Elkargik dio enpresak merkatu berrietan inbertitzen ari direla

Finantza erakundeak 163 milioi euroren bermeak eman ditu aurten, iaz baino %45 gehiago. Industriako inbertsioetan erabilitakoak %67 hazi dira.

Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusia eta Lander Artetxe presidentea, asteazken honetan Donostian egindako agerraldian. ELKARGI
Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusia eta Lander Artetxe presidentea, asteazken honetan Donostian egindako agerraldian. ELKARGI
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 21a
14:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hodei beltzak ikusten dira, ziurrenik ekaitzak ere helduko dira, baina eguzkia aterako da». Ekonomiaren gaur egungo ezegonkortasun egoerari baikortasunez erantzun dio Lander Artetxe Elkargiko presidenteak, eta horretarako motiboak badituela nabarmendu du. Adierazi duenez, Hego Euskal Herriko enpresak ez daude geldirik: urte hasieran mailegu eskaerek gora egin dute; inbertitzen ari diren seinale. «Urte hasiera indartsua izan dugu. Enpresak lanean ari dira, eta haztea dute helburu».

Mailegu horiek bermatzeko zeregina du Elkargik, eta haren jarduera termometro ona izaten da enpresen egoera zein den neurtzeko —Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ditu bulegoak, eta beste bat Madrilen—. Urteko lehen lauhilekoan 163 milioi euroren eragiketak finantzatu ditu; iaz epe berean baino %45 gehiago, eta enpresek inbertitzeko erabili dute guztizko horren %38: denera, 62 milioi euro, iaz baino %67 gehiago. «Hori oso seinale ona da», azpimarratu du Zenon Vazquez zuzendari nagusiak.

«Enpresek kolpe handiak jaso dituzte azken bost urteetan; gero eta argiago dute kolpea edonondik etor dakiekeela»

ZENON VAZQUEZElkargiko zuzendari nagusia

Datu makroekonomikoek eta beste eragile batzuek aurreikusten dutena baino egoera «itxaropentsuagoa» marraztu dute Elkargiko buruek. Badakite zaila izango dela lehen lauhilekoko dinamikari eustea urte osoan, baina ez dute zalantzarik egiten: «Urtea positiboa izango da».

Aitortu dute Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsi izanak enpresak maileguak eskatzera animatu dituela, «bereziki urte hasiera honetan». Bestalde, adierazi dute apalduz joan dela AEBek abiatutako merkataritza gerraren eta muga zergak igotzeko iragarpenen «hasierako kolpea». «Oraindik ziurgabetasuna oso handia da, baina gu baikorrak gara».

Asia eta Ekialde Hurbila

Vazquezen arabera, COVID-19aren pandemiatik, enpresek jarrera aldatu dutela nabaritu dute. «Kolpe handiak jaso dituzte azken bost urteetan —etenak hornidura kateetan, energia krisia eta prezioen igoera...—. Enpresak gero eta argiago dute kolpea edonondik etor dakiekeela». Antzera mintzatu da Artetxe: «Azken 50 urteetako garairik zailenak igaro dituzte: oraingo hodei beltzak ez dira duela bost urtekoak bezalakoak».

Etor daitekeenari aurre egiteko prestatzen ari ote diren galdetuta, neurri batean baietz diote Elkargiko buruek. «Historikoki, Euskal Herriko enpresa ertain eta txikiek kaudimen eta zorpetze maila txikiak izan dituzte. Zerbait kulturala da», azaldu du Vazquezek. Hala ere, azpimarratu du horrek ez duela zertan jarrera defentsiboa izan, eta industriaren jokabidea jarri du adibide moduan.

Lehenengo lauhilekoan, bigarren sektoreak jaso du finantza bolumenik handiena Elkargiren partetik —48 milioi euro—, zerbitzuen atzetik, eta aurreko urtearekin alderatuta %59 hazi da. Eta nora doa diru hori? ««Egitasmo, produktu eta bezero berrietara, baina bereziki internazionalizaziora», nabarmendu du Vazquezek.

Beste merkatu batzuk bilatzea bihurtu da enpresa gehienen lehentasuna. «Horixe da gaur egungo ziurgabetasun errealitateari aurre egiteko konponbidea», gaineratu du Artetxek. Eta honako hau gehitu du Vazquezek: «Oso garrantzitsua da internazionalizazioa eta dibertsifikazioa helburu duten egitasmoak garatzea, eta are gehiago orain».

Elkargiko buruen arabera, bertako enpresak gero eta herrialde gehiagotara ari dira zabaltzen beren produktuak edo beren jarduera. Alemania, Frantzia, Mexiko eta Ekialdeko Europa izan dira ohiko merkatuak; «autogintzarekin loturikoak», Vazquezen arabera. Nabarmendu duenez, orain beste sektore batzuetako enpresak ere ari dira merkatu horietan zabaltzen, baina, bereziki, orain arte oso gutxitan lan egin den herrialde batzuen ateak ari dira irekitzen: «Asia hego-ekialdekoak, Koreakoak, Japoniakoak, Ekialde Hurbilekoak...».

«Denetariko operazioak» ari dira egiten herrialde horietan, Elkargiko buruaren hitzetan: «Esportazioak egiten, produkzio fabrikak zabaltzen edo hango enpresak erosten, besteak beste». Eta ohartarazi du merkatu berriak izanik «beste era bateko arriskuak» sor daitezkeela, hango monetaren, zergen eta abarren ondorioz.

Horretan laguntzeko, Elkargik nazioarteko finantza aholkularitza zerbitzu bat abiarazi du. «Nazioartekotzea kanpoan saltzea da, bai, baina baita nola kobratu jakitea ere. Europako ingurunetik ateratzen zarenean, hori zaildu egiten da. Proiektu bat ixten denetik kobratzen den arte, litekeena da monetaren balioa aldatzea. Ez dago esperientzia okerragorik lehen esportazioa egitea eta dirua galtzea baino», ohartarazi du Artetxek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.