«Ez dago bermatuta ez herritarrei euskarazko arreta eskaintzea, ezta euskaraz lan egiteko aukera ere». Hori adierazi du ELA sindikatuak gaur Gasteizen egin duen elkarretaratzean, eta «langileak euskalduntzeko baliabideak» eskatu ditu: batetik, bi hizkuntza ofizialen parekatze progresiboa, eta, bestetik, euskaraz ez dakiten langile publikoak euskalduntzeko baliabideak eta epeak.
Deialdia bat etorri da Osakidetzako III. Euskara Planaren ebaluazioarekin. ELAren ustez, «plana ez da tresna eraginkorra plantilla euskalduntzeko», eta, ondorioz, erabiltzaileen eta langileen hizkuntza eskubideak urratzen ditu. Izan ere, hona hau bermatu beharko litzateke: «herritarrei euskarazko arreta eskaintzea eta langileek euskaraz lan egin ahal izatea». Nabarmendu dute «gaztelaniaz bizi diren herritarrek hizkuntza eskubideak erabat bermatuak» dituztela, eta euskaldunen eskubideak, berriz, «sistematikoki urratzen» direla. «Gaztelania %100ean eskatzen da administrazio publikoko lanpostuetan, baina euskararen ezagutza ez da neurri berean eskatzen, eta horrek desoreka egoera betikotzen du», adierazi du sindikatuak.
Horrez gain, azpimarratu dute «hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak bateragarriak» direla, eta «euskaraz lan egin ahal izatea ere lan eskubidea» dela. Halaber, sindikatuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzari plantillak egonkortu eta euskalduntzeko proposamena aurkeztu ziola, eta salatu du oraindik ez duela erantzunik jaso. Hala, ELAk alderdi politikoei eta administrazioari «ausardiaz» jokatzeko eskatu die, bi hizkuntzetan «benetako parekatzea» gauzatzeko. Izan ere, sindikatuaren esanetan, plantillaren batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da, eta, beraz, «datozen urteetako erretiroak aukera paregabea dira administrazioa modu progresiboan euskalduntzeko, neurri traumatikorik hartu gabe».
Betetze maila «ertaina»
Osakidetzak 2022an onetsi zuen Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana, 2028ra bitarte EAEko osasun sistema publikoa euskaldunduz joatea helburu duena. Maiatzean egin zen horren lehen balorazioa, eta jakinarazi zuten planaren orain arteko betetze maila «ertaina» zela. Alde batetik, adierazi zuten aurrera egitea lortu zela; besteak beste, langileen hizkuntza eskakizunen egiaztatzeari, pazienteen lehentasunezko hizkuntza erregistroari edo komunikazio korporatiboari dagokienez. Beste alde batetik, gabeziak aipatu zituzten, oraindik «urria» baita erabileran, lan tresnetan eta formakuntza tailerretan.
Lehen balorazio hartatik zenbait datu «positibo» atera zituzten. Batetik, Osakidetzako lanpostuen %59k ezarrita daukate zer euskara eskakizun behar duten, eta langileen erdiek baino gehiagok daukate egiaztatuta dagokien maila: langileen %62k, hain zuzen ere — duela lau urte %52 ziren—.
Pazienteen hizkuntza erregistroan ere hobekuntzak egon dira: pazienteen bi milioi inguruk daukate adierazita zer hizkuntzatan jaso nahi duten arreta Osasun Karpeta tresnaren bidez. Horietatik 375.177 herritarrek dute zehaztua lehentasunez euskarazko arreta jasotzeko nahia.
Gabeziei dagokienez, lan hizkuntzan «oinarrizkoa» da betetze maila, gaztelera delako oraindik langileen hizkuntza nagusia egunerokoan. Profesionalen «motibazioa» areagotzeko dinamikak sustatzea eta idatzizko barne dokumentazioa ele bitan zabaltzea aipatu zituzten egoera iraultzeko tresna moduan. Trebakuntzan ere gabezia dagoela antzeman zuten, eta hori zuzentzeko dinamikak abiatuko dituzte.