ELAk eskatu dio Jaurlaritzari ez dadila mugatu Madrilek langile publikoentzat erabakitako %4,5eko soldata igoerara

Sindikatuak ohartarazi du igoera hori ez dagoela jasota aurrekontuetan, eta horrenbestez aldebakarrez hobetzeko aukera duela, «Ertzaintzan eta hezkuntzan egin bezala».

ELAren protesta bat, langile publikoen baldintza hobetu daitezen eskatzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ELAren protesta bat, langile publikoen baldintza hobetu daitezen eskatzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko urriaren 16a
13:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak kritikatu egin ditu Noel D’Anjou Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo langile publikoen soldata igoerari buruz eginiko iragarpenak. D’Anjouk %4,5eko soldata igoera iragarri zuen 2027rako, eta, Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoen federazioko idazkari nagusiaren ustez, «hauteskundeetara begira manipulazioz» eginiko keinu bat da. Halaber, ohartarazi du sindikatuak jaso duen EAEko aurrekontuen aurreproiektu zirriborroak ez duela igoera hori jasotzen, eta Jaurlaritzak nahiko balu gehiago igotzeko aukera izango lukeela.

Espainiako Gobernuak arautua du langile publikoen soldata %4,5 igotzea 2027an. Erabaki horrek Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei ere eragiten die, Madrilek ezarritako igoera bera aplikatu behar baitute gainerako administrazioek ere. Eizagirrek, baina, Jaurlaritzari eskatu dio ez dadila kopuru horretara mugatu, eta aldebakarrez igotzeko aukera duenez, erabili dezala: «Ez dago behartuta Espainiak esandakoa betetzera», nabarmendu du.

«Osakidetzan posible dena zergatik ezin da egin beste erakunde batzuetan? Borondatea dagoenean, horrelako trabak hobetzeko formulak aurkitzen dira, eta Madrilek ezartzen duena hobetu daiteke»

MIREN ZUBIZARRETA ELAren hezkuntza arduraduna

Azaldu du aurrez ere egin izan dela halakorik eta bi esparrutan behintzat Espainiako Gobernuak zehazturiko soldata igoerak hobetu izan direla: «Ertzaintzan, lan hitzarmena berritzeko, eta hezkuntzan greba dinamikari esker». Gauzak horrela, ELAk soldata igoera hau eskatuko du langile publikoentzat: %7+2026ko KPIa. Sindikatuak gogoratu du KPIaren azken urteetako bilakaera eta langile publikoek izan dituzten soldata igoerak alderatuz gero, langileen erosahalmena %18 apaldu dela guztira 2010az geroztik, eta %7, berriz, 2022tik 2026ra.

Asteartean bilduko da Jaurlaritzako langileen baldintzei buruz eztabaidatzeko mahaia, eta ELAk proposamen sorta luzea eramango du. Espainiako Gobernuak ezarritako markoa hausteko eskatuko dio, eta ez bakarrik soldatetan. Izan ere, Eizagirrek azaldu duenez, posible da, eta aurrekontu aurreproiektuan ageri den xedapen gehigarri bat jarri du eredu gisa: «Osakidetzan, estatuko aurrekontu legeak ezartzen dituen langileen berritze tasak hobetu ahal izango dira eta egonkortze prozesuak egin ahal izango dira meritu lehiaketen bitartez».

Azalpena are gehiago xehatu du Miren Zubizarreta ELAren hezkuntza arloko arduradunak: «Osakidetzan posible dena zergatik ezin da egin beste erakunde batzuetan? Borondatea dagoenean, horrelako trabak hobetzeko formulak aurkitzen dira, eta Madrilek ezartzen duena hobetu daiteke». Horrekin batera, sindikatuak gogoratu du Jaurlaritzako langileen %43k behin-behineko kontratua dutela eta Osakidetzan eta hezkuntzan langileen erdiak daudela horrela.

«Inbertsioa murrizten»

«Eskuduntzen mugei» eginikoak ez dira sindikatuaren kritika bakarrak. Adibidez, gezurtatu egin du aurrekontuak «inoizko sozialenak» direla. Horretarako, EAEko aurrekontuek BPGarekiko duten pisua alderatu du. 2026koetan, %14,2koa zen batezbesteko hori, eta gogoratu du 2020an %15,2 ere izan zela. «Inbertsioa murrizten ari da, eta gizarte, hezkuntza eta osasun arloetako beharrak, berriz, handitzen», ondorioztatu du.

Halaber, ELAk salatu du Jaurlaritzak esaten duela aurrekontuak «mugatuak» direla; sindikatuak, baina, uste du nahiko balu diru gehiago bildu ahalko lukeela. Hori argudiatzeko, presio fiskalaren datua erabili du beste behin: Europako Batasunean enpresen gaineko %40,4 da batez beste; EAEn, berriz, %31,7. Haren kalkuluen arabera, 8,7 puntukoren alde horri zuzenduko balu 7.500 milioi euro gehiago jasoko lituzke.

Datu horien atzean zerbitzu publikoen okertze bat ikusten du, eta prozesu hori gelditzeko hainbat proposamen egin ditu. Besteak beste, pribatizazio prozesuak amaitzea eta esku pribatuetan utzitako zerbitzuetako lanpostuak publiko bilakatzea; Osakidetzan murrizketen ondorioz galdutako zerbitzuak berreskuratzea eta hezkuntza ratioak hobetzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA