ELAk euskaraz negoziatuko ditu sektore hitzarmenak

Lan Harremanen Kontseiluari eskatu dio negoziazio mahaietan euskaraz jarduteko baliabideak jartzeko. Sindikatuaren azterketaren arabera, Hego Euskal Herriko hitzarmenen %83,2k ez dituzte bermatzen euskaldunen hizkuntza eskubideak.

Peio Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna, gaur egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Peio Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna, gaur egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Aitor Bilbao Landa - Jokin Sagarzazu
Bilbo
2026ko uztailaren 7a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hizkuntza eskubideak erabat hondarrekoak dira lan hitzarmen kolektiboetan». Lan munduko negoziazioetan ere euskara bigarren mailan dagoela iritzita, norabidea aldatzeko urratsa egingo du ELAk: hizkuntza eskubideak negoziazio kolektiboaren ardatzean jarriko ditu. Sindikatuak iragarri du martxan dauden sektoreko 27 hitzarmenen negoziazioetan euskaraz baino ez duela jardungo irailetik aurrera. «Gazteleraren inposizioari desobedientzia egiten hasi behar zaio», adierazi du Pello Igeregik, ELAko Negoziazio Kolektiboko eta Euskarako arduradunak. Hala, LHK Lan Harremanen Kontseiluari eskatu dio negoziazioak normaltasunez euskaraz egin ahal izateko behar diren baliabideak jar ditzala.

Sindikatuak ohartarazi du erabakiari eutsiko diola itzulpen zerbitzurik egon ezean ere. Halakoetan, ez du gaztelaniara joko; aitzitik, uste du gainerako eragileei egokituko zaiela negoziazioak behar bezala garatzeko baliabideak bilatzea.

25

Euskara balioesten duten hitzarmenak. ELAk aztertutako ia 1.500 lan itunetatik 25ek baino ez dute jaso lan eskaintzetan euskara balioestea: %1,7 baino gutxiago dira. Gipuzkoakoak dira horietatik zortzi, Bizkaikoak sei, Arabakoak lau, Nafarroakoak lau, eta EAEkoak hiru.

Erabakia ez da keinu sinbolikoa, ELAren ustez. Igeregiren esanetan, negoziazio kolektiboak berak erakusten du euskara mendekotasun egoeran dagoela lan harremanetan. Horixe ondorioztatu du Hego Euskal Herrian indarrean dauden 1.499 hitzarmen aztertu ondoren: %83,2k ez dute euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurririk jasotzen.

Azterketaren arabera, hitzarmen gehienetan agertzen diren neurriak ere mugatuak dira. %16,8k baino ez dute paisaia linguistikoari buruzko aipamenik egiten, eta %13,8k soilik aurreikusten dituzte euskara ikasteko laguntzak.

Euskara planak, salbuespen

Are urriagoak dira lan baldintzetan eragin zuzena duten neurriak, sindikatuak salatu duenez: %5,1ek baino ez dituzte jasotzen euskara planak edo horiek egiteko konpromisoa; %4,4k ematen dute euskara lanorduetan ikasteko aukera; eta %1,7k baino ez dute ezartzen euskararen ezagutza kontratazio prozesuetan baloratuko dela. «Enpresen %94,9k ez dute hizkuntzaren trataera sistematikorik», ondorioztatu du Igeregik.

Lurraldeen arteko aldeak ere nabarmendu ditu. Nafarroan, esaterako, 376 hitzarmenetatik hiruk baino ez dituzte jasotzen euskara planak; Gipuzkoan, 362 hitzarmenetatik 31k; Bizkaian, 507tik 23k; eta Araban, 224tik 11k. Oro har, ELAren arabera, hizkuntza eskubideak lan harremanen eremu periferikoan geratzen dira.

«Indarrez minorizatua izan den kolektibo baten aldeko neurriak arautzen ez badira, nagusi den kolektiboak nagusi izaten jarraituko du etorkizunean ere. Eta gaur egun gaztelania da Hego Euskal Herriko langileei inposatzen zaien hizkuntza bakarra»

PELLO IGEREGIELAko Negoziazio Kolektiboko eta Euskarako arduraduna

Pello Igeregiren ustez, arautu gabe uzten denak indarrean dagoen desoreka sendotzen du: «Indarrez minorizatua izan den kolektibo baten aldeko neurriak arautzen ez badira, nagusi den kolektiboak nagusi izaten jarraituko du etorkizunean ere. Eta gaur egun gaztelania da Hego Euskal Herriko langileei inposatzen zaien hizkuntza bakarra. Eta euskaraz lan egiteko eskubidea ez dago ez bermaturik, ezta aitorturik ere». Azaldu duenez, gaztelaniaren erabilera «naturaltzat» hartzen da, eta gainerakoena salbuespentzat. Horren adibidetzat jarri du enpresetako bileren egoera: langile guztiak euskaldunak ez badira eta euskaraz jarduteko baliabiderik ez badago, bilerak ia beti gaztelaniaz egiten dira. «Eta hitzarmen bat euskaraz negoziatu ahal izatea anekdotikoa da; baita Gipuzkoan ere».

Euskara ikasteko eskubidearekin ere antzeko zerbait gertatzen dela azaldu du; lan eskubidetzat aitortzen ez den bitartean, gaztelania izango da benetan bermatuta dagoen hizkuntza, Igeregik azpimarratu duenez.

Autokritika

Datuak ikusita, autokritika egin du Igeregik, sindikatuaren izenean: «ELA ez da gai izan euskara beste eduki batzuen pare jartzeko, ezta lan egiteko eskubidearen aldeko greba bat antolatzeko ere». Hala ere, patronalaren jarrerari egotzi dio neurri handi batean egungo egoera: «Oztopo ideologikoekin topo egiten dugu: enpresariak, boterea eta sindikatu batzuk oso erdaltzaleak dira». Gogorarazi du enpresetan euskara planak orokortzeko 2022an Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta LABekin egindako proposamena «zakarrontzira» bota zutela Confebask eta CEN patronalek, «CCOOren eta UGTren laguntzarekin»; eta salatu du lan hitzarmenetan ere sistematikoki baztertzen dituela euskara normalizatzeko neurriak.

Horregatik, uste du hizkuntza eskubideak hitzarmenetan txertatzeko lehen urratsa negoziazio mahaietan bertan euskararen erabilera normalizatzea dela. Horren harira, berriki bildu da Lan Harremanen Kontseiluko presidente Emilia Malagarekin, eta erakundeari eskatu dio beharrezko baliabide tekniko eta pertsonalak prestatu ditzala; funtsean, itzultzaileak jar ditzala. Izan ere, Igeregik azaldu duenez, gaur egun, kontseiluak ez du negoziazioak euskaraz egiteko behar adinako baliabiderik. Euskaraz egiten diren saio bakanetan, langileek eurek egiten dituzte itzulpen lanak, horretarako berariazko prestakuntzarik izan gabe.

LHKri eskaera horren berri emanda, kontseiluko zuzendaritzan dauden eragileei ere helduko zaiela uste du Igeregik, eta irailera begira nola jardun hausnartuko dutela: «Orain arte, beste sindikatuekin hau ez da erraza izan; LAB ez da arazo bat izan, baina bai CCOO eta UGT. Gu ez gaude LHKko zuzendaritzan, beste sindikatuak eta patronala badaude. Pentsatu nahi dut bildu egingo direla iraila baino lehen, eta erabaki beharko dutela zelan kudeatuko duten egoera hau».

CCOO: «Proposamena errealitatetik kanpo dago»

CCOO sindikatuaren ustez, sektore pribatuan administrazio publikoetako hizkuntza eskakizunen eredua hedatzea «herrialdearen errealitatetik kanpo» dago, eta kalte egingo lieke lan merkatuan egoerarik ahulenean dauden langileei. Nabarmendu du negoziazio kolektiboa langileena dela, eta haren funtzionamendua ezin dela langileen errealitate soziolinguistikotik aldendu. Horren harira, gogoratu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %80k ez dutela B2 edo hortik gorako hizkuntza mailarik egiaztatua. CCOOk ontzat jo du Lan Harremanen Kontseiluak aldibereko itzulpena bermatzeko baliabideak jartzea, baina gogoratu du hitzarmen asko erakunde horretatik kanpo negoziatzen direla, enpresakoak bereziki. Euskara ikasteko doakotasuna bultzatzearen eta enpresa pribatuan ere ikasteko baimenak sustatzearen alde agertu da. 

LABek, berriz, ontzat jo du ELAren proposamena, baina deitoratu du ez dela bi sindikatuen artean adostu. Haren ustez, elkarrekin bultzatuta «eraginkorragoa» izango zen. Era berean, nabarmendu du hizkuntza eskubideak bermatu behar direla ez bakarrik negoziazio kolektiboan, baita epaitegietan eta administrazioan ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA