ELAk salatu du Jaurlaritzaren aurrekontuak propaganda hutsa direla: «Ez dira handitu beraiek iragarri bezainbeste»

Sindikatuaren kalkuluen arabera, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua %1,3 bakarrik handitu da. Aurtengo aurrekontuaren exekuzio aurreikuspenaren datuarekin alderatu du, alegia, erabilitako diruarekin.

Maria Ubarretxena eta Noel d'Anjou sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maria Ubarretxena eta Noel d'Anjou sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko azaroaren 10a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzak 2026rako eginiko aurrekontu proposamena aztertu du, eta haren datuek eta balorazioek zerikusi gutxi dute Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak eginikoekin. Jaurlaritzak iragarri zuen hurrengo urterako aurrekontua aurtengoa baino %4,1 handiagoa dela. ELAk, baina, %1,3ra murriztu du ehuneko hori. Halaber, gehitu du aurrekontu horrekin kostata konponduko direla etxebizitza politikan, Osakidetzan eta hezkuntzan dauden arazoak.

Baina nola da posible horrelako aldea egotea? Alderatzeko erabiltzen den datuaren araberakoa da. Eusko Jaurlaritzak 16.378 milioi euroko aurrekontu aurreproiektua aurkeztu du 2026rako, iazko 15.728 milioiak baino %4,1 handiagoa. ELAren ustez, baina, ezin dira bi datu horiek alderatu, eta aurrekontuaren exekuzio mailarekin alderatu behar da, alegia, gastaturiko kopuruarekin. Egun, urrira arte gastaturikoa jakinarazi du Jaurlaritzak, eta bilakaera horretan oinarrituta urte osoko exekuzio aurreikuspena 16.034 milioi eurokoa da. Horrek %2,1eko igoera adieraziko luke.

ELAren arabera, Euskal Aliantza Finantzarioarentzat aurreikusitako 935 milioi euroko zuzkidura ez litzateke Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan sartu beharko

ELAk, baina, beste doikuntza batzuk egiten ditu bere kalkuluan. Sindikatuaren arabera, Euskal Aliantza Finantzarioarentzat aurreikusitako 935 milioi euroko zuzkidura ez litzateke Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan sartu beharko, «zor jaulkipen berezi bati dagokiolako». Halaber uste du obra aurreratuen finantzaketa ere kendu behar dela (68 milioi euro guztira), gastu hori etorkizunean Espainiako Gobernuari egotziko baitzaio.

Doikuntza horiek eginda, 15.164 milioi euroko aurrekontu operatiboa izango du sail guztientzat, hau da, 2025eko itxiera aurreikuspena baino 190 milioi euro gehiago, eta horrek %1,3ko igoera adierazten du. Horiek horrela, Xabi Zabala ELAren Azterketa Bulegoko kideak kritika gogorra egin dio Jaurlaritzari: «Urteroko propaganda ariketa onenetako bat bihurtu du aurrekontua». Halaber, gaineratu du urtero «inoizko aurrekonturik handienak» aurkezten dituztela, baina hori ez dela egia: «Herritarrek egunerokoan ikusten dute zerbitzu publikoak okertzen ari direla, hala nola osasungintza, eta etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa dela».

%0,45 etxebizitzara

Sindikatuak urtero aztertzen ditu aurrekontuak, eta bisturia sartu du sail batzuetan. Etxebizitzan arreta berezia jarri du, eta ondorioztatu du urte honetarako aurreikusitako itxiera emaitza 416 milioi eurokoa dela. ELAk zehaztu du 2025eko aurrekontuak 446 milioi euroko diru saila zuela, eta iraileko exekuzio aurreikuspena 496 milioi eurokoa zela. Gauzak hala, sailaren aurrekontua BPGaren %0,45 da, eta %0,37 erabiltzen da zuzenean etxebizitza politiketarako. ELAren ustez, kopuru hori %2ra igo beharko litzateke gutxienez.

Osasun inbertsioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako batezbestekoaren arteko aldea 2.400 milioi eurokoa da. Sindikatuak uste du igoera hori lau urteko epean egin daitekeela. Izan ere, bere kalkuluen arabera, %4,1eko hazkundea aurreikusten badute ere, «errealitateak osasun gastuaren beherakada erakusten du». 2026rako 5.327 milioi euro esleitzea iragarri dute, hau da, 2025eko itxiera aurreikuspena baino milioi bat gutxiago.

Kalkulu eredu berari jarraituta, ELAk ondorioztatu du hezkuntza saileko aurrekontua %5,4 murriztuko dela. Osasun arloan egin bezala, Europarekin alderatzen du, eta horrek toki txarrean uzten du Jaurlaritza: 2023an, hezkuntza gastua BPGaren %3,87koa izan zen; Europako batezbestekoa, berriz, %4,7koa. Errumania eta Irlanda bakarrik egon ziren azpitik.

pentsiodunen eskaera egingarria da

ELAk bere txostenean kalkulatu egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak herri ekinaldi legegilearen bidez eskaturiko aldaketak zer kostu izango lukeen. Pentsiodunek eskatu zuten gutxieneko pentsioa langile arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Haien arabera 300 milioi euro beharko lirateke horretarako, aurrekontuaren %1,87. Jaurlaritza osatzen duten alderdiek hainbat arrazoi eman zituzten ekinaldia tramiterako ez onartzeko, besteak beste, hori gauzatzeak kostu handia zuela esan zuten. Sindikatua, ordea, ez dago ados, eta uste du dirua biltzeko beste iturri batzuk garatzen badira kontu publikoek gain hartzeko moduko gastua dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.