ELAk eta LABek esan dute patronalaren borondatea ikusteko garaia dela

Iruñean eta Bilbon, bi sindikatu abertzaleek lan duinaren aldeko lanbide arteko akordiorako proposamena helarazi diete CEN eta Confebask enpresaburu elkarteei. Jaramon egin ezean, urtarrilaren 30ean grebara doazela ohartarazi dute.

ELAk eta LABek egin dute protesta Bilboko Confebasken egoitzan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 13a
14:41
Entzun

Lan astea 35 ordura murriztea eta gutxienez 20 orduko lanaldia ezartzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata izatea, genero arrakala amaitzea eta azpikontratazioetan subrogazioa bermatzea. Horiexek dira ELA eta LAB sindikatuek Hego Euskal Herriko bi enpresaburu elkarte nagusiei egin dieten proposamena. «Zoritxarrez, grebaren deitzaileok badakigu bere borondatez ez duela aurrerapausorik emango, eta hori langileen presioaren bidez lortuko dugula», adierazi du gaur goizean Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak, Iruñean. «Aukera ezin hobea dugu patronalaren borondatea ikusteko eta Nafarroan lan duinaren aldeko akordioa lortzeko», esan du Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak.

Pascualek eta Karrerak 11:00etan egin dituzte adierazpenok, CEN enpresaburuen elkartearen aurrean. Ordu berean, Bilbon, proposamen bera egin dute Confebasken egoitza aurrean Pello Igeregik y Xabier Ugartemendiak, ELAko eta LABeko negoziazio kolektiboko arduradunek. Bi sindikatuetako ordezkariak enpresaburu elkarteen egoitzetan sartu dira, eta proposamena erregistratu dute bertan.

Aurreko astean, Nafarroako Gobernuak pobreziari buruzko hirugarren txostena aurkeztu zuen. Gizarte Errealitatearen Behatokiak landutako azterlaneko datuak eskuetan, ELAk eta LABek nabarmendu dute 81.500 pertsona daudela egun Nafarroan pobrezia egoeran, eta haietatik erdiek lana dutela —halaber, txostenaren arabera, 16.724 herritar pobrezia larrian daude—. «Datuok eskuan, Nafarroako Gobernuak eta patronalak lotsatu egin beharko lukete», adierazi du Pascualek, «lana izatea ez baita pobreziatik ateratzeko bermea». Karreraren arabera, «enpresaburuek diote ondasuna sortzen dutela, baina datuek erakusten dute langile pobreak daudela, eta hala aitortzen du gobernuak berak».

Sindikatuen arabera, azken urteetako hazkunde ekonomikoa langileen kontura egin da. Imanol Pascualen hitzetan, «enpresaburuek dirua irabazten dute langileen lepotik». Espainiako Gobernua osatu berri, 1.000 euroko gutxieneko soldata, azpikontratazioaren aurrean neurri partzialak eta «edukirik gabeko» berdintasun planak ezarri nahi dituzte. ELA eta LABen arabera, ez da nahikoa euskal langileen egoerari aurre egiteko. Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eskatu dute.

Hala, gaur aurkeztutako proposamen horrek lan duina izateko baldintzak ezartzen ditu, ELA eta LABen arabera: «Patronalak bere blokeoa mantentzen badu, grebara goaz. Estatu frantsesean eta Iparraldean egiten ari diren moduan, gu ere mobilizatuko gara», adierazi du Karrerak.

Bilboko elkarretaratzea

Bilbon ere proposamen bera helarazi diote Confebaski. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pobrezia «%14 eta %20 artean» handitu da, eta, ELA eta LABen arabera, horrek erakusten du «patronalak euskal langileria txirotzeko borondatea duela laguntza sozialak murriztuz».

Proposamenari begira, ELAko Pello Igeregik beharrezko ikusten du, «kontratazioan gutxieneko duintasun bat ezarri asmoz», gutxienez 20 orduko lanaldia ezartzea, enpresek gero eta gehiago erabiltzen dituztelako lanaldi partzialeko kontratuak. Igeregiren arabera, pobrezia handitzeko arrazoietako bat da lanaldi partzialen gehiegizko erabilera. Era berean, beharrezko ikusten dute azpikontratazioetan subrogazioa bermatzea —hau da, azpikontratak bere gain hartu behar dituela aurreko kontratatzaileak bere langileekin hitzartuak zituen betebehar eta baldintza guztiak—.

Halaber, digitalizazioaren mehatxua ikusita eta lana banatze aldera, beharrezkoa iruditzen zaie 35 orduko lan astea ezartzea gehienez. «Oinarrizko kontua da teknologia berrien ondorioz desager daitezkeen lanpostuei begira». Azkenik, lan munduan genero arrakala amaitzeko neurri eta plan «errealak» hartzera deitu dituzten enpresaburuak, lantokietan diskriminazioa amaitzeko», adierazi du Igeregik.

LABeko Xabier Ugartemendiaren arabera, prekaritatea zabaltzen ari da lan munduan, eta lan baldintza kaskarrak inposatu nahi dira. Eusko Legebiltzarrak ez du lege ahalmenik egoera horri aurre egiteko: «Beharrezkoa da beste bideak hartzea, prekaritatea errotik mozteko». Haren ustez, greba orokorra pauso bat izango da lan baldintzak duintzeko.

Sindikatu guztiek ez dute bat egin greba deialdiarekin, eta, horri buruz galdetuta, Igeregik irmo erantzun du: «Deskribatu dugun testuinguru honetan ez badago greba orokorrerako arrazoirik, ez dugu ulertzen zer rol jokatu behar dugun sindikatuok. Gure asmoa da lantokiak astintzea enplegua bermatzeko eta langileei lan baldintza duinak emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.