ELAk Nafarroara zabaldu du lan hitzarmenak euskaraz ere negoziatzeko eskaera

Patronala eta gainerako sindikatuak bilera batera deitu ditu irailaren 23rako. Nafarroako Gobernuari eskatu dio bermatu dezala euskarak tokia izatea sektore publikoko bileretan eta dokumentazioan ere.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, CEN patronaleko kideekin, aurtengo martxoan. IÑIGO URIZ / FOKU
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, CEN patronaleko kideekin, aurtengo martxoan. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 29a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan hitzarmenen negoziazioetan euskarari leku egiteko ELAk abiatu duen kanpainak beste urrats bat egingo du udazkenean. Sindikatuak iragarri du Nafarroara ere eramango duela euskaraz jarduteko eskaera, eta, horretarako, bilera batera deitu ditu hala UGT, CCOO eta LAB sindikatuak nola CEN patronala. ELAren asmoa da irailaren 23an adostea zer baldintza behar diren negoziazioak gaztelaniaz ez ezik euskaraz ere egin ahal izateko.

Aldi berean, eskaera bera helarazi dio Nafarroako Gobernuari ere. ELAren arabera, sektore publikoan ohikoa da bilerak eta administrazioak aurkezten dituen proposamenak gaztelania hutsez izatea; horregatik, gobernuari jakinarazi dio hemendik aurrera euskaraz jarduteko asmoa duela ahoz eta idatziz; hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak ere eskatu dizkio.

Sindikatuaren ustez, hala sektore publikoko nola pribatuko gaur egungo egoerak ez dizkie aukera berak ematen negoziazio mahaietan parte hartzen duten ordezkari guztiei. Salatu du Nafarroan ez dagoela lan saioak ele bitan egiteko itzulpen zerbitzu publikorik sindikatuen eta patronalen esku, eta, beraz, soilik gaztelaniaz dakiten ordezkariek baldintzatzen dutela bileretan zer hizkuntza erabiltzen den. Horren ondorioz, euskaraz jardun nahi dutenek atzera egin behar izaten dute, ELAren esanetan.

Horregatik, ELAk proposatu du sindikatuek eta patronalak elkarrekin eskatzea Nafarroako Gobernuari negoziazio mahaietarako aldibereko itzulpen zerbitzua jar dezala. Sindikatuak aurreratu du ez diola uko egingo euskaraz aritzeari gobernuak zerbitzurik ez jarrita ere.

Itunetan neurrik ez

ELAren iritziz, negoziazio mahaietan euskarak presentzia urria izateak zuzenean eragiten dio lan hitzarmenen edukiari ere. Sindikatuak aztertutako Nafarroako 376 itunetatik hamahiruk baino ez dute jasotzen euskararen aldeko neurriren bat; hau da, euskaraz lan egiteko aukerak, hizkuntza ikasteko laguntzak ea antzeko neurriak salbuespen dira oraindik. Horrek erakusten du, haren esanetan, hizkuntza eskubideek oraindik oso leku mugatua dutela lan harremanetan.

ELAk Nafarroan egin asmo duen urratsak jarraipena emango dio uztailean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abiatu zuen kanpainari. Orduan iragarri zuen abian diren lan hitzarmen sektorialen negoziazioetan euskaraz jardungo zuela, eta horrek erreakzio ugari piztu zituen gainerako sindikatuen, patronalaren eta erakundeen artean.

EAEko Lan Harremanen Kontseiluak adierazi zuen euskarak ez lukeela oztopo izan behar akordioak lortzeko, baina aitortu zuen gaur egun ez duela aldibereko itzulpen zerbitzurik eta ez dagokiola berari negoziazioetarako hizkuntzari buruzkoak arautzea. Confebask patronalak ere esan zuen ez diola eragozpenik ikusten euskara erabiltzeari baldin eta baliabideak badaude mahaiko kide guztiek elkar ulertzeko.

Sindikatuen artean, LABek ontzat jo du ELAren planteamendua eta eskua luzatu dio aldarrikapen horretan elkarrekin aritzeko.

CCOOk, berriz, uste du proposamena ez datorrela bat egungo errealitate soziolinguistikoarekin, eta azpimarratu du sektore pribatuko hitzarmenetan ere hizkuntza eskakizunak inposatzeko eraman nahi duela ELAk euskara negoziazio mahaietara, «langile prekarioenak, etorkinak eta hizkuntza ez dakitenak babesik gabe utzita». Antzera mintzatu da UGT, eta gaineratu du ELAk «garaitu beharreko etsai bat» balitz bezala aurkezten duela gaztelania.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA