bidez, alegia.