Uztailean aurreratutako datua berretsi du Nastat Nafarroako estatistika erakundeak: bigarren hiruhilekoan, ekonomia %2,6 handitu da lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta %18,5 iazko epe bereko datuarekin alderatuz gero. Datuok baieztatzen dute ekonomia indarrez suspertzen ari dela, batik bat industriak eta barne eskariak, gehienbat familien kontsumoak, bultzatuta.
Hain zuzen ere, iragan astean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekonomiak joera bera duela azpimarratu zuen Jaurlaritzak. Apur bat apalago bada ere, %2,2 handitu zen bertako ekonomia bigarren hiruhilekoan.
Eskaintzari erreparatuta, sektore ekonomikoen artean indartsuen industria ari da hazten. Iazko epearekin alderatuta, %26 handitu da industriaren jarduera martxotik ekainera bitartean. Dena den, iragan urte amaieratik lehengaien eta energiaren garestitzeak bete-betean eragin die industriako azpisektore batzuei, eta hornidura arazoak izaten ari dira enpresak —tartean, VW bera, erdieroaldeen krisia dela eta—.
Nastaten datuetan ez da egoera hori islatu, baina urtarriletik uztailera arteko industria produkzioaren jarduera indizeak jaso du eragin hori. Iazko uztailetik, urtebetean Nafarroako industria jardueraren indizea %9,6 handitu zen, eta garraio osagaiek (%60), papergintzak eta zurgintzak (%23), eta metalgintzak (%21) joera hobea izan arren, energia sektoreak %20 egin zuen atzera, eta manufaktura eta elikagai industriek %3,8 eta %1,9 baino ez zuten egin gora.
Beste sektoreei begira, lehen hiruhilekoarekin alderatuta murrizketen arintzeak eta alarma egoera altxatzeak mesede egin zien zerbitzuei (%21,4 handitu da), batik bat ostalaritzari, merkataritzari eta garraioari. Joera horrekin bat eginez, Nastatek hotelen abuztuko datua eman du: Nafarroako hotel eta ostatuetan 278.101 egonaldi erregistratu dira, iaz baino %79 gehiago.
Neurri batean, joera hori barne eskariak berak hauspotu du. Oro har kontsumoa %13,8 handitu da bigarren hiruhilekoan, batik bat familien zein norbanakoen erosketek (%16,8) eta enpresen inbertsioek (%24,2) gidatuta.
Kanpo merkataritzari dagokionez, Nafarroako enpresek iaz epe berean baino %31,4 gehiago esportatu zuten martxotik ekainera bitartean, batik bat industria jarduerak bultzatuta. Halaber, inportazioak %27,9 handitu dira; Nastaten arabera, esportazioen eta inportazioen arteko alde horrek barne kontsumoaren «dinamismo handiagoa» adierazten du.
Suspertzeak eragina izan du enpleguan. Bigarren hiruhilekoan %15,7 handitu da enplegu kopurua, iazko epe berarekin alderatuta. Industrian %16,5eko gorakada izan du; merkatuen zerbitzuetan, %22,8koa; eta eraikuntzan, %18koa.