Bizkaiko Aldundiak iragan astean ezagutarazi zuen «berrikuspen fiskalak» hautsak harrotu ditu, eta aldeko zein aurkako iritziak agertu dira dagoeneko. Aldekoen atalean kokatu du bere burua Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua. Oso alde dagoela esatea zehatzagoa litzateke, txalotu egin baititu. Bultzatzaileak goratu ditu, eta esan du «animoso hutsak» direla eta haien jarrera maite duela. Are gehiago, Araba eta Gipuzkoa antzeko neurriak hartzera gonbidatu ditu.
Gonbit hori izango da hurrengo hilabeteetako ekonomia eztabaida nagusietako bat, eta soka luzea ekarriko du. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, baina, ez da eztabaidaren beldur, eta iragarri zuen proiektua aurrera eramateko asmoa duela eta ez zutela kontuan hartuko Arabarekin eta Gipuzkoarekin modu harmonizatuan egiten den ala ez. Argi utzi zuen egitasmoa Bizkaiarena dela oraingoz.
Erlazionatuta
Etxanobek, ordea, etxeko lanak egin behar ditu lehenbizi. Aurkezturikoa egitasmo hutsa da, eta batzar nagusietako iradokizun eta zuzenketa fase osoa igaro behar du. Bilera horietan neurri fiskalak nola garatu eta aplikatuko diren erabaki behar da. Orduan oposizioaren proposamenak entzungo ditu, baina baita PSE-EE bere gobernukidearenak ere.
Izan ere, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSE-EEren Bizkaiko buruak argitu zuen neurri horiek ez dituztela haiekin onartu, «ezta eztabaidatu ere». Hori ez da sozialisten haserrearen arrazoi bakarra, Torresek nabarmendu baitzuen bere alderdia Arabaren, Bizkairen eta Gipuzkoaren arteko «harmonizazio fiskala» haustearen aurkakoa dela.
Neurri horien aurkezpenak 2025eko erreforma fiskalaren onarpenaren aurrekaria ekarri zuen gogora. Ordukoan, Bizkaian, EAJk eta PSEk alde bozkatuta onartu ziren. Torres kexu agertu arren, urteak dira tankera horretako eztabaidak hedabideen aurrean dituztela, baina gero, bozkatzeko garaian, gobernu akordioa errespetatu izan dute sozialistek.
Horren harira, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak gaur esan du ez duela ulertzen PSEren «ezinegona», eta ez dagoela «inolako gatazkarik» bi alderdien artean. PSEri gogoratu dio gobernu akordioa adostu zutenean horrelako neurriak hartzea hitzartu zutela, neurri horien diseinua urtebeteko lana izan dela eta prozesu osoa gobernuko bazkideekin batera eraman dutela aurrera.Â

Bestelakoa da egoera Araban eta Gipuzkoan, PSEk eta EAJk ez baitute gehiengorik lurralde horietako batzar nagusietan. Beste alderdi bat behar dute gutxienez neurriak onartu eta Jauregiren nahia asetzeko. 2025ean Elkarrekin Ahal Dugu izan zen hirugarren hanka hori. Orduko erreformak, baina, egungoak baino gizarte kutsu nabarmenagoa zuen, eta zaila dirudi ezkerreko alderdi batek egungoak eskaintzen dituen kenkari sorta onartzea.
PPri begira, EH Bildu aurka
Gauzak horrela, begirada guztiek PPrengana jo dute, eta Gipuzkoan behintzat gandorra erakutsi du. Herenegun gai hori izan zuen hizpide batzar nagusietan, eta ziurtatu zuen egungo berrikuspenaren neurrietako asko aurkeztu zituela berak 2025ean, eta orduan ez zirela onartu. Hitzoi kritika doinua eman arren, jarrerak gertu egon daitezkeela ulertu daiteke.
Kritika gogorragoa egin du EH Bilduk, Iker Casanova Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidearen ahotan. «Bizkaia Madrilgo dumping fiskalaren bidetik eramaten ari dira», salatu du. Haren iritziz, neurri horiek «politika fiskal erregresiboen abangoardian» kokatuko dute Bizkaia. «EAJk eta Etxanobek fiskalitate erregresibo baten alde egin dute, errenta eta ondare handienen mesedetan. Helburua lurraldeen arteko desarmonizazioa sustatzea da, edo gainerako herrialdeak dinamika berera erakartzea», gaineratu du.
ELA sindikatuak ere neurriak aztertu ditu, eta kritika zorrotza egin die. Mitxel Lakuntzaren ustez, erreforma horrek bat dator Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen «eskuliburuarekin».
Erreformak, besteak beste, kenkariak eskaintzen ditu enpresen transmisioan lorturiko gainbalioentzat, eta hobari handiak Bizkaira lekualdatzen diren «talentudun» langileentzat. Hurrengo hilabeteetako eztabaidetan zehaztu beharko da zeintzuk diren langile horiek, baina Etxanobek adierazi zuen goi mailako lanbide heziketakoak ere talde horretan sartuko direla.