Energia gutxiago kontsumitzeko joera sendotzen ari da, eta aurten jaitsiera oso handia izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) nabarmendu duenez. Gas naturalaren kontsumoa murriztu da gehien: %26,4 irailera arte. Garraiorako erregaiena %4,5, eta elektrizitatearena %2,5.
Gasarenak badu azalpen nagusi bat, EEEren arabera. Ziklo konbinatuko zentralak gutxiago erabili dira, energia berriztagarrien mesedetan, eguraldiak lagunduta —haize bolada eta eguzki egun gehiago—. Hala, zentral termikoek iazko aldi berean baino %57,3 gas gutxiago erabili dute elektrizitatea sortzeko. Gainerako sektoreetan ere gasaren kontsumoa murriztu egin da: %14,7 etxeetan, %6,6 zerbitzuetan eta %4,9 industrian.
Aurreko urtearekin alderatzeaz gain, EEEk pandemia aurreko kontsumoak ere konparatu ditu, 2019koak. Eta kasu horretan jaitsiera ere handia da, %19,6koa. Europako OCDEko herrialdeen batezbestekoarekin konparatu du, halaber; %9koa izan da, batez beste. Iaz, Ukrainako gerra dela eta, gas kontsumoa %15 murrizteko eskatu zuen Europako Batzordeak, eta aurten ere ahalegin hori egiteko eskatu die estatu kideei.
Kontsumo jaitsiera azaltzen duen arrazoietako bat prezioa izan ohi da. Ukrainako gerragatik, gasarenak gorabehera handiak izan ditu azken urtean, eta horrek eragina izan du hilabete batzuetako kontsumoan, baina, oro har, prezioak behera egin du. Iazko irailean baino %75 merkago dago handizkako merkatuetan, eta 2021eko iraileko antzeko mailan, Europan erreferentziazko merkatua den Herbehereetako TTFren prezioak kontuan hartuta. Gogoratu behar da iazko abuztuan goia jo zuela gasaren prezioak, Errusiak Nord Stream gasbidearen emaria moztu zuenean, arazo tekniko batzuk argudiatuta.
Elektrizitatea, antzera
Gutxiago murriztu da elektrizitatearen kontsumoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz eta jaitsi ere egin den: %2,5 aurten. 2019arekin alderatuta, %6,9.
Aurten, nahiko antzekoa izan da arlo guztietan: %3,2ko murrizketa zerbitzuen sektorean, %3,1ekoa eraikinen argiztapenean, %2,9koa etxeko erabileran, eta %2,6koa industrian. Salbuespen bakarra siderurgia izan da, % 3 hazi baita —sektore horrek Euskal Herrian dituen labe guztiak elektrikoak dira—.
Argindar kontsumoaren kasuan, EEEk ez du konparaziorik egiten beste lurralde batzuekin. Prezioari dagokionez, kurbak behera egin du urte osoan: handizkako merkatuan megawatt-orduaren prezioa iazko irailean baino %26,7 merkeagoa da.
Garraioko erregaien kontsumoa ere murriztu egin da — EEEk ez du kontsumo partikularra neurtzen —: %4,5 gutxiago, urteko lehen hiru hiruhilekoetan. Aldea dago erregai motaren arabera. Gasolinarenak %14,1 egin du gora, baina garraioan gehien erabiltzen den erregaia, eta alde handiarekin gainera, gasolioa da, eta hori % 6,7 murriztu da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio sektoreak pandemiaren aurreko urtean baino % 8,3 erregai gutxiago kontsumitu du.
Kasu horretan ere prezioa ez da arrazoi nagusia. EEEren energia behatokiaren arabera, gasolioaren prezioa jaitsi egin da aurten, eta iazko irailean baino %10,1 merkeago dago. Gasolina, aldiz, %2,6 garestiago. Petrolioaren prezioa % 4 igo da.
Petrolio kontsumoari dagokionez, %1,1 igo da mundu osoan. Baina Europan %0,5 jaitsi da, AEBetan %1,7 eta Txinan %3,9.