Nazioarteko Diru Funtsak iragarri duenez, koronabirusari aurre egiteko neurriek %3 txikituko dute aurten munduko barne produktu gordina, kopururik handiena 1930eko Depresio Handiaz geroztik. Hori bezain kezkagarria da 2021ean gertatzekoa den errebote efektua ez dela nahikoa izango 2020an galdutakoa berreskuratzeko, ez behintzat Europan. Hau da, ekonomia geratzeak eta asteetako konfinamenduek gutxienez bi urtez ondorio kaltegarriak izango dituela lan merkatuan eta herritarren bizi baldintzetan.
Euskal Herria kaltetuenen artean izan daiteke, NDFk Espainiarentzat eta Frantziarentzat emandako datuak erreferentzia gisa hartuz gero. Izan ere, NDFk uste du Espainiako BPGak %8 egingo duela atzera 2020an, eta %4,3 baizik ez duela gora egingo 2021ean. Zenbakiak pixka bat hobeak dira Frantzian: -%7 aurten, eta +%4,5 datorren urtean.
Amiltzea bereziki indartsua izango da Europa hegoaldeko beste bi herrialdetan: koronabirusak gogor jo du Italian, eta, Erromako gobernuak hartu dituenez neurririk gogorrenak —jarduera ekonomikoa oraindik geldirik dago—, %9,1 uzkurtuko da hango ekonomia.
Osasunari dagokionez, egoera ez da hain larria Grezian, baina turismoarekiko menpekotasun handia du, eta hori da, dirudienez, bere onera etorriko den azken sektorea; Greziaren BPGak %10etik gorako galera izango du.
Atzeraldirik ez Txinan
NDFren iragarpenak betetzen badira, herrialde handi gutxik egingo diote izkin atzeraldiari. Haien artean dago Txina; koronabirusaren epidemiaren iturburua izan arren, dagoeneko utzi du atzean ekonomiaren geldialdia, eta urtearen hasieran geratutako jarduera urratsez urrats berreskuratzen ari da. NDFk uste du %1,2 haziko dela, kopuru oso apala Txinarentzat; 2021ean, berriz, %9,2 haziko litzateke.
Antzeko kopuruak izango lituzke Indiak: %1,9 aurten, eta %7,4 datorren urtean.
Funtsaren udaberriko iragarpenen berri ematean, Rita Gopinath NDFko ekonomisten buruak ez zuen saiorik egin egoera makurra ezkutatzeko. «Atzeraldi sakon batean gaude. Enpresa askoren porrota eragingo duen atzeraldi bat da; langabezia asko handituko da, eta orbainak utziko ditu». Espainian, esaterako, langabezia sei puntu igoko da aurten, %20,8ra, eta %17,5era baizik ez da jaitsiko 2021ean. Hori, gainera, izango da udazkenean ez badago beste konfinamendurik. Hala balitz, ekonomia are gehiago uzkurtuko litzateke, eta langabezia, handitu.
Oro har, langabezia gehiago haziko da babes sistema ahula duten herrialdeetan, hala nola AEBetan: 2019ko %3,7tik salto egingo du %10,4era (2020), eta %9,1era jaitsiko da 2021ean. Eurogunean, berriz, %7,6tik %10,4era igoko da, eta %8,9ra jaitsiko da hurrengo urtean.
Osasunak du lehentasuna
NDFk dagoeneko bataiatu du oraingo egoera ekonomikoa. 1930eko Depresio Handiaren eta 2007-2008ko Atzeraldi Handiaren ondoren, 2020koa Itxialdi Handia izango da.
NDFk ontzat hartu du ekonomia geratu izana COVID-19ari aurre egiteko —«ezin dira maila berean jarri bizitzak salbatzea eta ekonomia salbatzea»—, eta iragarri du neurri arinagoak hartu dituzten herrialdeetan ere atzeraldiak sakonak izango direla.