Tubos Reunidoseko konkurtso administratzaileak esan du ez duela lan erregulaziorik egiteko asmorik

Hodigintza konpainia osorik erakargarriagoa dela iritzi dio; hori bai, oraingoz ez dago inbertitzaile sendorik.

Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 1a
14:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidoseko konkurtso administratzaileak enpresaren egoeraren eta bere asmoen berri eman die langileen ordezkariei eta zuzendaritzari. Haren estrategiak hiru ardatz ditu; baga, zuzendaritzak egin asmo zuen lan erregulazioa bertan behera gelditu da; biga, konpainia osorik erakargarriagoa dela uste du, alegia, ez du plantaka saltzeko asmorik; eta higa, langileei lan egiteko eskatu die, eta zintzilik dauden eskariak bete ditzatela. Abuztura arteko soldatak bermatuta daudela esan die. 

Gorriz markaturiko eguna zen gaurkoa Tubos Reunidosen. Enpresaren lema hartu duen pertsonak, aurreko gidariak eta langileek elkar ezagutu dute. Goizean Amurrioko (Araba) plantako bilera egin dute, eta arratsaldean bilduko dira Trapagarangoan (Bizkaia, 16:30). Oier Bidaurrazaga Amurrioko langile batzordeko kideak azaldu duenez, «hitz politak» entzun dituzte, eta enpresan ezohikoa den gardentasun batez mintzatu zaie Iker Filloy epaileak ezarri zuen kudeatzailea.

«Gu pozik atera gara entzun duguna entzunda. Lan erregulazioa indargabetzea ezinbestekoa zen, eta greba eragin zuten erabakiak bertan behera utzi ditu, hala nola altzairutegia ixtea»

OIER BIDAURRAZAGA Tubos Reunidosen Amurrioko plantako batzordeko kidea

«Gu pozik atera gara entzun duguna entzunda. Lan erregulazioa indargabetzea ezinbestekoa zen, eta greba eragin zuten erabakiak bertan behera utzi ditu, hala nola altzairutegia ixtea», azaldu du. Halaber, eta logikoa denez, enpresak bere garaian eskaini zituen kaleratze adostuen baldintzak bertan behera gelditu dira. Gogoratu behar da zuzendaritzaren arabera berrehun langilek baino gehiagok onartu zituztela erretiro aurreratuak eta kaleratze ordainduak.

Pozik bai, baina zuhur, administratzaileak garbi utzi baitie gakoa inbertitzaile bat lortzea dela, eta oraindik inork ez baitie atea jo. Mikel Jauregik Jaurlaritzako Industria sailburuak Berriak eginiko elkarrizketan esan zuen interesdunik bazegoela, baina badirudi oraindik ez dutela eman pauso hori.

Hiru hilabeteko soldatak bermatuta

Administratzaileak enpresa erakargarria bihurtzeko beharra aipatu du, eta sindikatuei esan die garrantzitsua dela ekoizpenarekin jarraitzea. «Lan egiteko eskatu digu», laburbildu du Bidaurrazagak. Greba hasi aurretik jasotako eskariekin dabiltza, eta funtsezkoa da haien likidezia lortzea. Argitaratu denez, hamabost milioi euroren eskariak dituzte entregatzeko. Haiekin langile guztien hiru hilabeteko soldata bermatuta dagoela uste du Filloyk. 

Erakargarriago bilakatzeko asmo horretan, kudeatzaileak uste du errazagoa izango dela norbait erakartzea konpainia bere osotasunean mantentzen badu. Horrek esan nahi du Trapagarango eta Amurrioko plantak elkarrekin eskainiko dituela, baita azken horretako barnean dagoen altzairutegia ere. Aurkakoa zioten zurrumurruak zabaldu dira hedabide batzuetan.

TUBOS REUNIDOS
Tubos Reunidosen Amurrioko plantako altzairutegia. Administratzaileak, oraingoz, ez du itxiko. BERRIA

Zorraren inguruan ere galdetu dute langileek, bereziki konpainiak SEPIrekin duenaren inguruan. 113 milioiren zorra du Espainiako Industria Ministerioaren agentziarekin, eta konkurtsoan sartu izanak negoziatzeko aukera ematen dio hari. Administratzaileak, dena den, esan die auzia ez dela erraza eta nola egin aztertzen ari dela. Estatu laguntzak eta erreskateak barkatzeak talka egin dezake Europako lehia legediarekin. 

Bi aldeek erabaki dute komunikazio bideak irekita edukitzea, eta administratzaileak esan die berririk izan ahala emango diela haien berri langileei. Oraingoz, hilabetean behin bilduko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE