Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua kentzeko exijitu dio ELAk gobernuari

Ezinbestekotzat jo du Nafarroako Parlamentuak UGT, CCOO eta CENen finantzaketa publikoa ikertzea. EH BIlduk «larria» deritzo foru gobernuak enplegu planerako kontseilura deitu nahi izateari

Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak iragan ostiralean egindako bilera. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Hautsak harrotu dira laukoaren barruan. Nafarroako Gobernuak 2016tik 2019rako enplegu plana hitzartu nahi du gizarte eragileekin, eta negoziaziorako foro gisa UPNk eta PSNk 2014ko udazkenean sortutako Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua hautatu du. EH Bilduk larritzat jo du gobernuak «aldebakarreko erabakia» hartzea, eta Ahal Dugu-k nahiago du iritzirik ez eman Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordearen azalpenak entzun arte. Geroa Baik eta Ezkerrak, berriz, ontzat jo dute erabakia. Laukotik kanpo, ELA oso kritiko agertu da,eta exijitu du berehala kontseilua desegiteko. Sindikatuaren arabera, UGT, CCOO eta CENek urtetan osatutako sareari zilegitasuna emango zaio bestela.

Oso testuinguru berezian dator eztabaida politikoa. Diario de Noticias egunkariak azken hiru egunetan kaleratutako informazioak egiaztatu du UPNren gobernuek 1999tik 2015era milioika euro bideratu zituela CCOO, UGT eta CEN finantzatzeko. Salaketa hori aspaldidanik egin dute ELAk eta LABek, eta Nafarroako Kontu Ganberak ere bere egunean kaleratu zuen 2008tik 2013ra 115 milioi euro jaso zituztela.

Egunkariak kaleratutako informazioak susmoak egiaztatu ditu, eta iraganeko salaketetan sakondu. Hala, datu berrien arabera, UGTk eta CCOOk UPNren gobernuarekin izenpetutako hitzarmenen bidez bere egiturazko gastuen %60 eta %40 finantzatzen zituzten, hurrenez hurren. Hartara, diru publikoarekin sindikatuen garbiketa,telefono, informatika eta fotokopia gastuak ordaintzen ziren. CEN patronalak egitura txikiagoa badu ere, haren gastuen erdia inguru finantzatzen zen diru publikoarekin.

Diario de Noticias-en arabera, hitzarmen horietan bi sindikatuetako langileen zein zuzendari batzuen soldaten zati bat ordaintzen zuen gobernuak. Adibidez, hitzarmen bakoitzean UGTko zuzendari bat jartzen zuten eta 50.000 euroko soldata gordinaren %3 eta %15 artean ordaintzen zioten; teknikarien kasuan, soldataren %50 eta %80 artean. CCOOeko administrazioko langileen izenak sartzen ziren hitzarmenetan, eta soldaten %50 pagatzen zieten. CENek, 2015ean, bere langileen soldatak ordaintzeko 135.000 euro jaso zituen. Gainera, bi sindikatuon jardunaldiak ere finantzatu dituzte. Hitzarmenok kendu dira, baina aurtengo aurrekontuetan, oraindik CENek 720.000 euro jasoko ditu.

ELAk ziurtatu du Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua«finantzaketa sare irregular bat» bihurtu dela, eta horregatik desegin beharra dagoela, «ez bada sare horrekin konpromisorik hartu nahi». Sindikatuak «ezinbestekotzat» jo du Parlamentuak ikerketa batzordea irekitzea 1998tik 2015era hiru erakundeek jasotako diru guztia aztertzeko. Kaleratu berri den informazioa zabala izanagatik, praktika horrek denbora luzez iraun zuela gaineratu du.

Ruiz: «Ez da baliagarria»

ELAk eta LABek begi txarrez hartu dute Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak ostiralean 2019rako enplegu planaren eztabaidan parte hartzeko gonbita egitea. EH Bildu ere «harrituta» agertu da planteamendu horrekin, lau alderdien artean foro horrekin zer egin eztabaidatzeko dutelako oraindik. Bakartxo Ruizi larria iruditzen zaio gobernuak alde bakartasunez jokatu eta enplegu planaren eztabaida kontseilu horretara eraman nahi izatea: «Parte hartze prozesu zabalagoa eduki beharko genuke, guretzat ez baita erreminta baliagarria».

Geroa Baik ukatu du bere kasara jokatu dela, eta eztabaidarako prest azaldu da. Ezkerrak, berriz, ELA eta LAB kritikatu ditu: «Bere burua baztertu dute. Ez dugu ulertzen zergatik». UPN pozik azaldu da ika-mikarekin: «Ikuskizuna hastera doa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.