ELAren eta LABen ustez, Hego Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak gero eta gehiago daude Espainiako Gobernuaren erabakien menpe, eta hori, hein handi batean, bertako alderdi politikoen «arduragabekeriagatik» ari da gertatzen. Horri buelta emateko, bi sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileak, haien lan baldintzak negoziatzen diren mahaietan dagoen «blokeoa» salatzeko eta neurri horiek «hemen eta orain» adostera behartzeko. Apirilaren 23an hasiko dute hurrengo mobilizazio zikloa, bi orduko lanuzteak eginda, eta maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko grebak egingo dituzte.
Udalhitz itunean dauden udaletako egoera ekarri dute gogora. Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko administrazioetako langileen lan baldintzak bateratzeko sortutako esparru hitzarmena da, 2008an jarri zen martxan, Eudelek eta sindikatu nagusiek adostuta, eta ordutik behin bakarrik eguneratu dute, 2008an. 2010ean, bi urteko lehenagokoa luzatzea adostu zuten eta hori dago indarrean.
ELAren eta LABen ustez, azken eguneraketa oso zaharkituta geratu da eta ez dio erantzuten azkenengo sei urteetan ekonomian eta gizartean egon diren aldaketei. Uste dute badela garaia «berritze sakon bat» egiteko, batez ere «soldaten erosahalmenaren galerari eta enpleguaren prekarizazioari» aurre egiteko.
Iaz abiatu zituzten negoziazioak, baina ELAren eta LABen arabera, Eudeleko ordezkariek mahai gainean jarri dituzten edukiak «eskasak» izan dira: salatu dute «zehaztasunik gabeak» direla eta hori eginda «benetako eztabaida» saihestu nahi dutela.
Gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar udaletik bederatzi daude Udalhitzera atxikita, osorik edo partzialki. Dena den, gaineratu dute gauza bera gertatzen ari dela hortik kanpo dauden udaletan, hiru hiriburuetan eta udalerri handi batzuetan —Barakaldon, Portugaleten eta Irunen, esaterako—. «Orokorrean, udal horietan ere urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe, eta horiek berritzeko mahai gehienak ez daude martxan».
28.378Udaletako langileak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan 28.378 langile publiko zeuden urtarrilaren amaieran, Eustatek zabaldutako azken datuen arabera. Bizkaian 13.511,Â
Gipuzkoan 9.728 eta Araban 5.139.Â
Horiei batu behar zaizkie udalentzat lan egiten duten enpresa pribatuetako beharginak. Langile publikoen artean hirutik batek (%35,3) behin behineko kontratua du.Â
Testuinguru horretan, udaletako gobernuan dauden alderdien ardura azpimarratu dute sindikatuek. «EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta talde independenteek gaur-gaurkoz ez dute proposamen integralik aurkeztu eta Madrildik datozen neurriak onartu dituzte, enpleguari eta soldatei dagokienez, eta, hala, sektore publikoaren prekarizazioa eta pribatizazioa erraztu dute».
Eskaera zerrenda luzea
Greba deialdien bidez, presioa egin nahi dute negoziazio esparru horiek guztiak aktibatzeko. Hilaren 17ko elkarretaratzeen bidez hasiko dute protesta dinamika: kontzentrazio bateratuak egingo dituzte eskualdeetan, eta ondoren etorriko dira lanuzteak. Hilaren 23an bi orduko lanuzteak egingo dituzte, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Eta maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko grebak antolatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal guztietan.

ELAk eta LABek nabarmendu dutenez, protesten helburua zera da: presioa egitea eragile politikoek eduki jakin batzuk negoziazio mahaira eraman ditzaten.
Eskakizunen zerrenda luzea aurkeztu dute bi sindikatuek. Horien artean daude soldaten erosahalmena berreskuratzea, azken urteetako inflazioaren ondorioz galdu dena konpentsatzeko, eta lanaldia murriztea. Enplegua egonkortzeko neurriak ere jaso dituzte —errelebo kontratuak, kontsolidazioak—.
Horrez gain, azpikontratatutako langileen gutxieneko soldata 1.500 eurotik gorakoa izatea eskatu dute, eta pribatizatutako zerbitzuak berriro publifikatzea, beharginak subrogatuta. Sektore feminizatuetan, bereziki zaintzan eta garbiketan, lanaldi partzialak ezabatu eta lanaldi osoak bermatzeko neurriak ere eskatu dituzte.
Eta horrekin guztiarekin batera, laneko osasuna, berdintasuna eta kontziliazioa bermatzeko neurriak ere eskatu dituzte.
Halaber, lanpostu guztietan bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak izatea eskatu dute, hamabi urteko epean. Bi sindikatuen arabera, puntu hori izan da Udalhitzeko negoziazioetan Eudeleko ordezkariekin dituzten elkarrizketetan punturik beroenetako bat. Â