Petrolioa, gasa eta Ormuzko itsasartea guztien ahotan dauden egun hauetan, mundua dagoeneko elektrizitatearen aroan dagoela berretsi du gaur IEA Nazioarteko Energia Agentziak, urteko bere txosten nagusian: 2025ean, argindarraren eskaria bi aldiz azkarrago handitu da energia eskari orokorra baino, elektrifikazioaren zabalkundea —eta adimen artifizialarena ere— islatuz.
Erregai eta energia teknologia guztien eskariak handitu dira 2025. urtean, baina hazkunde erritmo oso desberdinak izan dituzte. Petrolioaren eta gas naturalaren eskarien hazkuntza nabarmen moteldu da, baita ikatzarena ere. Isuri gutxiko eguzki energiak, energia eolikoak, nuklearrak eta hidroelektrikoak sortutako argindarrak bete du energia eskari globalaren igoeraren %60. IEAk dagoeneko antzemana zuen joera hori aurreko urteetan, eta 2025ean berretsi egin da baieztapen hori.
Aurretik zetozen joerei ere lagundu die ekonomiaren iazko bilakaerak. Agentziaren arabera, munduak jarraitzen du gero eta energia gehiago eskatzen, baina iaz geldotu egin zen hazkunde erritmo hori, eta igoera soilik %1,3koa izan da.
Hazkunde ekonomiko global apalagoa dago moteltze horren oinarrian, eta eskualde batzuetan energian intentsiboak diren industrien garapen txikiagoa. Eguraldiak ere izan du zeresana: tenperaturak oro har aurreko urtean baina freskoagoak izan ziren, eta, ondorioz, hozte sistemak gutxiago erabili ziren; Indian, adibidez.
Beste arrazoi bat ere aipatu du IEAk energia eskariaren moteltzea esplikatzeko: energiaren erabilera efizientea bizkortzen ari diren hobekuntzak.
DATUAK
%0,4Energiari dagozkion karbono isurien hazkundea. Berriz ere, karbono dioxido isuriek errekorra jarri zuten iaz. Hori bai, hazkundeak moteltzen jarraitzen du, eta iaz ere apala izan zen, %0,4 ingurukoa, tasarik txikiena 2021az geroztik. IEAren arabera, lehen aldiz 90eko urteez geroztik, isuriak gehiago handitu dira ekonomia aurreratuetan besteetan baino. AEBetan isuriak handitu egin dira, eta Europan gutxitu. Txinan ere, emisioak %0,5 murriztu dira, baita Indian ere, montzoi goiztiarrarekin ikatz gutxiago erabili dutelako.
%20Ibilgailu elektrikoen salmenten hazkundea. IEAren arabera, 2025ean 21 milioi auto elektriko salerosi dira munduan, eta, beraz, saldutako lau ibilgailu berritatik bat elektrikoa izan da. Txinan, autoen erdiak baino gehiago izan dira elektrikoak, gehien-gehienak bateria hutsekoak. Europako Batasunean ere %30 handitu da auto elektrikoen salmenta. AEBetan, aldiz, aurreko urtean baino ibilgailu elektriko gutxiago saldu dira (-%2), erosketarako diru laguntzak desagertu direlako, besteak beste.
420Gigawattak ahalmen nuklearrean. 2025ean, Txinak, Indiak eta Errusiak erreaktore nuklear bana jarri dute martxan, eta hiru gigawatt gehitu energia sortzeko ahalmen nuklear globalari. Hala ere, beste hainbeste, hiru gigawatt, murriztu zen ahalmena beste tokietan, batez ere Belgikari esker. Gaur egun, ahalmen globala 420 gigawattetan mantentzen da, eta erreaktore nuklearrak daude 30 herrialdetan. Hamar erreaktore eraikitzen hasi ziren iaz: bederatzi Txinan, eta bat Errusian.
Petrolioa
Ezin jakin Ormuzko itsasartea noiz arte egongo den itxita, ezta hango energia azpiegituretako kalteak zenbaterainokoak izan diren. Munduko petrolio eta gas ekoizpenaren %20 hartzen du Persiar golkoak, eta, hari buruzko ziurgabetasuna zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta handiagoak eta iraunkorragoak izango dira aldaketak energia sistema globalean.
Nolanahi ere, petrolioari dagokionez, iazko urteari begira, IEAk ikusi du petrolio eskariaren hazkundea gero eta motelagoa dela (eguneko 0,65 milioi upel). Agentziaren ustez, bi dira horren arrazoi nagusiak: batetik, lehengai petrokimikoen —naftaren, petrolio gas likidotuaren...— hazkunde ahula, batez ere Txinan; eta, bestetik, ibilgailu elektrikoen zabalkundea.
IEAren arabera, iaz petrolioaren eskari globalari eutsi dion faktore garrantzitsua haren prezio txikia izan da, baina hori aldatu egin da Irango gerrarekin.
Gas naturala
Hazkundea txikiagotu egin da gas naturalaren eskarian ere, 2024ko %2,8tik iazko %1era. Horretan zerikusia izan dute industriaren jardun ahulagoak eta gas natural likidotuaren salneurri garestiak. Gas eskaria gorantz bultzatu du AEBetan eta Europan negua ohi baino hotzagoa izan izanak. Europan, gas eskariak %3 egin du gora, berokuntza beharra ez ezik argindar sorkuntza ere handitu egin delako gas zentraletan, haizea eta euria gutxiago izanik. Asian eta Pazifikoan, aldiz, moteldu egin da gasaren eskariaren hazkundea.
Ikatza
Ikatzaren kontsumoa %0,4 baino ez zen goratu 2025ean. Argindar sorkuntzan, deigarria da hazkunderik handiena AEBetan gertatu zela (%10): gas garestiak argindarra ikatza errez sortzea eragin du. Munduan ikatz gehien kontsumitzen duen herrialdean, aldiz, Txinan, eskaria egonkor mantendu da, eta, lehen aldiz 2015etik, jaitsi egin da argindar sorkuntzarako ikatzaren erabilera. Indian ere beste hainbeste gertatu da, montzoia ohi baino goizago eta indartsuago iritsi zelako. Europan gero eta gas gutxiago erabiltzen da argindarra sortzeko, baina iaz moteldu egin zen jaitsiera hori, IEAren ustez, energia eolikoaren eta hidroelektrikoaren ekoizpen txikiagoarengatik.

Eguzkia eta haizea
Urtetik urtera, energia berriztagarrien hazkundea gero eta ikusgarriagoa da, batez ere energia fotovoltaikoarena. Munduan argindar eskariak iaz izandako hazkundearen %70 bete dute eguzki plakek. Beste esaldi biribil bat ere eman dute energia berriztagarriek: munduan sortzen den argindarrean, jada ikatzaren pisu bera hartu dute, batera kontatuz gero, eguzki plakek, haize errotek eta energia hidroelektrikoak.
Iaz egindako energia berriztagarrien ezarpenetan, hiru laurdenetik gora eguzki plakak izan dira, eta %20 haize errotetan egin da.
Txina izan da, beste behin, energia berriztagarrien zabalkunde handieneko herrialdea. Iaz, 370 gigawatt jarri zituen abian eguzki plaketan eta 117 gigawatt haize errotetan, %13 eta %48 gehiago, hurrenez hurren. India da eguzki eta haize energietan hazkunde handia duen herrialdea, urte bakarrean ahalmena %60 handituta. Europan, 85 gigawatt energia berriztagarri gehitu da orotara sistemara, 2024an baino %10 gehiago.