Bost milioi euro baino gehiago hiru urte eta erdian. Hori da ELAren Bidelagun fundazioaren ekintza judizialak izan duen kostua enpresentzat, afiliatuen mesedetan. Sindikatuak fundazioa sortu zuen enpresak eta erakunde publikoak prebentzio neurriak betetzera bultzatzeko asmoz, eta ordutik 500 espediente baino gehiago sortu ditu hark. Epaien edo akordioen ondorioz, kalteen, gaixotasun profesionalen eta lan istripuen kargu egin behar izan dute enpresek, eta milaka euroko kalte ordainak jaso dituzte beharginek.
Gaur agerraldia egin duten fundazioko kideek: Itxaso Imatzek, David Penak eta Ainhoa Ordorikak. Nabarmendu dute 2022ko martxotik lan aitzindaria egin dutela «espezializazio juridikoan eta prebentzio berrikuntzan oinarrituta». Gogorarazi dute euren helburua ez dela soilik kalteak kuantifikatzea eta kalte ordainak lortzea, baizik eta enpresen logika eraldatzea: prebentzioan inbertitzeko betebeharra euren gain hartu dezatela nahi dute, eta langileen osasuna arriskuan jartzea errentagarria ez dela uler dezatela. «Laburbilduz: enpresentzako garestiagoa izan behar du langileen bizitza eta osasuna arriskuan jartzeak, hura babesteak baino», adierazi dute.
«Enpresentzako garestiagoa izan behar du langileen bizitza eta osasuna arriskuan jartzeak, hura babesteak baino»
BIDELAGUN FUNDAZIOA
Landu dituzten alor nagusien berri emateko baliatu dute parada. Amiantoaren eta silikosiaren biktimei dagokienez, esaterako, lortu dute epaitegiek gaixotasunen eta enpresen arduraren arteko lotura zuzenak aitortzea. Kausa horregatik kalte ordainak ordaindu behar izan dituztenen artean enpresa handiak daude: Petronor, Iberdrola, Patricio Echeverria, CIE Automotive, Sunsundegui, Koyo Bearing, Forjas Alavesas, Acenor, Aceria de Alava, Tubacex, Fagor Ederlan, La Naval, Sidenor, Cofivacasa eta Fundacion Fumbarri. ELAk nabarmendu duenez, «dimentsio ekonomikotik haratago, ebazpen horiek isiltasunez eta zigorgabetasunez betetako hamarkadak hausteko» balio izan dute.
Bestalde, fundazioak lortu du estresak eta antsietateak eragindako bajak lan istriputzat hartzea Osakidetzan, Ander Deuna Ikastolan, Carlos III Zentroan, AKT Plasticos enpresan eta, berriki, Oñatiko eta Gasteizko udaletan. «Aitortza horrek kalte psikosozialak laneko kontingentzia gisa hartzen ditu, eta prebentzio faltagatik erantzukizunak eskatzeko bidea irekitzen du», azaldu dute.
Lan istripuen azterketak ere eginarazi ditu Bidelagunek zenbait enpresatan  —BM, Servicios Ecologicos de Navarra, Echeveste Hermanos, Todolufe, Lar, Construcciones Urrutia eta Electrificaciones Radimer— eroriko, kolpe edo auto harrapaketengatik, eta epai horiek patronalarentzat mezu sakona direla esan dute: «Lan osasuna babesteko eska daiteke, eta justiziak langileen osotasuna arriskuan jartzen duten omisioak aitortu eta konpontzen ditu».
BIDELAGUN FUNDAZIOAK LORTUTAKO KALTE ORDAINIK HANDIENAK
366.852 euro Laulagun Bearings errodamendu enpresan (Idiazabal, Gipuzkoa).
182.961 euro Anoeta Zelaia eraikuntza ABEEan (Donostia).
179.466 euro Omnia SL armadura enpresan (Etxarri Aranatz, Nafarroa).
161.293 euro Sunsundegui SAÂ karrozeria enpresan (Altsasu, Nafarroa)
150.000 euro Fagor Ederlan galdaketa enpresan (Tafalla, Nafarroa) eta beste 150.000 Cementos Portland zementu enpresan (Olatzagutia, Nafarroa).
Arrisku psikosozialen arloan ere aldeko epaiak lortu ditu fundazioak Prezero eta AKT Plasticos enpresetan eta Ondarroako Udalean, eta aurrekaria ezarri duelakoan dago: «Estresa, antsietatea eta lanetik eratorritako beste nahasmendu batzuk ez dira ez saihetsezinak ez onargarriak».
Beharginek jazarpenak edo sexu erasoak jasan izanagatik kalte ordainak eskuratzea ere ahalbidetu dute Kamsouth enpresan, Gorlizko Udalean eta Osasunbidean aritzen den Catering Arcasa enpresan, prebentzio eta babes neurririk ez zutelako. «Sexu jazarpena eta erasoak ez dira gertakari bakanak, baizik eta protokolo eraginkorrik eta lan ingurune segururik ez izatearen ondorio zuzenak», adierazi dute.
Azkenik, kontatu dute Covid iraunkorrarekin lotutako aldeko ebazpen bat ere erdietsi dutela Eulenek kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza batean, eta bide penalera jo dutela prebentziozko arauak betetzen ez diren kasuetan ere.
Eraldaketarako tresna
Ondorioz, Bidelagun fundazioko kideen iritziz, frogatu dute «ekintza judizial espezializatua benetako eraldaketarako tresna» dela, balio izan duelako «isildutako laneko gaixotasunak ikusarazteko, biktimak ahalduntzeko eta enpresen jokabidean aldaketak eragiteko». Aurrerantzean arreta berezia jarriko diete arrisku psikosozialei, «gaur egun osasunerako mehatxu nagusietako bat» direlako, eta ahaleginak egingo dituzte fundazioa erreferentzia teknikorako eta prestakuntzarako gune izan dadin.
Gogorarazi dute iaz gutxienez 66 pertsona hil zirela lanean Hego Euskal Herrian, beste 64.040 lagunek istripuren bat izan zutela eta 4.902 gaixotu zirela. Horregatik, hitzeman dute lanean segituko dutela «langileen osasuna erdigunean egongo den eta enpresen zigorgabetasunak benetako kostua izango duen eredu bat» eraikitzeko. «Prebentzioa ez da gastua, langile klasearen eskubidea baizik».