Haserre daude Bilboko eskolak eta udal eraikinak garbitzen dituzten langileak: otsailetik, bost astez greba egin dute, eta ekainera arte beste hiru greba aste egiteko deialdia dute aurrean. Diotenez, enpresak, FCC multinazionalak, langileen «prekarizazioa» eta soldata arrakala bultzatzen ditu, eta «blokeatu» egiten du egoerari irtenbide bat topatzeko edozein negoziazio. Horregatik, enpresari eskatu diote negoziatzera eser dadila, eta Bilboko Udalari ere «erantzukizuna bere gain hartzea» galdegin diote.
Garbitzaileek agerraldia egin dute ELA, LAB eta ESK sindikatuen eskutik, euren egoeraren berri emateko. Azaldu dutenez, Bilboko eskolak eta udal zentroak garbitzeko lana azpikontratatuta dauka Bilboko Udalak, eta FCC multinazionalak egiten du, Bio Eraikigarbi ABEE izenpean. Enpresak «prekarizatu» egiten dituela salatu dute garbitzaileek: «Astean hogei ordura iristen ez diren lanaldiak eskaintzen ditu, gure bizkar lan karga jasanezinak jarri, eta erretiratzen direnen lanpostuak kendu egiten ditu».
Gainera, langileak sexuagatik «diskriminatu» egiten dituela salatu dute garbitzaileek: «Kontratatzen dituzten gizon apurrei lanaldi osoak ematen dizkiete, eta emakumeak, aldiz, lanaldi lotsagarrietara kondenatzen dituzte».
Lan berdina, baldintza desberdinak
FCC enpresak bere gain du Bilboko kaleetako garbiketa ere, oraingoan Bilbogarbi zerbitzuaren bidez. Eta paradoxa baten berri eman dute garbitzaileek: kasu bietan Bilboko Udala da zerbitzua azpikontratatu duen erakundea, enpresa berak kudeatzen ditu bi eginkizunak, eta bietan egin beharreko lana antzekoa da, baina eraikinetako garbitzaileen lan baldintzak kale garbitzaileenak baino askoz kaskarragoak dira: kaleak garbitzen dituztenek, lanaldi luzeagoekin, eraikinetako garbitzaile batzuek baino %80 gehiago jasotzen dute. «Plaza bat garbitzeak ikastetxe bateko patio bat garbitzeak baino diru gehiago balio al du?», galdetu dute.
Euren lanaren aldarrikapena egin dute garbitzaileek: «Guk garbitzen ez badugu, ezinezkoa izango litzateke ikastetxeetan eskolak ematea, udal zentroetan yoga egitea, liburutegietan ikastea eta Erriberako merkatuan erosketak egitea». Gogorarazi dute udal zentroetako txukuntasunaren atzean «06:00etan beharrean aritzen diren langileak» daudela, haien lana askotan ikusezina izanagatik ere.
Euren eskakizunen berri eman dute udal eraikinetako langileek: kaleak eta eraikinak garbitzearen artean dagoen soldata arrakala amaitzea, kale garbitzaileek dituzten aparteko ordainsari berberak izatea, enpresak ez egitea astean 25 ordu baino gutxiagoko kontraturik, txanda kontratuaz baliatu ahal izatea, euskara plan bat negoziatzea eta lanpostu hutsen sistema bat ezartzea, «lankideak erretiratzen direnean edo lanpostu libreak geratzen direnean lanaldiak edo lanpostuak hobetu ahal izateko».
FCC enpresa ez ezik, Bilboko Udala ere egin dute garbitzaileek egoeraren erantzule, eta «erantzukizuna bere gain hartzeko» eskatu diote: «Argi eta garbi diogu Bilboko Udalak diruz laguntzen duela soldata arrakala».
Agerraldia amaitutakoan, langileek Bilboko Zazpikaleetara jo dute, eta, han, Bolsa auzo etxea hartu dute, «garbitzaileen borroka ikusarazteko» asmoz.