Tubos Reunidos hartzekodunen konkurtsoan dago, enpresari irtenbide bat bilatzen ahaleginduko den administratzaile baten gidaritzapean, eta orain ELA sindikatuak iragarri du zenbait alegazio aurkeztu dizkiola konkurtso administrazioari, helburu batekin: argitu dezatela zein den zuzendaritzak eta administrazio kontseiluak enpresaren egoeran duten erantzukizuna, eta «erruduntzat» jo ditzatela «urteotan egindako kudeaketa txarragatik».
Sindikatuak uste du «kudeaketa eskasaren eta bideragarritasunari kalte egin dioten finantza erabakien ondorio zuzena» dela Tubos Reunidos konkurtsoan sartu izana. Berriro ere, gogora ekarri dute 2008an gertatutakoa: orduan, enpresak 170 milioi euroko zorra hartu zuen, baina diru hori ez zuten baliatu «industria modernizatzeko edo negozioa handitzeko», akziodunei ordaintzeko baizik.
ELAren iritziz, zorpetze hori «zama» bilakatu da geroztik, eta enpresa desegiteko arriskuan paratzea ekarri du, maiatzaren 4an hartzekodunen konkurtsoa eskatu aurretik ere. Gogorarazi du SEPIk emandako maileguaren baldintzak eta enpresaren finantzaketarekin lotutako beste zenbait alor ere ikerketa judizial baten pean daudela. «Horrek zalantza handiak sortzen ditu azken urteotako kudeaketaren inguruan», erantsi du.

Sindikatuak nabarmendu du ez dela bidezkoa langileak «egoeraren erantzule» egin nahi izatea, eta ardura zuzendaritzari eta administrazio kontseiluari dagokiela, «akziodunen onura lehenetsi baitute, konpainiaren etorkizuneko bideragarritasunaren kaltetan». Horregatik eskatu dute erantzukizunak argitzeko, eta zuzendaritza eta administrazio kontseilua erruduntzat jotzeko.
ELAren eskaerak aurrera egin eta enpresaren arduradunak erruduntzat joko balituzte, ondorioak ez lirateke edonolakoak izango: konkurtsoko zorra ordaintzeko betebeharra, haien ondasunak bahitzea edo enpresak administratzeko eta ordezkatzeko debekua ezarri ahal diete.
«Gaur eta hemen»
Aiaraldeko Industrializazioaren Aldeko Mahaiak bilera izan du gaur, eta, horren harira, agerraldia egin du SOS Aiaraldea plataformak. Arabako Foru Aldundiak sustatutako bilgune horren egitekoaz ez dute itxaropen handirik erakutsi; haien ustez, «etorkizuneko arazo hipotetikoez» hitz egin beharrean, ezinbestekoa da oraingo egoerari oratzea: «Arazoa gaur eta hemen dugu; enplegua suntsitzen, industria jarduera galtzen eta ehunka familiaren bizi baldintzak arriskuan jartzen ari dira».
Plataformaren iritziz, «erraza» da berrindustrializazioaz hitz egitea, baina askoz zailagoa da «enplegua defendatzeko behar diren erabaki politikoak hartzea», eta ez dute horretarako borondaterik ikusten ordezkari instituzionalen aldetik. Horregatik, «elkartasuna, antolakuntza eta mobilizazioa» defendatu dituzte egoera aldatzeko bide bakar gisa.