ELAk uste du patronalak ezartzen duela EAJren zerga politika

Sindikatuak gogor kritikatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak iragarritako zerga neurri berriak. ELAren iritziz, EAJren asmoa da Bizkaian «bidea irekitzea», Araban eta Gipuzkoan ere antzeko neurriak ezartzeko.

Aitor Murgia eta Mitxel Lakuntza, ELAk aurkeztu duen azterketarekin, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Aitor Murgia eta Mitxel Lakuntza, ELAk aurkeztu duen azterketarekin, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 22a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri nahi dituen neurri fiskal berriak iragarri zituenetik, trumilka iritsi dira horien inguruko iritziak. Neurrien berri izan eta gutxira, kritiko agertu zen ELA, sindikatuaren idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren adierazpen batzuen bidez. Orain, neurrien azterketa sakonagoa egin du sindikatuak, eta berretsi du ikuspegi kritikoa; haren iritziz, neurri horiek argi uzten dute patronalak ezartzen duela EAJren zerga politika: «Hemen patronalak agintzen du, eta botere instituzionalak, tamalez, men egiten dio».

Aitor Murgia ELAren Azterketa Bulegoko arduradunak banan-banan aletu ditu Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek iragarritako neurriak, baina, lehenago, gogorarazi du «patronalaren interesak lehenesten dituzten zerga politikak» aspaldikoak direla, eta 2025ean «ildo beretik» zihoan zerga erreforma onartu zutela EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. Haren ustez, politika horien ondorioak argiak dira: 2018tik 2025era handitu egin da lan errenten eta kontsumoaren ekarpena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalitatean, eta murriztu enpresek egiten dutena.

Izan ere, 2018an, zergen bidez bildutako diruaren %32,3 lan errentetatik zetorren, eta 2025ean, berriz, %37,1, ELAk emandako datuen arabera. BEZaren bidez bildutakoa %37,7tik %38,3ra igaro da denbora tarte horretan. Baina sozietateen gaineko zergaren bidez bildutakoa murriztu egin da: %9,5 izan zen 2018an, eta 2025ean, berriz, bildutako ehun eurotik zazpi baino ez ziren enpresek jarritakoak. «Langileek eusten diote zerga sistemari», esan du Murgiak.

«Argi gelditu da nork agintzen duen; hemen patronalak agintzen du, eta botere instituzionalak, tamalez, men egiten dio»

MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du zerga abantailak eman nahi dizkiela Bizkaira lan egitera lekualdatzen diren maila handiko profesionalei. Murgiaren iritziz, neurri hori, «enpresen aldeko fiskalitate argi bat» ezartzeaz gain, «diskriminatzailea» da. «Bi maila ezarri nahi dituzte, eta lan berdina egiten duten langileen artean, batzuek abantailak izango dituzte, eta beste batzuek ez», azaldu du Lakuntzak.

Langileak prestatzeagatik enpresek izaten dituzten kenkariak zabaltzea, familia enpresen jabetza belaunaldi batetik bestera pasatzeko erraztasunak ematea, etxebizitzak egiteko kapital pribatuaren inbertsioak saritzea eta antzeko beste neurri batzuk proposatu ditu aldundiak. ELAren iritziz, guztiek antzeko ezaugarriak dituzte: enpresak dira onuradunak, eta azken ondorioa izango da erakunde publikoek diru gutxiago bilduko dutela.

«Gogoratu behar da zergen bidez finantzatzen direla hezkuntza, osasungintza eta bestelako zerbitzu publikoak», esan du Murgiak. «2027ko aurrekontuei begira, batzuk hasi dira moderazioaz eta gastua izozteaz hitz egiten; ez da onargarria horrelakoak planteatzen diren bitartean diru gutxiago biltzea ekarriko duten neurriak proposatzea».

Osasungintza publikoari «erasoa»

Beste neurri batzuk proposatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, ELAk «populistatzat» jo dituenak: esaterako, gimnasioetako eta kirol jardueretako gastuetarako %20ko kenkaria. Baina badago neurri bat ELAri «oso kezkagarria» begitandu zaiona: osasun aseguru pribatu bat egiteagatik eman nahi dituzten abantailak. Osasungintza publikoari egindako «eraso zuzena» iritzi dio ELAk horri: «Osakidetza finantzatzeko baliabide nahikorik ez dute bideratzen, eta, bitartean, osasungintza pribatua sustatu nahi dute. Eta hori hemen ikusten ari gara, ez Madrilen», zehaztu du Lakuntzak.

Proposatutako neurriak «oso ideologikoak eta oso eskuinekoak» dira, Lakuntzaren aburuz, eta helburu bat dute: «bidea irekitzea», geroago Araban eta Gipuzkoan antzeko neurriak hartu ahal izateko.

Gogorarazi du duela hilabete inguru antzeko neurriak proposatu zituela Cebek Bizkaiko patronalak, eta CEOE Espainiako patronalaren buru Antonio Garamendik txalotu egin duela proposamena: «Argi gelditu da nork agintzen duen; hemen patronalak agintzen du, eta botere instituzionalak, tamalez, men egiten dio».

7.500

EAEk zenbat milioi euro gehiago bildu beharko lituzkeen, Europako batezbestekoarekin parekatzeko. ELAk emandako datuen arabera, Europako Batasunean presio fiskala BPG barne produktu gordinaren %40,4koa izan zen 2024an; EAEn, berriz, %31,7koa baino ez. EAEko presio fiskala EBk duenarekin parekatuz gero, 7.500 milioi euro gehiago bilduko lituzkete EAEko erakundeek.

Lakuntzaren iritziz, patronalaren interesak «lehentasun» dira EAJrentzat. Eta joera hori orokorragoa delakoan dago: «Zoritxarrez, inongo alderdik ezin du aurkeztu ELAk eskatzen duen norabidean egindako akordio bakar bat ere; ez Eusko Jaurlaritzan, ez Nafarroako Gobernuan, ezta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan ere».

Etxanobek neurriak iragarri eta gutxira, mota guztietako iritziak plazaratu dira; PSE-EE, esaterako, uzkur agertu da, eta Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSE-EEren Bizkaiko buruak nabarmendu zuen EAJk ez dituela neurri horiek sozialistekin eztabaidatu.

Lakuntzak susmoa du PSE-EEren zalantzek zerikusi handiagoa dutela «eszenaratzearekin» sakoneko desadostasunekin baino. «Edonola ere, benetan ez badaude ados neurri horiekin, izango dute hori frogatzeko aukera, haien esku baitago neurri horiek blokeatzea», erantsi du Lakuntzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA