Eusko Jaurlaritzak inoiz baino diru gehiago izango du gastuetarako datorren urtean: 17.313 milioi euro. Kopuru osoari erreparatuta, irudi lezake gobernuak nabarmen handituko duela gastua 2026an, aurreko urtearekin alderatuta igoera nabarmena baita (+%10). Aurrekontu horrek, baina, badu azalpen bat: zorra. Gobernuak nabarmen handituko baitu bere zorpetzea (+%81), 2.324 milioi euroraino. Horietatik 935 milioi industria bultzatzeko erabiliko dira, Euskal Finantza Aliantzaren bidez. Hau da, aparteko finantza gastu bat izango da, datorren urtean errepikatuko ez dena, eta, beraz, Jaurlaritzak ere halaxe aurkeztu nahi izan ditu kontuak ere: salbuespen gisa.
Izan ere, gastu gehigarri hori kontuan hartu gabe, Jaurlaritzaren gastu «arrunta» %4,1 handituko da heldu den urtean. Hau da, guztira 16.378 milioi euroko aurrekontua izango du bere politikak garatzeko. Kopuru horri egin dio erreferentzia Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak, hain zuzen ere, argudiatuta alderaketa ez litzatekeela bidezkoa izango hurrengo urteetan. Edonola ere, sailburuak adierazi du «errealismoa eta anbizioa» uztartzen dituztela kontuek, eta «Euskadiren egonkortasuna eta sendotasuna» bermatuko dutela.
Hala, hiru ardatz izango dituzte aurrekontuek: zerbitzu publikoak indartzea, herritarren kezkei erantzutea eta hurrengo hamarkadan izango diren eraldaketa ekonomiko eta sozialak bultzatzea. Horretarako baliabideak izango dituela uste baitu Jaurlaritzak: nazioartean «ezegonkortasuna» handia bada ere, espero du 2026an EAEko ekonomia %1,9 haziko dela eta 11.000 lanpostu sortuko direla.
Etxebizitza lehenetsi
Etxebizitza arazoari aurre egitea da Jaurlaritzaren lehentasunetako bat, lehendakariak Eusko Legebiltzarrean aurreratu bezala, eta horri erantzuteko baliabide gehiago jarriko ditu datorren urtean: 482 milioi euro denera (+%6,8). Halere, kopuru horri beste alor batzuetako diru sailak gehitu behar zaizkio. Esaterako, Finantzen Euskal Aliantzaren bidez beste hogei milioi jarriko dira etxebizitza funtserako, eta Ongizate eta Erronka Demografikoko Sailak ere 42 milioi jarriko ditu gazteen emantzipazioa sustatzeko.
Izan ere, Imanol Pradalesek argi du bere agintaldiko ardatzetako bat dela etxebizitzarena, eta, iaz osasun arloan egin bezala, aurten ere aurrekontuen bidez islatu nahi du hori.
Halaber, keinu egin dio Ertzaintzari ere, Segurtasun Sailaren aurrekontua ere %6tik gora handituko baita: 850 milioi euroko aurrekontua izango du denera. Igoera nabarmena izango du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak ere: %6,6. Igoera horren zatirik handiena EHU Euskal Herriko Unibertsitateak hartuko du, 337,4 milioi (%6,3), atzo errektoreak adierazitako kopuruaren gainetik.
Aurrekontuen erdia hartuko dute aurten ere Osasun eta Hezkuntza sailek: %4,1 eta %3 handituko da sail horien diru poltsa, hurrenez hurren. Osasun Sailak 5.327,6 milioi euroko aurrekontua izango du, eta kopuru horren hiru laurden baino gehiago Osakidetzako langileentzat izango dira (4.276,6 milioi), eta gainerakoa azpiegiturak berritzeko erabiliko da, besteak beste. Hezkuntza sailak, berriz, 3.346 milioi euroko aurrekontua izango du guztira. Langileen soldaten diru saila ere %4,5 handituko da, eta bekei bideratutakoa, %5,5.
Haatik, Jaurlaritzak ez ditu sail guztien aurrekontuak handituko. Iaz baino baliabide gutxiago izango dituzte Autogobernu Sailak (-%6,8), Ongizateak (-%4,5), Ogasunak (-%4,2), Elikadura eta Landa Garapenak, eta Turismoak (-%2).
Igoera apalak izango dituzte, aldiz, Lan eta Enplegu Sailak (+%3,3), Mugikortasun Jasangarriarenak (+%2,5) eta Industria eta Trantsizio Energetikoarenak (+%3).
Lehendakaritzari lotuta, zertxobait handituko da Emakunderen aurrekontua, 8,2 milioi euroraino. %2,5 handituko da DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa, eta beste horrenbeste handituko da langile publikoen soldata ere, azken hitza Madrilek badu ere —aurtengo soldatak ez dizkiete oraindik handitu—.
Baliabide propioekin
Inbertsioei ere bultzada berezi bat eman nahi die Jaurlaritzak, eta baliabide propioak erabiliz egingo du hori. Madrildik iaz baino diru gutxiago jasoko baitu Europako funtsei (-%70) eta AHTari (%22) lotuta. Foru aldundien 14.143 milioi euroko ekarpena izango du horretarako, zorraz gain. Izan ere, aparteko mila milioi euroez gain, zor handiagoa hartzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Ez alferrik, BPGaren %0,3ko defizita izango du aurrekontuak. Hala, 1.730 milioi euro bideratuko ditu inbertsioetara, (+%12,4); bi urtean %23 handitu du zenbatekoa.
Jaurlaritzak datorren ostegunean eramango du aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera, tramitazioari ekiteko, eta datorren astean aletuko ditu sailburu bakoitzak bereak. Gobernuko kideek ez dute beste inoren babesa behar aurrekontuak onartzeko, baina D’Anjou prest azaldu da oposizioarekin biltzeko. Hain zuzen, ekainean iragarri zuen aurrekontu egitasmoa aurkeztu aurretik ekingo ziola negoziazioari; gaur, ordea, ez du horren inguruko azalpenik eman, eta EH Bilduk salatu du kontuak ez dituela oposizioarekin landu.