Uztailaren 23an, Larzabalera (Nafarroa-Beherea) etorri zen INAO Jatorriaren eta Kalitatearen Frantziako Institutua, sor-markaren baldintza bilduma aldatuko ez zela jakinaraztera. Aurretik, sor-markaren buru den Denentzat taldeak proposatu zuen arauen arintzea. Besteak beste, urtean ekoitzi daitekeen ardi esnearen gehienezko kantitateari loturikoa, kabalei ematen zaien bazkaren jatorriari buruzkoa, eta baita bazkaren osaketari dagokiona ere. FNSEA sindikatuak sustengatzen duen talde horrentzat kolpe gogorra izan zen.
Aldi horretan, ELB laborantza sindikatuko kideek Irisarriko Perekabia etxaldean (Nafarroa Beherea) finkatu zuten hitzordua. Bazterreko bista ederren artean, INAOk iragarritako erabakiaren inguruko lainoak barreiatu dituzte, eta arauak ez ahultzea berri ontzat seinalatu.
«Guk hautatu genuen gure etxaldea Ossau-Iratiren arauei egokitzea, eta ez kontrakoa, batzuek nahi luketen bezala». Hasieratik, Patrick Dagorret ELBko kideak prentsaurrekoari doinua eman dio erreferentzia zuzena eginez INAOk erabakitakoaren ondorioz atera ziren esanei. Izan ere, Larzabaleko bisitaren ondotik, sor-markaren buru den Denentzat taldeak iragarri zuen lanean segituko zuela, eta adierazpen horiek ezeztatzeko baliatu dute gaurkoa, «egia» kontatu behar baita, Maritxu Lopepe ELBko kidearen arabera. «Denentzat taldeak egiten duena arduragabea da. Gezurka ari da laborariei, errealitatearen kontrakoa sinetsaraziz». Bestalde, Lopepek berretsi Ossau-Irati sor-markaren baldintza bilduma ez dela kanbiatuko. «Ateak hetsiak dira. INAOk ezin argiago azaldu baitu sor-markaren arauak ez direla aldatuko».
«Denentzat taldeak egiten duena arduragabea da. Gezurka ari da laborariei, errealitatearen kontrakoa sinetsaraziz»
MARITXU LOPEPE ELBko kidea
Sor-markaren buru den taldeari kritika egiteaz gain, ELBk bere engaiamenduak oroitarazi ditu. Sor-markaren hasieratik, araudi serios bat defendatzen du. Hain zuzen ere, «kalitatezko produktua, lurrarekiko lotura, esnearen prezio duina eta, ondorioz, hazlearen lansaria» bermatzen dituenak. Bere ildoari eutsiz, sindikatuak sor-markaren baldintza bildumari jarraituko diola segurtatu du. Horren karietara, Dagorretek erran du Denentzat taldeak sor-marka «ahuldu» nahi duela. «Sor-marka laborariendako xantza bat da, gure lana babesten baitu. Haatik, Denentzat taldea sor-markaren kontrako posizioan dago».
Hauteskundeak ardatz
Jean-Claude Barreix ELBko kideak ere hitza hartu du INAOren funtzionamendua azaltzeko. Frantziako Estatuan Ossau-Iratiren gisarako 50 sor-marka inguru direla zehaztu du. Orduan, batek aldatzen baditu arauak, oreka osoa zalantzan jarriko litzateke. Gainera, azpimarratu du sor-markaren arauak finkatu dituztenak laborariak direla, haiek bezala. Bestalde, oroitarazi du INAOk sor-marka kudeatzen duen taldeari galdegin ziola sor-markaren gobernantzan «egonkortasun» bat finkatzea. «Sor-markak aitzina egiteko, hitz egin beharko da, eta gu, ELBn, prest gaude horretarako. Zorigaitzez, badirudi haiek [Denentzat taldeko kideak] jada hauteskunde kanpainan sartuak direla».
«Sor-markak aitzina egiteko, hitz egin beharko da, eta gu, ELBn, prest gaude horretarako. Zorigaitzez, badirudi haiek [Denentzat taldeko kideak] jada hauteskunde kanpainan sartuak direla»
JEAN CLAUDE BARREIX ELBko kidea
Larrazkenean hautatuko dituzte berriz sor-markaren hiru «familiak» eta haien bozeramaileak: etxeko ekoizleak, esnea saltzen duten laborariak eta esnetegiak. Hauteskundeak garrantzi handikoak izanen dira sor-markaren funtzionamenduarentzat. Preseski, Lopepek Denentzat taldearen jukutria eta desinformazio kanpaina salatu ditu. «Denentzat taldea berriz hasi da desinformazioa egiten, laborariak manipulatuz. Guk haiek bezain azkar erran behar dugu haien hitzak gezurrak direla».