ELAk Vayven Delivery enpresaren lantaldea subrogatzea eskatu dio Amazoni

Amazonen azpikontrata bat da Vayven delivery enpresa, eta prozedura bat hasi du lantaldeko lan kontratu guztiak amaitzeko.

Amazonen biltegia Trapagaranen, Bizkaian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maddi Iztueta Olano.
2023ko abuztuaren 23a
16:03
Entzun

Amazon multinazionalarekin kontratua amaitu eta gutxira, langile guztien lan kontratuak amaitzeko asmoz, EEE enplegua erregulatzeko espediente bat jarri du abian Vayven Delivery enpresak. ELAK espediente hori errefusatu du, eta enpresako 23 langileen subrogazioa bete dezala eskatu dio Amazoni.

Orain gutxi arte, Vayven Deliveryk mezularitzako eta paketeria txikiko zerbitzuak eman ditu, Amazonen azpikontrata gisa. Baina zerbitzu horiek behin betiko etetea erabaki zuen Amazonek, eta, ondorioz, lantaldeko lan kontratu guztiak amaitzea erabaki du Trapagaranen egoitza duen azpikontratak.

Dena den, ez da kasualitatea izan Amazonek kontratua amaitutzat eman izana. ELArekin epaiketa galdu ondoren, Vayven Deliveryk Bizkaiko Garraioaren hitzarmena aplikatu behar izan zien enpresako 23 langileei. Amazonek epaia ez betetzeko agindu zion Trapagarango enpresari, horrek multinazionalaren kostuak izugarri garestituko zituela argudiatuta. Vayvenek xantaiari kasu egin zion arren, kontratua amaitutzat jo du multinazionalak.

Amazonen jokaera salatu du ELAk. Sindikatuaren arabera, enpleguaren «etengabeko prekarizazioa» bultzatzen du multinazionalak, «bai lantaldean bertan, bai azpikontratazio katean». Horiek hala, Vayven Deliveryn enplegua mantentzearen alde borrokatuko dela ziurtatu du sindikatuak, eta, bide juridikotik jarraitzeaz gain, mobilizazioak ere antolatuko ditu horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.