«Euskaraz lan egin ahal izatea beste batzuen lehentasun nazionala dela esaten duenean, Anduezak argi utzi du euskara ez dela bere nazioaren parte, eta gaztelania beste nazio bateko hizkuntza dela. Inposizio deitzeak proposamenaz baino gehiago esaten du pertsonaz, haren nazio ikuspegiaz eta langileei opa dizkien eskubideez». Pello Igeregi ELAko zuzendaritza batzordeko kideak horrela erantzun die Eneko Andueza PSEko presidenteak Euskal Enplegu Publiko Lege berriari eginiko kritikei.
Anduezak, izan ere, lehentasun nazionala inposatzea egotzi zien EAJri eta EH Bilduri, eta normalean eskuin muturrak erabiltzen duen kontzeptu bat baliatzea leporatu zien alderdi abertzaleei. Igeregik, ordea, bueltan bidali dio hori, eta esan «jarrera supremazista» harena dela: «Erakunde publiko batean euskaraz hitz egin ahal izatea inposiziotzat hartzea jarrera supremazista da, erabat onartezina».
«Ikusi baino ez dago A ereduan ikasitako batzuek azkenaldian zer adierazpen egin dituzten, eta zeinek defendatzen duen gaztelaniaz jakitea baino bermatzen ez duen eredu hori»
PELLO IGEREGI ELAren zuzendaritza batzordeko kidea
Gaian sakondu du Igeregik, eta gaineratu Anduezak ez duela «bere egin nahi» euskara, eta horregatik kokatzen duela beste nazio batean. Halaber, leporatu dio hizkuntza «sendatu ezin daitekeen arazo genetiko bat bezala» jorratzen duela, eta eskatu dio berma dezala mundu guztiak euskara ikasteko baldintza kolektibo duinak izatea.
Alde horretatik, PSEko buruak «politika linguizida» egiten duela salatu du, eta jende askori ukatu diola euskara ikasteko eskubidea: «Ikusi baino ez dago A ereduan ikasitako batzuek zer adierazpen egin dituzten azkenaldian, eta zeinek defendatzen duen gaztelaniaz jakitea baino bermatzen duen eredu hori».
Jaurlaritzaren deirik ez
Igeregik absentismoaz hitz egiteko agerraldi batean egin ditu euskararen adierazpenak; izan ere, ELAk txosten bat egin du haren jatorria aztertzeko. Sindikatuaren ustez, prekaritateak, osasun publikoaren narriadurak eta prebentzio faltak okertzen dute Euskal Herriko langileen osasuna. Halaber, argitu du Jaurlaritzak afera aztertzeko kontrataturiko lantaldea ez dela jarri harremanetan ELArekin.
«Absentismoa kontzeptu ideologikoa da», salatu du Igeregik, eta Euskal Herrian «%0» dela tasa: «Langile bat lanera ez badoa, eskubide bat baliatzen ari da, mediku batek ez joateko esan baitio». Errealitate horren atzean bi arrazoi daudela nabarmendu du: prekarizazioa eta osasun zerbitzu publikoen egoera kaskarra.
%45,44Bajen gorakada pandemiaz geroztik 2019tik 2025era, gaixotasun arruntak pairatzen dituzten langileen kopurua %33,4 handitu da EAEn, eta %45,44 Nafarroan. Gaixoaldien iraupena, berriz, %1,41 luzatu da EAEn, eta %6,5 Nafarroan. Sindikatuak ondorioztatu du langileen osasuna are kaltetuago dagoela baina lanerako buelta duela sei urtekoaren antzekoa dela.
Hainbat datu deigarri daude txostenean, esaterako, buruko osasunari dagokionez. Sindikatuak datu ofizialak eta nazioarteko hainbat ikerketa aztertu ditu, eta ondorioztatu du pandemiaz geroztik %490 handitu direla osasun mentalarekin zerikusia duten ezintasunak. Halaber, gaineratu du lanarekin harremana duten depresioak, antsietatea eta suizidio saiakerak ugaritzen ari direla.
Sindikatuaren arabera, EAEn langileen %6,57 ez doaz lanera aldi baterako osasun arazoren bategatik; Nafarroan, berriz, %5,47 dira. Espainian %5,51ekoa da datua. Kopurua handiagoa izan arren, bajak Espainian baino laburragoak dira batez beste, batik bat Nafarroan: EAEn, 41,25 egun irauten dute; Nafarroan, 28,99 egun; Espainian, 42,29 egun.
Alde horretatik, salatu dute Confebask baja osagarriak lan hitzarmenetatik kentzen saiatzen ari dela, eta ELAk iragarri du ez duela halakorik onartuko negoziazio mahaietan. Patronalari «zinismoz» jokatzea egotzi dio: «Patronala ari denez lan baldintzak eta langileen osasuna okertzen, zinismo onartezina da lan kostuez hitz egitea».