ELAk eta LABek ez dute parte hartuko Torresen bilera sailean

Ekonomia eta Enplegu sailburuak astelehenean bildu nahi zuen bi sindikatuekin, gutxieneko soldataz hitz egiteko, baina ELAk eta LABek uko egin diote bilerari, atzo legebiltzarrean ezezkoa jaso ostean. Torresek erabakia deitoratu du.

Mikel Torres eta Imanol Pradales ostegunean Eusko Legebiltzarrean, gutxieneko soldataren herri ekimenak ezetza jaso zuen egunean.. RICO / EFE
Mikel Torres eta Imanol Pradales ostegunean Eusko Legebiltzarrean, gutxieneko soldataren herri ekinaldiak ezetza jaso zuen egunean. RICO / EFE
Irune Lasa.
2025eko azaroaren 14a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo ezezkoa jaso ostean, beste ezezko batekin erantzun dute gaur ELAk eta LABek. Adierazi dute ez dutela parte hartuko Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu sailburuak deitutako bilera sortan, «Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekinaldi legegileari Eusko Legebiltzarrean emandako ezetzaren ostean».

Gutxieneko soldata elkarrizketa sozialaren bidez adosten jarraitzeko, Torresek ostegunean bertan abiatu zuen sindikatu nagusiekin eta Confebaskekin egingo duen bilera sorta, eta egun horretan CCOOrekin eta UGTrekin bildu zen.

Astelehen honetarako deitu zituen ELA eta LAB eta baita Confebask ere, baina sindikatuak ez dira bilerara joango. Haien ustez, «Eusko Legebiltzarraren gehiengoak langileen eta demokraziaren aurka bozkatu du», bigarren aldiz gainera, pentsiodunen HEL herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ere uko egin baitzion ganberak.

Auzi eskea Confebasken kontra

«EAJk eta PSEk gutxieneko soldata propio baten aldekoak direla esaten dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek bertako errealitate sozioekonomikoaren araberako soldatak behar dituztela. Hala ere, euren ekintzek kontrakoa erakusten dute: patronalarekin lerratu dira, Confebasken aginduei men eginez. Badakite herri ekinaldi legegileari atea ixteak gutxieneko soldata propioa lortzeko bi bideak blokeatzen dituela», adierazi dute sindikatu abertzaleek. «Horregatik ELA eta LAB ez dira izango fikzioa irudikatzeko bilera sail horretan».

ELAk eta LABek iragarri dute aurrerantzean ere gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazioak egingo dituztela, eta auzibidera joango direla. Jakinarazi dute datorren astean auzi eskea aurkeztuko dutela Confebasken kontra, «mahai negoziatzailea eratzeari uko egin izanagatik».

Akatsa, Torresen ustez

Torres sailburuarentzat «dezepzio bat da» ELAk eta LABek elkarrizketa mahaian ezartzeari uko egin izana, eta «akatsa» ere. «Betoez hitz egiten dutenek, beste behin ere, horixe bera praktikatzen dute», kritikatu du. 

Batu nahi dutenekin lanean jarraitzeko asmoa agertu du sailburuak. «Sentitzen dugu ELAk eta LABek aspalditik deituta geneukan bilera egin nahi ez izana. Bilera horretan, kezkatzen gaituzten eta kalitatezko enpleguaren sorrerarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu nahi genituen. Euskal lan merkatuak hainbat erronkari egin behar die aurre, eta, horretarako, eragile sozialen eta horiek gobernuarekin duten elkarrizketa eta akordioa ezinbestekoak dira». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.